KORRIKA

“KORRIKArekin, komunitate baten parte sentitzen dira herritarrak”

Alba Cabrera Jauregi 2023ko aza. 27a, 08:33

Zazpi probintziak zeharkatuko ditu euskararen aldeko lekukoak datorren udaberrian, baita Urnietako bazterrak ere. Garazi Redondo AEK-ko irakaslea eta herriko Korrika arduraduna da.

Udaberrian, Euskal Herriko errepideak gurutzatuko ditu, gora-behera, ezker-eskuin, 23. KORRIKAk. “Harro Herri” lemapean, Irun eta Baiona lotuko ditu lasterketa erraldoiak, 2024ko martxoaren 14tik 24ra bitartean. Hori horrela, beroketa-lanetan murgilduta dago, jada, AEK.

Udazkenean prestatzen hasi, udaberrian izango den lasterketa. Horrek erakusten al du ekimenak duen dimentsioa?

Lan handia dakar horrelako egitasmoa bat antolatzeak. Euskal Herri osoa zeharkatzen du KORRIKAk, baita gure eskualdea ere. Hala, antolaketa-lanean murgildu ohi gara, aldiro. Ibilbideari dagokionez, esaterako, urtero, ez da leku berdinetik etortzen, ez eta norabide berean joaten ere. Bestalde, herritik herrira aldatu egiten dira testuingurua eta ezaugarriak. Udaberriko lasterketa da bukaerako argazkia, baina antolaketa-lan handia dago hori baino lehen.

Zu zara Urnietako KORRRIKAko arduraduna.

Hori da, herriko KORRIKA antolatzeaz arduratzen naiz, eragileekin nahiz Urnietako Udalarekin elkarlanean. Horrez gain, lasterketarekin zerikusia duten hitzorduen koordinazioaz arduratzen naiz: txikien KORRIKA, Korrika Eguna... Finean dinamizazio- nahiz bitartekaritza-lanak egiten ditut, gertutik ezagutzen ditugulako Urnietak dituen ezaugarriak.

“Azterketak Euskaraz” plataforma izango da aurtengo omendua.

Ipar Euskal Herriko ekimena da "Azterketak Euskaraz". Derrigorrezko hezkuntza eta Batxilergoa amaitzean, azterketa bana egiten dute ikasleek, Frantziako Estatuak hala zehaztuta. Frantsesez egin behar izaten dituzte proba horiek, alegia, ez daukate aukerarik beste hizkuntza batean egiteko, ez eta euskaraz ere. Hala, lan nekeza da ibilbide akademiko osoa euskaraz gauzatu ondoren, frantsesez egitea etorkizuna baldintzatuko dizun azterketa garrantzitsua. Azken boladan, pisu handia hartzen ari den borroka da, hizkuntza-eskubideen alde. Orain arte, zatiren bat euskaraz egitea lortu dute; ez osoa, ordea.

Urnietan eta inguruan, bestelakoa da errealitatea: euskaraz ikasten dugu eta euskaraz egiten ditugu azterketak. Iparraldean, zoritxarrez, ez da hori kasua, egoera tamalgarria dute bertan. Horrenbestez, eguneroko borroka horri aitortza egin nahi dio KORRIKAk.

2.500 kilometroko bidea egingo du lekukoak datorren urteko udaberrian. Hala, ezinezkoa litzateke tokian- tokian sortzen diren Korrika Batzordeak gabe. Noiz sortuko dira?

Herrietan, KORRIKAren bueltan osatzen diren taldeak dira Batzordeak. Gehienbat, herriko eragileak izan ohi dira, euskaltzaleak edota ekimenarekiko interesa agertzen dutenak. Dena dela, herritar orori dago irekia bertan egoteko gonbidapena. Lasterketa iritsi arte, herria girotzeko ardura hartzen dute taldeek. Aurreko edizioan, adibidez, Korrika Eguna antolatu genuen, tartean, Egape Dantza Taldearekin, Musika Eskolarekin, Etxeberri auzo-elkartearekin... Berriki, prestaketa-lanetan sartu gara. Hortaz, laster edukiko dute bizilagunek Urnietako Korrika Batzordearen berri.

AEK-ko irakasle zaren aldetik, nola bizi duzue langileek eta irakasleek KORRIKA igaro ohi den ikasturtea?

Urte berezia izaten da eskolentzat, askok oso bere sentitzen dutelako KORRIKA. Pozgarria da hori; komunitate txikia osatzen dugu euskaltegiok eta zirraraz jasotzen dugu lasterketa. Joan den astean, adibidez, KORRIKA aurkeztu zen San Telmo Museoan eta, handik gutxira, ikasleak jakinaren gainean zeudela ikusi nuen. Badakite badatorrela. Jakin-mina pizten zaie. Gainera, emozioak areagotu egiten dira, hitzordua gerturatu ahala.

Besteak beste, hizkuntzari berari ikusgarritasuna ematen dio KORRIKA ekimenak. Zer ematen die, berriz, hizkuntza horretan jarduten direnei?

KORRIKArekin, komunitate baten parten sentitzen dira herritarrak, "hau gurea ere bada". kontzientzia-ariketa eginda etortzen dira asko gurera; beste asko, ez. Bada, azken horiei talde baten parte sentitzeko aukera ematen die, eta, are gehiago, herriko giro euskaltzalearekin nahasten badira.

Besteak beste, azken hilabeteotan, euskarak pairatutako oldarraldi judizialak agerian uzten al du oraindik zenbateko garrantzia duten KORRIKAren gisako ekimenek?

Jakina. Gauza asko lortu ditugula ematen du, maiz. Eta, bai, noski, horrela izan arren, borroka egunero egin behar da euskalgintzan, bat-batean, kolpea etortzen delako, kasu honetan, epaitegietatik, eta kolokan jartzen dituelako horrek aurretik eskuratutako eskubide horiek. Eskubideak direlako, jakina.

KORRIKAren pareko ekimenek bultzada ematen diote eguneroko lanari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!