Zeresana eman duen antzezlana, igandean Saroben

Aiurri 2023ko aza. 23a, 11:49

“Menina, soy una puta obra de Velázquez” antzezlana igandean eskainiko dute, 19:00tan hasita. Sarrerak dagoeneko agortu dira.

Lodia, foka, balea... Ezizen asko jasotakoaren istorioa gordetzen da Urnietan eskainiko den antzezlanean. Gutako baten edo askoren kasua izan daiteke. Honatx, konpainiak zabaldu duen sinopsia: "Txikitan klasekideak foka deitzen hasi zitzaizkion, balea... Badakizu, umetako kontuak, ezta? Institutura iristean, bere lekua aurkitu zuen, taldeko lodiak. El Pradoko museora egindako txango batean 'Menina' ezizenarekin geratu zen. -'Bai, noski-esan zuen bere artean-, Velazquezen PUTA bat naiz'. Beraz, jaten eta gizentzen hasita, urteekin berak mundua jan eta bere egoa agertoki baten gainean gizendu nahi izan zuen". Pedro Luis Lopez Bellot, Sergio Adillo eta J.P. Cañamero hirukotearena da obraren egiletza, eta antzezle lanetan Nuqui Fernandez ariko da. Galiziarra, hango La Opinion egunkarian antzezlana egitera bultzatu zuen asmoaz hitz egin zuen: "Indarkeria soziala jasan nuen gorputz normatiboa ez edukitzeagatik. Batez ere nerabeen artean gauzak aldatzeko egiten dut lan hau, baita nire semearentzat ere, aske izan daitekeen mundu batera irits dadin".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!