"Aiurri ezinbestekotzat jotzen dugu" izenburu duen adierazpena sinatu dute Urnietako herri eragile ugarik

Aiurri 2023ko abe. 20a, 17:54

Erreakzioa izan du Urnietako Udal Gobernu Taldeak Aiurrirako ekarpena nabarmen jaisteko asmoak.

Udalaren eta Aiurriren arteko 2019-2023 hitzarmena amaitzear dela, Udal Gobernu taldeak Aiurrirako diru-partida eguneratzeko eskaera atzera botatzeko asmoa agertu du. Ez hori bakarrik, diru-laguntza nabarmen  jaitsiko duela iradoki zien Aiurriko arduradunei. Urnietako gizarte bizitzaren erreakzioa berehalakoa izan da. Hemeretzi elkartek "Aiurri ezinbestekotzat jotzen dugu" adierazpena sinatu eta Urnietako udaletxean sarbidea eman diote. Adierazpenean zera diote: "Aiurrik Urnietan komunitatea egiten laguntzen du, tokiko informazioaren ikuspegitik, udalerriko bizilagunen beharrak asetzen dituelako, askotariko arlotan: kulturan, gizartean, kirolean, aisialdiarn, politikan... Aiurrin, protagonistak urnietarrak dira.  

Udal Gobernuak Aiurrirako partida nabarmen jaisteko asmoak kezkaz betetzen gaitu".

Sinatzaileak izendunak dira guztiak, elkarteak ordezkatuz. Hauexek elkarte eta mugimenduak:

  • Egape dantza taldea.
  • Poxta Zahar.
  • On Bizi merkatarien elkartea.
  • Sorginen taldea.
  • Urnietako Bertso Eskola.
  • AEK-ko irakasleak.
  • Zanpatuz mendi elkartea.
  • Txanbolin txistulari elkartea.
  • Bagara emakume feministak.
  • Manttale Kultur Elkartea.
  • Iñistorra euskaltzaleen biltzarra.
  • Aballarri Guraso Elkartea.
  • Goiburu-Xoxoka Auzo Elkartea.
  • Etxeberri Auzo Elkartea.
  • Urnietako Mugimendu Sozialista.
  • Azkorte Guraso Elkartea.
  • Elkartasun Ekimena.
  • Super H elkartea.
  • Denda Berri.

Elkarte gehiagok  ere interes bizia erakutsi du.

Adierazpena Urnietako alkateari zuzenduta dago, bi eskaera erantsiz:

"1. Erabaki asmo horrekin atzera egitea eta, aldi berean, urte luzez izoztuta dagoen dirulaguntza eguneratzea; Aiurriko lantaldeak, ahalik eta modurik duinean lanean segi dezan;

2. Ahal bait azkarren gaia aztertzeko, bilera bat egiteko aukera ematea".

Urnietako plenora joateko deia

"Aiurri urnietarrena da", horixe da gizarte eragile ezberdinen artean zabaltzen ari den mezua. Mezu horretan, Aiurri astekariak jasotzen duen murrizketa salatzean gain, abenduaren 21eko plenora hurbiltzeko deia luzatzen ari dira. Era baketsuan protesta egiteko asmoa dute, 18:00tan hasita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!