"Lehia motibagarria da"

Jon Ander Ubeda 2023ko abe. 17a, 17:14

Gipuzkoako txapelketa lortu osteko elkarrizketan, denboraldiaren aurretik izandako zailtasunez mintzo da. Elkarrizketa argitaratu ostean, garaipen berria lortu du Beran.

Eskarmentu handiko txirrindularia dugu Olatz Odriozola Mugika urnietarra. Donostigain taldearen elastikoarekin lehiatzen ari da, eta, aurreko asteetan, Arabako Zuian eta Nafarroako Urdiainen garaipen bana eskuratu zuen. Abenduaren 10ean Gipuzkoako txapelketan parte hartu zuen, Seguran hain zuzen. Eskuak gorantz zituela helmugaratu zen, markatxo berria ezarriz bere ibilbidean.

Lehenik eta behin, zorionak Olatz!

Eskerrik asko.

Zein izan zen lehen sentsazioa helmugara iritsi eta eskuak altxa zenituen une horretan?

Kristorena, egia esan. Ez nuen espero. Lehia izan zen, baina uste nuen baten bat nire aurretik sar zitekeela. Behin garaipena lortuta, oso gustura! Motibazio erantsia dut oraingoan, gaztetxoak ditut inguruan oso maila ona ematen. Horiekin lehian aritzea motibagarria da.

Lehia pizgarria da zuretzat, beraz.

Lesio luze bat izan dut aurten. Ez nekien lehiatzeko moduan izango ote nintzen. Erabakia Gipuzkoako Federazioko teknifikazio saioetan parte hartu eta gero iritsi zen. Ziklo-kroseko lehen lasterketa iritsi aurretik hilabetea eman nuen errepideko bizikleta gainean. Karrantzako nazioarteko proba izan zen niretzat lehena. Zaila zen postu ona lortzea. Aldiz, Euskadi Open lehiaketa zabaldu zuen Zornotzako proban bigarren helmugaratu nintzen, garailearengandik segundu gutxira helmugaratuz. Lehen lehia bizia hor izan nuen, eta egun hartan lasterketetan murgiltzeko sekulako gogoa sentitu nuen. Behin lehia hori barnean duzula, motibagarria da oso. Lan-egutegia dela-eta, proba guztietan ezin dut parte hartu. Baina Zuian eta Urdiainen irabaztea lortu nuen, eta oso gustura sentitu nintzen.

Eskarmentua alde duzu zuk, Olatz. Lehiakide gazteen aurrean aritzeko, eskarmentua ondo baliatzea garrantzitsua baita.

Hori da nik aldeko dudan aldagaia. Fisikoki, prestakuntza aldetik, aurkari gazteak neu baino gehiago izan daitezke. Ibilbide azkarretan aukera gutxiago edukiko dudala argi dut, atzetik datozen aurkari gazteak errepidean trebatu baitira. Neu, aldiz, mountain bike-tik nator. Teknikoki ere prestakuntza ona dute, hiruzpalau urte dira ziklo-krosean lehiatzen ari direla. Baina teknika eta eskarmentua ondo uztartzen jakin behar da. Egunean bertan, lasterketan bertan, erabaki zuzenak hartzen jakin behar da. Ibilbideak lokaztuta daudenean, itzuliz itzuli, eraldatuz doaz. Proban bertan aldagai horiek analizatzen jakin beharra dago. Horrelakoetan kanpotik emandako aholkuek ez dute hainbeste balio, norberak ibilbidean bertan jakin behar du lasterketara egokitzen. Lasterketak ondo irakurtzen ikasi beharra dago eta, esango nuke, gaurkoz, eskarmentu hori nire aldekoa dela.

Hilabete batzuk atzera egingo bagenu, irudikatzen zenuen zure burua Gipuzkoako txapela jantzita?

Ez. Zornotzako lasterketan sekulako sorpresa hartu nuen, garaipenaren lehian murgilduta ikusi nuelako nire burua. Zer pentsatua eman beharko lioke txirrindularitza munduan murgilduta dabilenari, nire 40 urterekin hortxe aurrealdean ibiltzea. Nire atzetik datorrenak 16 urte bete berri ditu. Jubenil mailakoak dira. Bada ni baino gazteagoa den lehiakiderik, baina galdera honako hau da: non daude 23 urte azpikoak eta elite mailakoak? Zer pentsatua ematen du, horrek. Eta ez da soilik emakumezkoen kasua. Gizonezkoen mailan antzekoa gertatzen ari da. Belaunaldi oso bat galdu dela dirudi. 23 urte azpikorako jauzia oso handia da. Gehienentzat zaila da maila berrian egokitzea. Askok lehiatzeari uzten diote eta master 30 mailako lastekertetan agertzen dira berriro. Urteak galdu dira, bidean. Gizonezkoetan eta emakumezkoetan errepikatzen den faktorea da. Maila, beraz, baxua da. Junior mailakoei esaten diet maila ona erakusten dutela, baina maila handiagoko lehiakideekin trebatzea falta zaie. Beren jomuga bakarra Olatz Odriozola gainditzea bada, kirol maila hobetzetik urrun daude. Ni gainditzea ez da nahikoa. Hemendik kanpo maila ona eman nahi badute, lehiakortasun handiagoa behar dute. Zorionez, Gipuzkoan hiruzpalau urteotan egindako lanari esker, emaitzak iristen ari dira. Garapen horrekin jarraitu beharra dago.

Zein lasterketetan parte hartuko duzu hurrengo asteetan?

Asteburu honetan Beran ariko naiz, Nafarroan (Berriki izan da, eta han ere garaile izan da). Eta, abenduaren 30ean, Euskal Herriko txapelketa ospatuko da Abadiñon. Han izango naiz, asmo hori daukat behintzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!