Hiri Antolamendurako Plan Orokor berriak bi aldaketa nabarmen izango ditu

Jon Ander Ubeda 2023ko abe. 12a, 07:18

Industria eta etxebizitza lurrari dagokion araudia eraberrituko da Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean. Era berean, joko aretoak ikastetxe eremuetatik urruntzeko araua jasoko da.

Astelehen arratsaldean bilera deitu zuen Urnietako Udalak, HAPO-PGOU bezala ezagutzen den araudiaren proposamen berriak aurkezteko. Jorge Seguradok hitz egin zuen ekitaldiaren hasieran eta, segidan, Nekane Azarola abokatuari hitza eman zion. Hark azaldu zituen berrikuntza nabarmenenak.

Etorkizunean Azkarate, Babilonia eta Trankatx eremuan etxebizitzak eraikitzeko lursailak erabiliko dira. Eremu baten garapena %40 garatzea nahikoa izango da beste bi etxebizitza-eremuetan jarduera berriei ekiteko. Finean, portzentzaia da aldatzen dena. Zehazki, %80tik %40ra.

Industriguneei dagokionez, prozedura eta proportzio bera erabili nahi da etorkizunean. Zehazki, Miravalles eta Urkain Berri eremuetan.

Joko aretoak

Eskola eremutik 500 metrora urruntzeko proposamena aurkeztu zuten. Hala, horrelako negoziorik jarri nahi duenak, araudi berria aintzat hartu beharko du.

Bi aztergai horiek izan ziren nagusi Lekaio kultur etxean. Hogei herrikide elkartu ziren eta bertan ziren Jorge Segurado alkatea eta Herme Gonzalez PSE-EEko eta Euken Garmendia EH Bilduko bozeramaileak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!