Arazoari arazo dabiltza aspalditik abeltzainak. Esne, edo haragi ustiapenen bideragarritasun ekonomikoa kolokan dago aspaldi, baina arazoek ez dute etenik. Gaixotasun hemorragiko epizootikoa delakoarekin dabiltza bueltaka orain, behiak ziztatu eta mingaina eta muturra handitzen dien ziztada, behiak jan ezinik utziz. Egoeraren berri zehatz eman digu Oiamar baserriko abeltzainak.
Nola izena du gaitzak, Iñaki?
Gaixotasun hemorragiko epizootikoa da gaitzaren izena. 2022ko azaroan izan genuen horren berri, Andaluzian azaldu zelako. Urrun geratzen zitzaigun, hango beroa, hemen beste klima bat genuela… Pixkanaka iparrera egin du moskitoak, eta Gipuzkoan jo du gogor azken astetan. Gaztela-Leonen ere jo zuen fuerte, Kantabria aldean gero, eta orain guregana iritsi da.
Zer da, zehazki, moskito hori? Edo zer egiten du?
Moskitoaren ziztadak eragiten du gaitza. Ez da behi batetik bestera kutsatzen den gaitza. Kutsatzeko beharrezkoa da ziztada. Gaitz berria da, eta albaitariak, Foru Aldundiko teknikariak, gu geu, denak larri samar gabiltza, ez baitakigu gauza handirik moskitoaren inguruan. Hilabete da behiak ziztatzen hasi zirela, eta egindako analisiek emaitza deigarriak eman dituzte. Behi bat kutsatzen bada, ondoko bospasei abere immunizatuta daudela, adibidez. Alegia, behiaren immunologiak berak antigorputzak sortu dituela, dagoeneko, moskitoaren ziztadaren aurka.
Behi denei berdin eragiten al die?
Ez, haragi behiengan askoz eragin handiagoa dauka. Esne behien kasuan, momentuz kasu puntual batzuk bakarrik jaso dira. Haragikoen kasuan belazeetan dabilena harrapatu dute, zaharrak gazteak baino gehiago… gaitz berria da, eta ziurtasun gutxi dauzkagu momentuz. Zergatik erasotzen duen behia? Ez dakigu.
Zuena esne behien etxaldea da.
Bai. Momentuz ez dugu arazorik eduki, baina urduri gaude. Zer den ez dakigunez, zaintza bereziarekin gabiltza, behien muturra eta mingaina egunean bitan artatuz, inflamaziorik ba ote den ziurtatzeko. Haragi behien etxaldea dutenentzat lan zailagoa da, abereak hiruzpalau lur sailetan izaten dituztelako banatuta. Egun pare batean triskantza handi samarra pasatako ustiapen pare bat badira, eta ezin dugu lo hartu.
ENBA sindikatuko kidea zara, ze aholku ematen diezue abeltzainei?
Gaitzaren susmoak ikustean albaiteriari deitzeko, lehenbailehen, dianostikoa egin eta Gipuzkoako Foru Aldundia jakinaren gainean jartzeko.
Nola sumatzen duzue moskitoak behia ziztatu duela?
Mingaina eta muturra handituta dituelako. Ordu batetik bestera nabaritzen da moskitoak behia ziztatu duela. Hala ziurtatzen bada, inflamazioaren aurkako botikak eman behar zaizkio. Ziztadak zauriak egiten ditu behiaren ahoan, eta egiten dituenean ultzerak eta infekzioak sor daitezke. Zaurien kasuan behiari antibiotikoak ematea ere gomendatzen dugu, ziztada bitartez.
Hilkorra al da ziztada?
Bi egunetan hildako behien kasu batzuk ezagutu ditugu. Behia gaixo noiztik zegoen ere ez dakigu ziur.
Beldurtuta al zaudete?
Beno… Gipuzkoako Foru Aldundiko albaitariak dioenez berari animo pixka bat eman dio behi denak kutsatuko direla jakiteak, azkar pasako dela. Urola Garaia eta Debagoienan hasi zen, hilabete eskas atzera. Iraila bukaeran eragina murriztu egin da, eta Goierri aldera mugitu, eta azken bi astetan gure ingurura etorri omen liteke gaitza.
Botika, albaitari eta beste gastuak ordaintzeko laguntza eskatu zenuten, eta Aldundia aztertzen ari dira.
Bai. Botikak ez dira garestiak, egun bateko tratamendua behiarentzat 10-15 bat euro izango dira. Albaitariaren bisita garestiagoa da, eta gastu hori Aldundiak bizkar gain hartzea eskatu dugu. Hiltzen den aberearengatik jasoko dugun dirusariak arduratzen gaitu gehien. Espainiako Ministeritzak ez du ezer arautu, Kantabriako Gobernuak bai, EAEn momentuz ez dago ezer. Gaixotasun ezezagun baten ondorioz hildako aberea denez, gaitza identifikatu behar da derrigor, eta horretarako abeltzainek partea ematea derrigorrezkoa da. Entzuna naiz, baserritarren bati: ‘ez dago tratamendurik, zertarako emango dut partea?’. Aberea hiltzen bada, eta gaixo egon zitekeela dioen agiririk ez badago, kalte-ordainik ez da jasotzen. Laguntzena etorriko da, baina gaitzari aurre egin behar zaio orain, parte emanda.
Abeltzainen bati entzun nion, hotz bolada serio bat dela, moskitoa akabatzeko botikarik onena. Ados zaude?
Bai, baina ez da bizpahiru eguneko eurite edo freskatze bateko kontua izango. Abendua edo ilbeltzeko izozte potolo batzuk etorri arte moskitoak gurean aise iraungo duela esango nuke. Moskitoak, gu bezala, prestatu egiten dira, eguraldi hotzari eusteko.
Txertoren bat izan al liteke soluzioa?
Ez dakit ba… Bi hamarkada atzera mingain urdinen gaitza ere pasa genuen. Txertoa sortu zuten, baina irudipena daukat erremedioa gaitza baino okerragoa izan zela, hainbat abere hil baitziren; batez ere ardiak. Neurri ezberdinak hartzen dira administrazioa bat edo bestea izan. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian gaitza azaldu eta berehala etxaldeak itxi dituzte, gurean horren arrastorik ez dago. Mingain urdinaren gaitzarekin Espainian txertatzeko obligazioa jarri zuten, Ipar Euskal Herrian ez… Ez dugu uste txertoa izango denik moskitoaren gaitza konpontzeko botika egokia.
Aldaketa klimatikoa gora eta behera, tamainako gaitzekin ohitzen hasi beharko dugu, ezta?
Dudarik ez, eta azkar.
Bestelakoan, zer moduz zabiltzate sos kontutan?
Esne behi ustiapenen kasuan dozena erdi bat hilabete nahi txukun ibili gara, baina berriz ere lehenagoko neurrietara bueltatu gara. Irauteko komeriak, eta goitik sekulako presioak esne litroaren salneurria jaisteko. Haragi ustiapenak okerrago daude, ez baita salneurririk igo azken urtetan. Kontsumoa ere jaisten ari da, etengabe. Bertako produktuari, labeldunari eustea da gakoa, baina banatzaile handiek ez dute bertako produktuagatik gehiago ordaindu nahi. Labeldun marka, txapela eta ikurrina jarri nahi dituzte, produktuetan, baina kanpoko ekoizpenaren salneurriaren pare, eta hori ez da posible. Bertako produktua nahi dute, bertakoa izan gabe. Uruguai edo Poloniako produktua ekarri, ikurrina jarri, eta aurrera. Haragiarekin egiten ari dira, baina fruta eta berdurarekin ere bai. Okerrenak, gainera, bertako produktuak goratzen dituzten marka handiak dira: BM eta Eroski.
Hitz gogorrak dira horiek, Iñaki…
BMrena lotsagarria da. Ikurrina bai, baina generoa kanpokoa. Eroskik, adibidez, labeldun generoa badauka, kontrolen bat badago, baina BM-ren kasuan ez. Super bertakoa esaten dute, baina letxuga ez da Euskal Herrikoa. Beraiek esango dute eurentzat Kantabria eta Errioxako ekoizpena ere bertakoa dela. Esnea ere gurea, bertakoa jartzen dute, baina Galiziakoa saltzen dute. Sal dezatela nahi duten tokikoa, baina ez dezatela esan bertakoa dela. Gainean egon behar dugu, iraun nahi badugu.