Elkarteen Etxea gizarte zerbitzuekin eta elkarteen presentziarekin betetzen ari da poliki-poliki

Aiurri 2023ko aza. 20a, 14:04

Espazio "ireki, moderno eta funtzional" gisa definitzen duten Elkarteen Etxea zerbitzuez eta elkarteez betetzen ari da poliki-poliki, eta Aldundiko ordezkariak bertan izan ziren joan den ostegunean, bisitan.

San Juan kalean kokatzen den eraikinak Urnietako gizarte-politiketako hainbat zerbitzu hartzen ditu; besteak beste, adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzua, zaintzaileentzako laguntza-taldea eta Aukerak Suspertzen ekimena (egoera zaurgarrian dauden eta eskola-laguntza behar duten haur eta nerabeentzat).

Bestalde, Elkarteen Etxeak lan-espazio bat eskaintzen die herriko elkarteei, eta alde horretatik, dagoeneko, Denda Berri erretiratuen eta pentsiodunen elkarteak zein euskaltegiak bertan ipini dituzte euren egoitzak. Bagara talde feministak ere etorkizunean instalazio horiek erabiltzeko konpromisoa hartu du.

Belaunaldien arteko harremanak eta erakundeen arteko lankidetza sustatzea da 1.100.000 euroko kostua izan duen Elkarteen Etxearen helburuetako bat.

 

Aldundiko ordezkarien bisita

Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatua Urnietara etorri ziren ostegunean, eta instalazio berrituak bisitatu zituzten, Urnietako alkate Jorge Seguradorekin, udal ordezkariekin eta herriko zenbait elkarteen ordezkariekin batera.

Mendozak Elkarteen Etxearen ezaugarriak goraipatu zituen. Azpimarratu zuenez, "belaunaldiartekoa, irekia eta diziplina anitzekoa da, eta Urnieta, lurralde osoa bezala, "urrats sendoak" egiten ari da gizarte-eremuan”. Elkarteen Etxeaz gain, Urnietak “epe ertain eta luzera, proiektu handiak, berritzaileak eta oso ilusionagarriak" dituela azpimarratu zuen, "pertsona bakoitzari behar duen laguntza, zerbitzuak eta zaintzak bermatuko dituen zaintza-ekosistema bat sortzeko”. Gogorarazi zuen Udalak hasiak dituela Babiloniako lursaila Gipuzkoako Foru Aldundiari lagatzeko izapideak, “eskualde osoaren beharrei erantzungo dien egoitza berri bat eraikitzeko”.

Era horretan, erantsi zuen “Errekalden kokatuko diren etxebizitza sozialak eraikitzeko obrek ere aurrera jarraitzen” dutela. Azkenik, Eider Mendozak, Gipuzkoa "zaintza-eredu berrirako trantsizio betean” dagoela nabarmentzeaz gain Urnietan gauzatzen ari diren proiektuek "aldaketa sistemiko horri erantzuten” diotela adierazi zuen. Bere ustetan, proiektu horiek “guztiz lerrokatuta daude zaintza-eredu berriarekin, zeinaren ardatzak baitira pertsonalizazioa, berrikuntza, komunitatearekiko lotura eta ebaluazioa”.

Jorge Segurado Urnietako alkateak Aldundiaren laguntza eskertu ostean, udalak, urnietarrek gero eta zerbitzu hobeak izan ditzaten lan egiten duela ziurtatu zuen. “Arreta berezia jartzen ari gara arlo sozialean eta zainketen arloan, horixe baita, zalantzarik gabe, demografiaren bilakaeraren ondorioz aurre egin behar diogun erronka nagusietako bat. Ziur gaude Elkarteen Etxea mugimendu eta bizitza handiko gune bihurtuko dela, eta udalerriko toki erreferenteetako bat izango dela”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!