Hirugarren postua eskuratu du emakumezkoen senior eskubaloiak

Aiurri 2023ko aza. 27a, 11:11

Legazpiko La Salle garaitu ostean (19-30), hirugarren postuan da Urnieta Quel Abogados senior eskubaloi-taldea. Intentsitate handiko norgehiagoka izan zela adierazi du klubak, izan ere, kontzentrazio-maila handiarekin aritu ziren jokoan. 

Lan bikaina egin zuen Urnietako taldeak lehen zatian, eta aise gailendu ziren hasieratik markagailuan. Atsedenaldian, alde nabarmenarekin aurrea hartuta zioten aurkariari (8-16). Bigarren zatian, exijentzia ez zen jaitsi, eta modu ezinhobean, garaipenarekin, eman zioten amaiera lehiari. Zapore gozoz amaitu zuen taldeak asteko jarduna: "Urnietarrek partida ona jokatu zuten eta erasoan erritmoa berreskuratu zuten eraginkortasuna areagotuz".

Ez zuen horren asteburu oparoa eduki, ordea, Urnieta Artola harategia gizonezkoen taldeak, 25-29 galdu baitzuen Decotextil Euskadi Donibane, taldearen kontra. Klubak adierazi duenez, "kaskar samar" joan zen lehen zatia. Hala, atsedenaldiaren ostean jarritako intentsitate-maila altua ez zen nahikoa izan garaipena eskuratzkeo. Nekeak gain hartuta amaitu zuten norgehiagoka, 25-29. 

Garaipen bat eta bi porrot

Bide beretik, Urnieta Ñam Restaurantes nesken infantil taldeak denboraldiko lehen garaipena eskuratu zuen, Ereintzaren aurka (22-10). Garapen nabarmena edukitzen ari dira jokalariak astetik astera. Bestalde, Urnietako Iñaki Mecanizados taldeko infantil neskak ezin izan ziren emaitza positiboarekin itzuli Tolosatik, 24-19 galdu baitzuten. Porrotak porrot, azkeneraino lehiatu ziren eta jarrera bikaina erakutsi zuten. 

Urnieta Guria Jatetxea jubenil kategoriako mutilek, aldiz, bigarren faseko beren lehen porrota ezagutu zuten, Leizaranen aurka jokatutako derbian (29-18). Halaber, jubenil nesken taldeak, Urnieta Kamox Precision Machining, atseden hartzeko baliatu du asteburua.  

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!