"Ikasketa ederra izan da Txanbolinen mende erdiko ibilbidea"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko urr. 20a, 12:16

Omenaldia antolatu du Txanbolin Txistulari Bandak, taldearen mende erdiko ibilbidea ospatzeko. Ostiraletik igandera bitarte, askotariko hitzorduak izango dira Urnietan.

Orain mende erdi atera zen kalera lehen aldiz Txanbolin Txistulari Banda, Justo Egañaren ekimenez. Haurra bazen ere, taldearen hastapenak ondo baino hobeto ditu gogoan Antton Jauregik. Biak ala biak bildu ditu Aiurrik, 50 urteen errepasoa egiteko.

Orain mende erdi pasatxo, Urnietan lur hartu zenuen zuk, Justo, Azkoititik etorrita. Zerk ekarri zintuen hona?

Justo Egaña: Elizondon (garai bateko herriko eskolan) irakasle-lanetan, eskolan zebilen bat ezagutzen nuen, Arregi. Bada, bertan jarduteko proposamena egin zidan, eta horrela iritsi nintzen herrira.

Txistuarekin banuen harremana, jada, izan ere, seminariotik igarotakoa naiz. Bertan, instrumentu bat jotzen ikasteko aukera ematen zuten. Bakoitzak nahi zuena hautatzen zuen. Nik, txistua. Orduan, pixkanaka ikasten hasi nintzen; arrastoa utzi zidan lehen irakasleak.

Hari horri tiraka, txistua erakusteko proposamena luzatu nien Urnietako ikasleei, eta horietako batzuk instrumentua jotzen ikasteari ekin zioten. Arbel zahar batekin erakusten nien, eta kopiagailuarekin ematen nizkien partiturak ikasle guztiei.

Bada, etorrera horrekin, eta, Egaña txistu-klaseak ematen hasi zenean, egin zenuten topo bidean. Orduan, hamar urte besterik ez zituen haurra zinen zu, Antton.

Antton Jauregi: Ondo baino hobeto gogoratzen dut. Garai hartan, futbolzale amorratua nintzen, hori nuen amets. Lagunengatik iritsi nintzen ni txistua jotzen ikastera. "Uso xuria errazu" piezaren lehen zatia ederki ikasi nuela oroitzen dut eta musikarako gaitasuna nuela ikusi nuen. Hogei bat urte bete arte, ez nintzen partitura bat irakurtzeko gai izan. Bien bitartean, entzun egiten nuen musika, eta memorizatu. Harrituta zegoen Justo. Mugarri izan zen niretzat, berari esker, pisu handia hartu baitzuen musikak nire bizitzan.

J.E.: Ni ez nintzen gaur egun berak duen mailaren laurdenera ere iristen. Ez naiz sekula txistulari ona izan. Ikasi nuena irakatsi egin nuen, besterik ez.

Esan bezala, “Uso xuria errazu” abestia izan zen ikasitako lehen pieza. Gaur egun, estimua gordetzen al diozue horri?

A.J.: Kanturako melodia da, ez da, berez, txisturako. Nik neuk ere ikasle askori erakutsitako lehen kanta izan da. Ondoren, ez dago hori jotzeko ohiturarik.

J.E.: Ansorenak egindako txistu-liburuaren lehen pieza da "Uso xuria errazu".

A.J.: Gaur egun liburu horiek osatuago daude, eta ez dut uste kantua agertuko denik.

Taldearen hastapenei buruz mintzatuta, ezin aipatu gabe utzi Txanbolin familia. Zein lotura du bandarekin?

J.E.: Mutil-kozkorra nintzela, eskolaren ondoren, solfeora joaten nintzen. Plazan ginela, udaletxean zegoen argi bat piztean, "piztu dik, piztu dik!", genioen, eta korrika joaten ginen gora, solfeo ikastera. Hantxe zegoen Juanito Txanbolin, "Mister Txanbolin". Familia osoari Txanbolin deitzen genion. Bandako partaidea zen bera eta gure txistuko irakaslea. Solfeoa erakusten zigun, eta maila zenuela ikusiz gero, bandara eramaten zintuen. Haren omenez jarri genion Txanbolin Txistulari Banda.

Urteak joan, urteak etorri, txistua “beste maila batera igo” duzuela zioen taldeak aurtengo Sanmieletan, txupinazoan. Zein da maila hori?

J.E.: Garai batean, Hernaniko irakasleak joaten ziren Urnietara. Bada, hemendik eta hemengoentzat talde propioa osatzea lortu genuen. Geroztik, harreman handia izan dugu beraiekin.

A.J.: Tradizioa du txistuak Euskal Herrian, eta, Urnietan, lehenagotik ere, txistulariak egon direla jakin badakigu. Baina etena egon zen, eta orduan sartu ginen gu.

J.E.: On Jose Inazio apaizak ere lan handia egin zuen. Bere etxean hartu ninduen apopilo, Urnietara iristean. Ttun-ttunak zituen ganbaran, eta txistu zaharren bat edo beste, ere bai. Hori horrela, horiek erabili genituen kalera lehenengoz atera ginen horretan. Elizondo eskolan egiten genituen entseguak, gora eta behera korridorean. Jakintza? Hutsa. Animoak? Hamaika. Gogoan dut, nola jendeak balkoitik dirua botatzen zigun, beren etxe paretik igarotzean. Santa eskea zirudien!

A.J.: Oso jende gutxik jarraitu zuen txistuarekin, hasierako lehen talde horretatik: Luis Mari Zaldua, Iñaki Moran, Justo eta laurok, hain justu ere. Donostian, musika-ikasketak egiten hastean, Egaña eta biok klaseak ematen hasi ginen. Hamar bat ikasle genituen, eta astero-astero klaseak. Hori izan zen Txanbolinen hasiera, alegia, guk ikasi genuen hori irakasten hasi ginenean. Era berean, Musika Eskolan, solfeo-klaseak jasotzen zituzten.

J.E.: Gutxi batzuk kontserbatorioan hasi ziren.

Urnietako beste makina bat eragilerekin ere izan zarete elkarlanean, herriko kultur ondarea aberasteko ahaleginean: Egape Dantza Taldea, Anabasa, Kantazaun… Horietatik guztietatik ere edan al du Txanbolinek bere bidean?

A.J.: Musikalki Urnietak ez du aukera handirik izan. Musika Eskolak pauso bat eman behar du aurrera, indarra hartu. Ondoko herriei erreparatuta, makina bat musikari da. Irakasle oso onak ditugu, baina pauso hori eman beharra dago. Herritarrek, musika ikasteaz gain, aukera eduki dezaten bidea egiteko.

Eragileei dagokionez, guretzat oso aberatsa izan da Edu Muruamendiarazekin elkarlanean aritzea. Izan ere, asko eskatu diogu elkarri. Hartu-eman oso estua izan dugu. Sorkuntzara bultzatu digu, besteak beste. Urtean behin, kontzertu bat antolatzen genuen, kontzertu herrikoia. Herri askotan egiten zen hitzordua da, baina beti ziren Ansorenaren partiturak, baita abesti berdinak ere. Beste zerbait egin nahi genuen. Bada, oso garrantzitsua izan zen Muruamendiaraz. Musikalki, beste formatu bat lantzen hasi ginen. Metalezko boskotea hautsi (tronpeta, tronpa, tuba...) eta akordeoia sartu genion, baxua, gitarra, txistua... Probintziak egiten hasi ginen: lurralde bakoitzeko kantak interpretatu genituen. Ez genuen partiturarik, beraz, moldatu egin genituen. Behin hori eginda, gure begirada Urnietara gerturatzea erabaki genuen. Luis Mari Zalduak herriko historiari buruzko kontaketa egiteko proposamena luzatu zuen. Horrela sortu zen Marizulo.

Marizulo (2009) obraren ondoren ere beste bi antzerki musikatu egin zenituzten, Urnietaren historiari keinu egiteko; hain justu ere: Urnieta 59 (2011), eta 1936 (2013), harreman estuaren erakusle.

A.J.: Konposizioak egiteko, Joxean Goikotxearengana jo genuen. Berak ezin zuenez, Aitor Amezagarekin ipini gintuen harremanetan. Bere eskutik jaio zen Marizulo pieza, adibidez. Ondoregoetan guk egin genituen pieza musikalak. Herritar askok hartu zuten parte hiru obretan. Dantzetan gidari, Edu Muruamendiaraz. Musikan, gu, antzerkian Mikel Agirregomezkorta... Gogoan dut nola gonbidatu genuen Xabier Lete bera Marizulo ikustera. "Asmatu egin dek", zioen.

Bestalde, begirada estetiko batetik erreparatu zenioten Urnietari, doinuz eta dantzaz, 2019an, Soinuen begiradak emanaldiarekin.

A.J.: Urnietako txokoei tokia egiteko ilusioa nuen. Pieza kantatuek zein dantzatuek osatzen zuten obra. Bestalde, Adarra-mendin egon naiz orain gutxi ikasleekin. Sanson harrira iritsi ginenean, askok zioten "Begira, Sanson harri! Gure dantza!". Alegia, beraiek tokia bera, historiagatik baino, dantzatzen dutelako ezagutu zuten. Hala, pedagogia-lana ere egin dugulakoan nago, nahi gabe. Ekarpena egin nahi izan diogu herriari, gure mailan, ez baikara goi mailako musikariak. Beti izango da aberasgarria Urnietari kultur ekarpena egitea.

Aire garaikideko doinuetan txertatu izan duzue, maiz, txistuaren izaera tradizionala. Nola uztartu hori?

A.J.: Anabas taldea sortu genuen, eta bakarra nintzen Txanbolin Txistulari Bandatik. Kutsu tradizionaleko piezak interpretatzeaz gain, izaera garaikideagoa duten piezak interpretatu izan ditugu. Kantatuak ez ziren piezetan, txistua edo txirula sartzen genuen.

J.E.: Oso gustuko dut txistua Urnietatik kanpo ere jotzea. Hernaniko kaleetan, esaterako, beste sonoritate bat du. Bergarara joan ginen, behin, eta ttun-ttuna eraman nuen. Elizan ginela, organoa jotzen hasi ziren. Hala, nire ttun-ttunak soinu berezia ateratzen zuen, dardaragatik.

Askotariko belaunaldiek osatzen duzue Txanbolin Txistulari Banda. Zertan da aberasgarria?

A.J.: Urteak daramagu ikasle berriak hartzen. Denbora luze daramat horretan, eta oso nekatuta nago. Eskertuko nuke beste pertsonak batek hartzea ardura hori. Baina, bai aberasgarriena hori da, Txanbolinek kimu berriak edukitzea.

J.E.: Bilobarekin batera jotzeko aukera dut nik. Oso gustuko dut.

50 urtean aldatu egin zarete. Hari horri tiraka, Danbolin ere zertan ikusten duzue itxuraldatuta?

A.J.: Garai batean, joan-etorrian ibiltzen zen jendea. Egun gaudenak nahiko finko gaudela esango nuke. Harreman polita dugu eta balio handia du horrek guretzat.

J.E.: Kuadrilla bat gara, txistua jotzen. Ikasketa ederra izan da Txanbolinen mende erdiko ibilbidea.

Hori guztia ospatzeko omenaldia prestatu duzue asteburu honetan.

A.J.: Hiru egun hartuko ditu guztira omenaldiak. Ostiralean, kantua izango da nagusi. Lehen hitzordua eguerdiko 15:00etan izango da, Egape Ikastolako ikasleen eskutik. Ondoren, kantujira egongo da, Kantazaun taldearekin. Azken horientzat abesti tradizionalagoak jarri ditugu; aldiz, haurrentzat, gaur egungo melodia ezagunak. Bi horiek uztartzea oso polita izango da.

Larunbatean, kontzertua egongo da. Urtarrilean hasi nintzen partiturak prestatzen. Lan luzea eta gogorra izan da, baina eragile askok hartuko dute parte: askotariko zereginetan, 180 pertsona inguru ariko gara, gutxi gorabehera. Igandean, aldiz, Euskal Herriko txistulariei dei egin diegu, gurera etor daitezen.

Anbiziotsua izan da Txanbolin Txistulari Bandaren orain arteko mende erdiko ibilbidea. Horrelakoa ere izango al da aurrerantzean?

A.J.: Ez daukat arazorik Txanbolinen ikasturteroko jardunari eusteko eta festetako kontzertua egiteko. Baina Soinuen begiradak obraren pareko zerbait egiteko lan handia egin behar da, eta, jada, ez nago prest horretarako. Zoragarria izango litzateke beste norbaitek hartzea lekukoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!