“Amorratuta bukatu nuen finala, neure onena eman ezinik”

Andoni Urbistondo 2023ko aza. 5a, 18:50

Domu Santu egunean Euskadiko Aizkora Txapelketako finalean parte hartu zuen Julen Gabirondok lehen aldiz. Podiumean sartzeko esperantza zeukan urnietarrak, baina hasi eta berehala ikusi zen ezinean ari zela. Egun pare bateko atsedenaren ostean hausnartu ditu Aiurri-rekin, finalaren ingurukoak.

Laugarren postuan sailkatu zen Goiburukoa, Iruñean jokatutako finalean, hauspoa beteta eta karranpak jota.

48 ordu pasa dira finaleko egunetik. Ze martxa? Zer moduzkoa izan zen finala bukatu osteko arratsaldea?

Beno, Oianumera etorri ginen bazkari mokadua egitera, eta gero familiarekin lasai pasa nuen arratsaldea, etxean.

Bapo bazkaldu al zenuen?

Hainbestean. Halako lehiaketetan parte hartu ondoren tentsio handia pilatzen du gorputzak.  

Emaitza zuk espero zenuena baino okerxeagoa izateak ere eragina izango zuen, agian…

Izan liteke. Ez nuen kontent bukatu, eta buelta batzuk eman nizkion egindako lanari. Iraganean lehiaketaren bat gaizki ateratzen zenean gehiago kostatzen zitzaidan buelta ematea, baina gaur egun dagoeneko ez. Ez gara aizkoratik bizi, eta onenak direnei ere halako egun txarrak tokatzen zaizkie. Ilusioz goi-goian nintzen, eta nire esku zegoen guztia egin atariko prestakuntzan. Neurria eman behar zen egunean, baina, ez nuen gorputzaldi onena izan eta kito, ez dago besterik.

Eskatu, edo exigitu, ezin sobera egin, zure lehen parte hartzea zelako Euskadiko final handian.

Baita, baina izatez anbiziosoa naiz. Urte eta erdi honetan aizkoran zentratu naiz gehienbat, eta helburu handi samarrak jarri nizkion neure buruari, nahiz eta kontziente izan zaila dela norberaren erronkak iristea. Aurrez, helburuak  altutik jarri izan ditut beti.

Finaleko bilakaeran murgilduta, lan erdietara, oinbikoetara iristerako bete antzean sumatu zitzaizun, hauspoari buelta eman ezinda. Hala izan al zen?

Bai, erabat. Bete egin nintzen, eta  errekuperatu ezin. Entrenatzen nekatua sentitu izan naiz, baina errekuperatu ere bai;  buelta eman izan diot, beste txispa batekin sumatu gorputza. Finaleko egunean, aldiz, ez. Nerbioak akaso, finalaren atarian pasa dudan katarro fuerte bat… Ez dakit ze pasa zen. Hemen finalean ematen den neurriak balio du, ez beste ezerk. Alperrik da etxean horrela edo bestela aritu izana, egun erabakigarrian ondo aritzen ez bazara.

 

-Eta espero ez den neurria ematen ez denean  zer? Zer egin behar da?

-Egindakoa onartu eta aurrera jarraitu, ez dago besterik.

 

-Harmailetatik herio batean ikusi zitzaizun lan erdietatik aurrera: aurrena hauspoa, ondoren karranpak hanka zuztarretan… Gorriak ikusi zenituen, Julen.

-Bai, asko sufritu nuen. Hankako bolak igo zitzaizkidan, eta herioa handi samarra izan zen. Aizkora finaleko lana oso exigentea da, fisikoki mugara eramaten zaitu, eta gorputzeko zerbaitek kale egiten badizu, akabo. Minduta daukazuna sendatu ez, eta beste atal batzuk gainkargatu edo izorratzen dira, eta hori ez da pasatzen gorputzari atsedena eman arte.

Oinbikoetan ezpal batekin hasi eta bigarrena bilatu behar izan zenuen sarri. Hor ere larri samar.

Beno, enborra ezpal batekin mozten saiatzen zara beti. Egur onak ziren, baina lana eskatzen zutenak. Eman, eman eta eman, betekada sentitu nuen, eta bigarren ezpal batekin erdibitu behar izan nituen oinbikoak.

Laugarren sailkatu zinen, azkenerako. Konforme?

Balorazioa ona da. Ez nuen egunik onena eduki, baina hortxe izan nintzen. Egun ona eduki izan banu saltotxo bat goraxeago sailka nintekeela uste dut, eta horretan saiatuko naiz etorkizunean.

Aizkorak bi lehiaketen arteko haustura bizi izan du azken urteetan, onenetako batzuk falta ziren Iruñean.

Hala da, bai. Denak bertan egotea gustatuko litzaidake niri, eta denak elkarrekin aritzea.

Gerta liteke denak batera aritzen zaretenean sei onenen artean postu bat lortzeko komeriaren bat izatea.

Beno, gerta liteke, bai. Nire ustez Euskal Herriko sei onenen artean sartzeko moduko gaitasuna badaukat. Hiruk postu finkoa dutela esango nuke, eta ondoren hautagai sorta aberatsa dagoela. Urte eta erdi daramat aizkoran zentratua, eta hobetzeko tarte handia daukadala esango nuke.

Txapela atleta handi batentzat izan zen, Julen.

Bai, Iker Vicente fuera de concurso dago, esaten den bezala. Urteak daramatza, gainera, gailurrean, eta bere aldaretik jaistea oso zaila izango da etorkizun gertuan. Kirolari aparta da.

Pentsatzen dut aizkora mundua sos kontutan sega baino ondrosoagoa izango dela; zure ahalegina diziplina horretara bideratzeko beste arrazoi bat…

Beno, segan ere gustatuko litzaidake jarraitzea. Pentatloia ere hor dago, baina denetara ezin naiz iritsi: lana, familia, prestakuntza… Beroan aizkoran serioago saiatu nahiko nukeela esango nizuke oraintxe. Eta egia da segan eta pentatloian baino sos gehixeago dagoela, baina ez suziriak botatzeko moduko kopururik. 2.400 euroko saria eman zidaten laugarren sailkatzeagatik finalean, baina finala prestatzeko lan saioetan hori baino diru gehiago joan zait egurretan…

Nafarroa Arenan izar estatubatuarren pare aurkeztu zintuzteten. Zer moduz bizi izan zenuen ekitaldi hasiera?

Oso komodo, ikuskizuna eta antolakuntza ederrak izan ziren. Jende piloa hurbildu zen, gainera, eta bertaratu zenari egindako ahalegina eskertzea baino ez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!