Abian da 2030 Eskola Agendaren programa berria herriko ikastetxeetan

Aiurri 2023ko abe. 20a, 08:09

Urnietako Udalak hasiera eman dio 2030 Eskola Agendaren programa berriari udalerriko ikastetxeetan. Programa hori joan den ikasturtean ere garatu zen, Garapen Jasangarriaren zazpigarren xedea ardatz gisa hartuta: energia eskuragarria eta ez kutsagarria. 

Behin marko teorikoa zehaztuta, ekintzetara jauzi egiteko asmoa dute proiektuan parte hartzen ari diren ikastetxeek: ikasleek elkarrekin egingo dute lan Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzen lagunduko duen esku-hartze plan bat adostu eta gauzatzeko.

Hala, azaroaren hasieran, eskolen arteko foroa antolatu zen Lekaio Kultur Etxean. bertan, eztabaidatutako proposamen guztietatik bi erabaki ziren: Lehen Hezkuntzako ikasleek udalerriko puntu beltzen mapa berrituko dute; Bigarren Hezkuntzako ikasleek, berriz, energia-kontsumoari buruzko jardunbide onuragarriei eta elektrizitate-fakturak hobeto ulertzeko jarraibideei buruzko informazioa zabalduko dute herritarren artean.

Bide horretan, Udal ordezkariak joan den abenduaren 14an batu ziren ikasleekin udaletxean euren proposamen eta asmoen berri izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!