Urnietan ezaguna zara, dagoeneko, baina aurkez ezazu zure burua.
Herme Gonzalez naiz, PSE-EE alderdiko zinegotzia Udalean. Hurrengo urteko ekainean 25 urte egingo ditut udalgintzan, eta udalbatzan eskarmentu gehien daukan zinegotzia naizela esango nuke.
Denetarik ezagutzen duzu, alkatetza izan ezik: oposizioa, koalizio gobernua… Legegintzaldi honetan Gobernu akordioa adostu duzue EAJ alderdiarekin. Zer moduz joan dira lehen hilabeteak?
Nahiko ondo. Ez zen erraza izan adostasuna lortzea EAJrekin, irizpide ezberdinak ditugulako. Gai korapilatsuak albo batera utzi behar izan ditugu, adostasunaren mesedean. Jorge Segurado alkateari esan nion, izandako lehen harremanean, bi aldeek ikasi egin behar genuela elkarbizitzen, EAJ gehiengo osoko bi legegintzalditik zetorrelako, eta geu, PSE-EE, bi legegintzaldi horiek oposizioan egin ondoren. Txip hori aldatzea kosta egiten da batzuetan.
Bakarren batek esango du, nolatan izan zen zaila adostasuna, EAEn bi alderdiek paktu asko egin dituzuelako.
Bai, baina erakunde batetik bestera, herri batetik bestera Òabardura asko daude. EAJ alderdiko kideak ere ez dira lehen zeudenak, aldaketa dezente egon dira, eta iraganean zeudenekin sortu ziren sestrak ahaztu egiten dira. Bi programak uztartu ditugu, eta biak garatzen saiatuko gara. Bide onetik goaz, komunikazioa ona da, eta informazioa ematen digute. Iraganean sarri faltan bota izan dugun egoera, bide batez. Gobernu akordioaren baitan ardura postu garrantzitsuak ditugu. Consuelo Frutos zinegotzia Zerbitzu Sozial eta Jubilatuen sailetako presidentea da, eta ni Trantsizio Energetiko arloko arduraduna eta Bakea eta Elkarbizitza batzordeko presidentea. Bigarren alkate-ordea ere banaiz, eta Gobernu Batzordean ordezkaritza daukagu.
Oposizioan eta Gobernuan egon zara. Non gusturago?
Beno, legegintzaldi honi buruz ezin dut iritzi jantzirik eman, hilabete eskasa baitaramagu lanean. Oso ezberdinak dira bata eta bestea. Orain gustura gaude, ondo egokituta. Uste nuen lan gehiago izango genuela egokitzen, baina azkar egokitu gara. Gure teknikoak ditugu alor ezberdinetan, harreman ona beraiekin, eta gustura gaude.
Kanpotik itxura ematen du oposizioan egon izan zarenean gusturago sentitu zarela udalgintzan. Ados?
Beno, oposizioan hotz handia pasatzen da. Oposizioan geundela ekimenak bideratzen, jarrera eraikitzailea erakusten saiatu gara, zer Urnieta nahi genuen garbi uzten. Orain, Gobernuan nahiko deseroso sentitzen ari naiz batzorde eta plenoetan, horietara kontu guztiak lotuta eramaten baitira, aurretik. Dena lotuta eramaten duzunean, azalpenak ez dira hain sakonak izaten. Zirrikitu hori oposizioko kideen eskaeren baitan geratzen da, ez gure baitan.
Deseroso diozunean, lotuta esan nahi duzu? Alegia, Gobernuan zaudela, eta ezin duzula kritiko izan…
Beno, oposizioan zaudenean askatasuna duzu nahi duzuna esateko, eta Gobernuan, aldiz, gauza batzuk jan egin behar dituzu, zuretzat gorde.
Ezin da dena kolpe bakarrean aldatu, eta guk daukagun ordezkaritza daukagu: hamahiru zinegotzitik bi. Errespetu handia erakutsi didate PSE-EEk dituen bi alorrekin, eta autonomia handiz jarduten gara. Irizpide txokea handia bada, esan egiten diogu elkarri, zalantzarik ez.
Zein helburu du PSE-EE alderdiak legegintzaldi honetan. Ze erronka ditu Urnietak?
Gobernu akordioan jasota daudenak, bi alderdi politikoen programak uztartuz. Guri dagokionez, etxebizitzaren egoerak arduratzen gaitu gehien, eta asmoak, hauteskunde kanpainan esan genituenak: Urnieta politagoa egitea, parte hartzaileagoa. Lan handia daukagu aurretik, Urnieta logela herria delako. Zer pentsatua ematen digu denoi hori halako gardentasunarekin esatea, baina hala da. Herrira bizitzera etortzen direnak herriko dinamikan gehiago murgiltzeko ahalegina egin behar dugu, denon artean.
Eta nola lortzen da hori? Kanpotik, sentsazioa, Urnietan etxebizitzak oso garesti daudela da, asko Donostia eta inguruko herrietako jendeak erosten dituela. Ados zaude?
Bai, baina Udalak ezin du gauza handirik egin alor horretan. Promozio publikoa egitea litzateke aukera, baina udal gutxik egiten dute halakorik. PGOU edo Hiri-Antolamenduko Plangintza Orokorraren bitartez kontrolatzen da egoera hori, egiten diren etxe guztiek modu jakin batean banatu behar direla agintzen baitu: %33 publikoak, %33 kontzertatu edo tasatuak, eta azken herena etxebizitza librea. Hori esanda, egia da etxebizitza Urnietan oso garestia dela, bai.
310.000 euro balio du 70 metro koadroko etxe libre berri batek, lehen solairua. Zein iritzi duzu?
Oso garestia dela. Nire ustez arazoa urrutitik dator. Ez da etxebizitza berririk eraiki urte luzetan herrian, Trankatx aldera egin ziren 23 etxebizitza horiek salbu, eta herriko gazte askok inguruko beste herrietara joan behar izan zuten bizitzera ezinbestean. 2017an Urnietako 140 lagun lekuz aldatu ziren, etxebizitza erosteko aukerarik gabe. Datu potoloa da oso. Egun bukatu berri da hirigintza proiektu bat, Ermotegikoa, eta beste bi garatzeko zain daude: Babilonia, ikastola atzean, 430 etxebizitzarekin, eta Azkarate, Salesiar ikastetxeko belazeetan, beste 500 etxebizitza. Nire ustez eskaintza handitzeak etxebizitzen salneurria murriztuko luke, eta ea hala gertatzen den.
Donostia hiriburutik 12 kilometrora egotearen zehar kaltea ere aintzat hartzeko modukoa da, ezta?
Baita, baina etxebizitza eskaintzarik ez egotea garrantzitsuagoa izan da nire ustez, prezio garestietan.
Bi etxebizitza promozio horiek bukatu ostean Urnieta 8.000, 9.000 laguneko herria izango da, agian. 2.500 laguneko herria ezagutu genuenok herri txikiagoarekin gusturago ote geunden…
Herri txiki bat bere horretan mantentzea zaila da. Gazte jendea udalerrian mantentzea zaila da herria handitzen ez bada, zerbitzu onak ematen ez badizkiozu. Etxebizitza berriak eraikitzea derrigorrezkoa da.
Diotenez, Urnieta herri perfektua bilakatu omen da familia bat sortu nahi duten bikote gazteentzat. Ados al zaude?
Bai. Zerbitzu onak ditu, hiru eskola, garraio publiko sare aberatsa… Gure erronka Urnietara familia bat sortzera etortzen diren bikote gazte horiek herriko egunerokoan gehiago murgiltzea da, ez daitezela lo egitera mugatu.
25 urte daramatzazu udalgintzan, lau urteko eten bat tartean, Aldundian aritu zinelako lanean. Ze oroitzapen?
Buf, denetik pasa dugu. Alkate asko pasa dira nire begien aurretik. Hasi nintzenean bakarrik hasi nintzen, eta galdu samar sentitu nintzen, eskarmenturik gabe. Kosta zitzaidan jardunari neurria hartzea. Behin hartuta, EAJk zeraman politika salatzen saiatu ginen, eta zinegotzi bakarra izatetik bi, hiru eta bostera pasa ginen, ezker abertzaleko alderdia legez kanpo utzi zutenean. Azken hiru legegintzaldiak bi zinegotzirekin egin ditugu, eta babesa ematen digun herritar multzo polita daukagula sentitzen dugu.
Alkate izateko aukerarik izan duzu noizbait?
2007an. Orduan UDA Urnieta Denon Artean plataforma sortu zen, eta EAJk zigor handia hartu zuen. 3 zinegotzi baino ez zituzten lortu, sinestezina Urnietan, eta hainbat azpikeria politiken erruz. UDAk PSE-EEk baino 30 bozka gehiago lortu zituen, eta lau zinegotzi haientzat eta guretzat. Mugan geratu ginen, eta UDAk hartu zuen alkatetza. Mingarria izan zen, lan bikaina egin genuela uste baitut, alkatetza lortzeko. Herritarrek EAJrekin zuten haserrea UDA plataformari bozkatuz gauzatu zuten. Herriak aldaketa nahi zuela garbi geratu zen, baina aldaketa hori PSE-EE alderdiak gidatzea ere akaso askotxo izango litzateke.
Saiatu zinen alkate izateko babesak lortzen?
Bai, EAJrekin hitz egin genuen, Gobernu akordioa egitea posible ote zen jakiteko, baina jakina, guk asko zigortu genituen aurreko legegintzaldian, euren azpikeria, amarru politika batez ere, eta ezezkoa eman ziguten. Herriak oposiziora bidali zituela, eta han geratuko zirela erantzun ziguten. UDArekin ere saiatu ginen, akordioren batera iristen, baina ezinezkoa izan zen. Hurbiltzerik txikiena ere ez zen egon.
Hainbat alkate ezagutu dituzu.
Bai, Joxi eta Maixa Lizeaga, Florentino Ugalde, Mikel Pagola eta Jorge Segurado, horiek guztiak EAJkoak, eta Mikel Izagirre UDA plataformakoa.
Bakoitzaren hitz batzuk esatera ausartuko zinateke?
Joxi izan zen lehena, hasi nintzenean. Gutxietsi egin gintuztela esango nuke. Ustezko ustelkeri asko izan zen garai haietan, ustezko hitza azpimarratuz. Salatu genuen politika hura, eta ez ziguten barkatu. Joxik kargua utzi zuen, Madrilgo Senatura zihoalako, baina gure ustez arrazoiak beste batzuk izan ziren. Maixa Lizeaga jarri zen alkate, bi urte eskas. Anaiaren ildotik jarraitu zuen, eta kasu honetan baiezta dezakegu legez kanpoko jarduna eduki zuela, geuk salatu eta epaile batek hala erabakita, Saletxeberriko etxeen aferan. Florentinorekin ondo, norabide aldaketa eman zion bere alderdiko politikari. Mikel Izagirrek lortu zuen alkatetza ondoren. Izagirrerekin tratu pertsonalean ondo moldatu nintzen, baina legegintzaldi arraroa izan zen. 13 zinegotzitik lau zituzten, eta horiekin gobernatu zuten. Legegintzaldi bukaeran hiru zinegotzirekin ere bai. Mikel Pagolarekin lehen legegintzaldian ondo moldatu ginen, ez zeukatelako gehiengo osorik. Elkarrizketa emankorra izan zen, baina traizionatuak sentitu ginen. EAJren aurrekontuak babestu genituen, lehen aldiz Urnietako historian, eta bake eta elkarbizitza prozesua ere abiatu zen, baina euren jarrera itsusia izan zen. Ondoren, gehiengo osoa izan zuten bi legegintzaldietan, eta horietan baztertu egin gintuzten. Mikel Pagolarekin harremana beti tentsio handikoa izan da.
Azken lau urteak Jorge Segurado, alkate. Zer moduz berarekin?
Jorgerekin ondo. EAJkoa izanda ere, duela lau urte esan nion pertsona bakoitza ezberdina dela. Kosta zitzaion karguari neurria hartzea, baina hartzen ari da. Noski, alderdi bateko kidea da, eta alderdiak erabakitzen duena errespetatu behar du, alderdi diziplina dagoelako. Tratua ona da berarekin, naturalagoa.