“Gau Beltza indartu nahi dugu Urnietan, baita euskararen erabilera ere”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko urr. 28a, 08:42

Gau beltza ospatuko da urriaren 31n Urnietan. Arratsaldetik hasita, ekintzez jositako egitaraua antolatu du Magale-Salestarrak ikastetxeak, herritar guztiei begira. Almu Salas eta Arantzazu Ainer Urnietako Gau Beltzaren antolatzaileak dira.

Alba Cabrera Jauregi urnieta

Geroz eta herri gehiagotan antolatzen da urriaren azken iluntzean Gau Beltza. Urnietan, orain bi urte ekin zitzaion ospakizunari eta, besteak beste, Almudena Salas, Arantzazu Miner eta Nerea Lizartza daude antolaketa-lanen atzean. Ohiturari jarraiki, arratsalde berezia izango da herrian, datorren hilaren 31n. 

Zein nolako arratsaldearekin egingo du topo zuenera hurbiltzen denak?

Arantzazu Miner: Lehen aldiz ospatu genuenean, San Juan plazan egin genuen guztia. Orain, ordea, berrikuntza batekin gatoz. Izan ere, Etxeberri plaza izango dugu abiapuntu. Ondoren, San Juan plazara bidean, askotariko ekintzak izango dira, besteak beste, danbor-joleak, dantzak... Jarraian, ipuin-kontaketa, txokolatada, gaztain-jatea, beldurraren pasabidea eta sospresatxoren bat edo beste izango ditugu.

Almudena Salas: Duela bi urte egin genuen, lehenengo aldiz, Gau Beltza, ikusi genuelako Halloween ospatzeko ohitura geroz eta nabarmenagoa zela, bai Urnietan, bai inguruko herrietan. Hala, gurean, egun horren bueltako berezko ospakizuna zabaldu nahi genuen. Gau Beltza indartu nahi dugu, baita euskararen erabilera ere. Iaz ezin izan genuen. Hortaz, aurten, berriro ohitura hartzea erabaki dugu.

Zein adin-tarteri zuzenduta dago?

A.S.: Gure ikasleekin landu dugu guk, baina herritar orori dago zuzenduta gonbidapena.

Esku asko behar al dira horrelako egitaraua pentsatu zein gauzatu ahal izateko?

A.S.: Askotariko edukiak lantzen ari gara, euskaratik, plastikatik, musikatik... Jende asko behar da horretarako, bai ikasle, bai irakasle, bai guraso. Finean, esku guztiak ongi-etorriak dira. Ekitaldi xumea izan arren, tarte luzea hartu digu prestaketak. DBH1-eko zein DBH 2-ko ikasleekin ari gara batez ere, nahiz eta guztiak egon gonbidatuak.

A.M.: Irailaren lehenean hasi ginen prestaketa-lanetan. Orain, azken ukituak ari gara ematen, buru-belarri, ikasleekin entseguak egiten, plastikako lanak bukatzen...

Euskal Herrian geroz eta herri gehiagotan egiten da Gau Beltza: Usurbil, Oiartzun, Andoain, Pasaia…

A.M.: Pozgarria da. Orain bi urte ez genuen inor ezagutzen. Herri askotan egiten da orain. Polita da, egia esan.

Ez omen da Halloween delakoarekin nahastu behar.

A.M.: Arimen Gaua da Gau Beltza. Iluntasunarekin eta kolore beltzarekin dago harremanduta urriaren 31. Etxean entzunda, baratzeetan ibiltzen ziren, kalabazak hartzen eta hustutzen, kandela sartzen, eta, batik bat, auzoetako eta inguruetako neskei beldurtzen. Hortik omen dator.

Erreferentziarik erabili al duzue Gau Beltza nola girotu jakiteko?

A.M.: Gaiarekin lotutako web orrialdea dago. Bertan, zintzilikatuta dauden edukiak jorratu ditugu. Bestalde, Juanatxo Olinaga eta Urnietako beste hainbaten testigantzak entzun ditugu.

Hitzordua prestatzeko, mozorro-tailerra egin zenuten joan den asteazkenean.

A.S.: Batez ere, beren zapia atontzen, aurpegia margotzen erakutsi genion jendeari, ospakizunak Halloween festaren inertzia hartu ez dezan.

Gomendiorik bai azken momentuan inspirazio bila dagoenari?

A.S.: Gu ere horrela ibiliko gara, seguru! (Barrez) Armairuan topatutako arropa zaharrak janztea ta jaiaz gozatzea da gakoa.

A.M.: Elementu xumeekin egin daiteke, galtza bakeroekin, koadrodun alkandorarekin, baserritar gonarekin...

A.S.: Arratsalde polita izango da, etor dadila jendea!

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!