Musikarien egunaren atarian

Aiurri 2023ko aza. 18a, 09:16

Musikarien eguna ospatuko da herrian, datorren azaroaren 22an. Hori horrela, kalera aterako dira Lurdes Iriondo musika eskolako ikasleak, plazaz plaza, asteazken arratsaldea girotzeko asmoarekin.

Egunotan, udal musika eskola albotik igarotzen bazara, irakurle, erraz antzemango duzu melodia fin bat. Izan ere, entseguetan daude murgilduta buru-belarri bertako ikasleak, hemen baitator Santa Zezilia eguna, musikarien eguna, hain justu ere. Bertan parte hartuko dute, besteak beste, Amets Zubillagak (klarinetea), Xabier Regillagak (saxofoia), Jone Izagirrek (trikitixa, panderoa) eta Enara Donaverak (trikitixa, pianoa).

Ikasturte osoan makina bat klase izan ohi dituzte. Hala, pozgarria da guztientzat, tarteka, kalera atera eta landutakoa jendaurrean, etxekoei, lagunei nahiz gainerako bizilagunei erakustea. Hala, horretarako aukera izango dute azaroaren 22an, datorren asteko asteazkenean. Arratsaldeko 17:30ean abiatuko dira guztiak musika eskolatik, kalejiran, herriko zenbait plazatan geldialdiak egiteko: San Juan plazan, Plazido Muxikan eta Etxeberri plazan.

Nork bere instrumentua jo arren, guztiek izan dute harreman estua txikitatik musikarekin. Izan ere, astero-astero birritan joaten dira musika eskolara, taldeko nahiz bakarkako klaseak jasotzera. Hala, hirugarren hitzordu bat ere izan ohi du Regillagak, solfeoko ikasketak gauzatzen ari baita. Herri txikia da Urnieta eta, gutxi gorabehera, guztiak elkarren ezagunak direla aitortu du Izagirrek, nahiz eta musika-eskolaren bidez harremanak sakontzeko aukera izan duten. Hori ez ezik, "beste herri batzuetako jendea ezagutzeko" ere baliagarria izan delakoan da Donavera. Horrela, partiturak irakurtzen eta horiek musika-instrumentua eskuan dutela interpretatzen ikasten dute. Bada, ikasturte osoko ahalegina jendaurrean erakusteko aukera ere izaten dute. “Urduri jartzen zara horrelakoetan”, dio Regillagak, “baina, ondoren, ondo pasatzen duzu”. Gabonetako kontzertua, herriko festak, ikasturte amaierako kontzertua… Askotariko hitzorduak izaten dira herrian, eta, horietan, musika-eskolako ikasleek girotu ohi dute ospakizuna, Donaveraren hitzetan: “Beharbada, trikitixa jotzen dugunok maizago egiten dugu erakustaldia, kalejiretan parte hartzen dugulako”. Ekimen horiek musika-eskolako ateak irekitzeko baliagarriak dira, Izagirreren ustez: “Garrantzitsuak dira, musikaren alde herrian mugimendua badagoela erakusteko”.

Orain gutxi, urriaren erdialdean, mende erdiko ibilbidea ospatu zuen Txanbolin Txistulari Bandak. Tartean, kontzertu bat antolatu zuen, makina bat herrikiderekin elkarlanean. Bertan izan ziren lau elkarrizketatuak. Lehen aldia zuten neurri horretako ikuskizun batean, eta ikusgarria izan zela aitortu dute, emanaldiak hartutako dimentsioa ikusita. Zubillagak, esaterako, gertu izan zituen lagunak oholtza gainean: “Nik jo bitartean gelakideak dantzan aritzea izan zen zailena, presio handiagoa sentitzen dudalako”. Dena dela, gozatu ederra hartuta, gustura errepikatuko lukete horrelako zerbait, etorkizunari begira. Prest daude, horrenbestez, Santa Zezilia egunerako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!