25 urte daramatzazu udalgintzan, erdiak biolentziaren mehatxupean, beste erdia ETAk aktibitate armatua bertan behera utzi ostean. Ze oroitzapen dituzu?
Zinegotzi jardunean hasi eta berehala jarri zidaten bizkartzaina, 2000 urtean edo. Ez dut zehatz apuntatzen horrelako gauzarik. 11 urte egon nintzen mehatxatuta. Bi bizkartzainekin ibili nintzen, eta egunerokoa mugatzen dute erabat, ezin duzulako bizkartzainak eduki aurretik egiten zenuen ezer egin. Egunetik gauera pasatzea bezalako aldaketa da. Ulertze aldera, edonork egin ditzakegun gauzak egitea debekatzen dizute, posta kutxa ireki eta zaborrak botatzera joan, adibidez. Askatasun hori ebasten dizute, baina nahiko ondo moldatu ginen. Ginen diot, niri eta beste hainbat kideri jarri zietelako bizkartzaina. 2011ko urrian biolentziaren bukaera iragarri zuen ETAk, eta jende guztiak zoriondu egin ninduen kaletik, kontentu egongo nintzela eta beste. Ni ez nengoen ase beteta, ez bainintzen fio ETAk hartutako erabakiaz. Ezin da ahaztu aurrez hainbat su eten tranpa egon zirela. Gero gerta zitekeen hartutako erabakia denek ez betetzea… Zuhurtziaz hartu genuen erabakia, eta bizkartzain bakarrarekin babesa izaten jarraitu genuen hiruzpalau hilabete gehiagotan. Epe hori pasata ETAk hartutako erabakia tinkoa zela ziurtatu zen, eta orduan bai, asko poztu ginen. Mehatxuari eutsi genion pertsonen garaipen moduan ikusten ditut egun haiek. Merezi izan zuen eustea, irautea.
Pasa den martxoan barrenak hustu zenituen, jendartearen aurrean, Lekaion, mehatxatuta bizitzeak zer suposatu zuen zuretzat.
Bai. Biluztu egin nintzela esan duzu, eta ondo esan, horretarako prestatu bainintzen. Inori kontatu ez nizkion gauzak kontatu nituen. Nire familiak, bertan zegoen alabak ez zeukan han esango nituenen berri. Pasatakoak zokoratzen dituzu, baina ahaztu ez, ezin direlako ahaztu. Unea iritsi zen eta bota nuen. Barrutik ateratzeko beharra sentitu nuen. Urduri sentitu nintzen hasieran, baina jende dezente joan zen ekitaldira, esparru politiko eta sozial guztietako lagunak, eta gustura sentitu nintzen. Zenbaitzuk hauteskundeekin zerikusia zuen erabakia izan zela leporatu zidaten, baina ez zen hala izan. Unea iritsi zen, eta etorri, sentitu bezala bota nuen. Barrutik ateratzeko beharra sentitu nuen, jendarteak jakin zezala zer bizi izan genuen. Aurretiazko lana ere egon zen, lanketa garrantzitsua. Hiritar talde bat dago herrian, Elkarbizitza eta Bakeaz lanean aritu dena, ezkutuan baina tinko. Talde horretan askok gure istorioa, gure bizipenak kontatu ahal izan ditugu, eta aitortza horrek ikaragarri lagundu zidan azken pausoa eman, eta nire bizipenak publikoki kontatzeko. Aurrez, eta intimitatean, bizipen horiek beste lagun batzuekin partekatu izana funtsezkoa izan zen. Pribatuan botatakoak entzun zituztenek ez ninduten juzkatu, entzun eta iritzi trukaketa egitera mugatu ziren, eta hori oso lagungarria izan zen niretzat.
Pertsona bera al zara, martxoko aitortza publiko horren ondoren? Esan nahi da: Herme Gonzalez ezberdinak al dira, aitortza baino lehenagokoa, eta aitortza publiko hori egin ondorengoa?
Ezberdina ez, ez naiz aldatu, baina atseden handi bat hartzearen parekoa izan zen. Motxila astun bat neraman bizkarrean, kendu nuen, eta gustura geratu nintzen. Gainera, behin aitortza eginda jendearen hitz goxoak jaso nituen, ausardia izan nuelako. Nik neuk onartu gabeko gauzak onartu zizkidaten, eta hori ikaragarria izan zen niretzat. Euskal Herrian asko egon baita isilik geratu eta ondokoaren larruan jartzeko ahaleginik ez egitea.
Enpatia hitza entzuten da han eta hemen, batzuk berea bakarrik ikusten dutela, besteen sufrimendua ikusteko itsu daudela… Zertan gara, zuen mehatxu egoera bukatu eta 12 urtera?
ETAk kitto esan zuenean prozesu bat abiatu zen, eta elkarbizitza egoerak modu naturalean garatu dira ondoren. Hori izan da nire esperientzi propioa. Maila politikoan, pasa den legegintzaldian EHBildu alderdiarekin harreman emankorra eduki genuen udaletxean. Kalean nirea ideia politikoetatik arrunt urrun dauden herritarrekin topatzen naiz, eta agurtu, edo kafe bat hartu. Gurean izan dugun egoera politikoan, talde hori definitzeko beste aldea terminoa ateratzen zait, baina ez ditut hitz horiek erabili nahi (la otra parte esaten du gaztelaniaz). Eraldaketa berez gertatu dela esango nuke, modu naturalean. Halere, zeregina geratzen da oraindik: biktimen onarpena, adibidez. Biktima guztiak, hau nabarmendu nahi nuke, ez alde batekoak bakarrik. Hori falta da.
Eta hori iritsiko den unea gertu dago, urrun?
Alderdi politiko guztietan dago pixka bat atzean geratzen den jendea. Ez dakit nostalgikoak diren, edo nola deitu. Batzuk prest daude eskailera bat igotzeko, eta beste batzuk ez. Nik inori ez diot gorrotoa eduki inoiz. Gorroto, herra hori, iragana atzean uzteko kemenik ez edukitzeak mina egiten dio pertsona jakin horri.
Urnietan EHBildurekin harreman ona izan zenutela esan berri duzu.Hilabete pasa atzera argazki historikoa ikusi genuen: Pedro Sanchez Espainiako presidentea EHBilduko kideekin batzartzen Kongresuan. Nafarroan ere ezker abertzalea PSNko Maria Chiviteren gobernua ahalbidetzen ikusi dugu. Madrilen, edo IruÒean pasatzen dena, baina, ez da Gasteizen pasatzen, momentuz. Zergatik? Ze iritzi duzu PSE-EEko kide bezala?
Beno, alderdi politiko bateko militantea zaren unetik alderdiko diziplina onartzera behartuta zaude. Egun EAJ eta PSE-EEren arteko akordio zabala dago Euskadin, urte askotakoa, eta hori onartu beharra dago. Zergatik leku batzuetan bai, eta besteetan ez? Lehen esan dizudanaren harira, uste dut zerikusi zuzena duela zenbait tokitan oraindik ezberdin pentsatzen duena, edo arerio politikoa ez dela onartzen, edo batzuk ez dutela onartzen, eta hor eman behar dira pausoak. Nire ustez, EHBilduk errekonozimendu eta barkamen eskaera bat egin beharko luke. Gure alderdiak aspaldi esan zuen, tiroak ez, elkarrizketa bai, eta Kongresuko argazki historiko horrek erakusten du prozesu hori gauzatzen ari dela.
Posible ikusten duzu PSE-EE eta EHBilduren arteko akordioa Gasteizko Legebiltzarrean?
Beno, Eneko Andueza idazkari nagusiak Bilbon egiten du lana, ez daukat harreman zuzenik berarekin, baina esango nuke aukera hori urrun samar ikusten dudala gaur-gaurkoz. PSE-EE alderdiko militante moduan hauxe da nire iritzia: posible ikusten dut PSE-EE eta EHBilduren arteko adostasun hori. Madrilen gertatu bada, Nafarroan eman bada, zergatik ez Gasteizen? Aztertu beharreko gaia izango da, momentua iristen denean.
PSOE beldur al da EHBildura hurbiltzeak Espainiar jendartearen aurrean ekar diezaiokeen albo kalteari?
Albo kalteak daudela ukatzea tontakeria litzateke. Badaude, noski. Hemen modu naturalean ematen da PSE-EE eta EHBilduren arteko harremana, baina Espainian ez. Kaka asko zabaltzen dute zenbaitzuk, eta Espainiako leku batzuetan ETA oraindik existitzen dela pentsatzen dute. Hemen mezu horrek ja zentzurik ez dauka. Kongresuko argazkia oso garrantzitsua da. Hainbesterako, momentuz EHBildu alderdia dela PSOEri babesa emango duela ziurtatu duen bakarra. Argi eta garbi esan du, gainera. Gobernuan PSOE alderdiarekin dagoen alderdiak, Sumar-ek. momentuz eman ez dion babesa
(Sumar eta PSOE alderdiek pasa den astean lotu zuten hitzarmena, Gobernu koalizioa adostuz).
Itxuraz azaroaren 13ko astean izanen da inbestidura saioa. Pedro Sanchez-ek gaindituko al duela pentsatzen al duzu?
Zalantzak ditut… ERC eta Junts alderdiek borroka handia dute euren artean, Katalunian nor nagusitzen den duten borrokan, eta soka sobera tenkatzen ari ote diren… Ez nuke nahi haustea. Sanchez konfiantzaz sumatzen dut, baina ez dakit itzalpean ze negoziaketa dauden.
Urteek aurrera egiten duten heinean, eta Gobernu akordioak osatzerako garaian, gai politikoak garrantzia galdu, eta sozialak indarra hartzen ari direla esan genezake?-Egoera hori agerikoa dela esango nuke. Pasa den legegintzaldian Kongresuan onartutako lege asko EHBilduren aldeko botoekin izan zen, eta horietako gairen batean EAJ bera aho bete hortz utzita. Gai sozialetan ezkerreko alderdiak gara PSOE eta EHBildu, eta bat egiten dugu gai askotan.
Euskadiko hauteskundeak aurreratuko ote diren susmoa zabaldu da azken astetan. Zer gerta liteke?
Ez nituzke aurreratuko, batez ere Udal eta Foru hauteskundeetan, eta Espainiakoetan gertatu dena gogoan. EHBilduren tsunamia ikusi da, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ere antzeko zerbait gerta daiteke. Tsunamia dator, eta EAJren kaltetan izango da. Aurreikuspen hori egiteko azken bi hauteskundeetan gertatutakoa hartzen dut oinarritzat. Espainiako hauteskundeetan EAJ hirugarren geratu zen EAEn, eta hori inoiz ez da gertatu Euskadin. Aldundietan ere PPren babesarekin gobernatzen ari dira jeltzaleak, eta zerbait egin beharko dute, zerbait egin badezakete.