Gabonak | Urnieta

"Urte zaharreko lasterketa aitzakia ederra da herrian giroa pizteko eta urtea ondo bukatzeko"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko abe. 29a, 12:58

Poxta Zahar elkarteak San Silbestre lasterketa herrikoia antolatu du abenduaren 31n, arratsaldeko 16:00etan hasita. Izen-ematea 15:30ean hasiko da, San Juan plazan bertan. 4 kilometroko ibilbidea izango du probak. 

Besteak beste, Peru Sanchez, Lander Sanchez eta Iosu Lopez herrikideak dabiltza antolaketan. 

Hiru urteren ostean, hemen da, Poxta Zaharren eskutik, berriro ere San Silbestre lasterketa herrikoia. Zerk bultzatu zaituzte berriro hitzorduari eustera?

Peru Sanchez: Jendeak motibazio handia duela uste dut. Koronabirusaren ondoren, jende gehiago ikusi dut kirolean, korrika, mendian... Horrek eman digu bultzada hitzordua antolatzeko.

Lander Sanchez: Lehen ere egiten ziren ekimenak berreskuratzea ere badugu helburu, atzean gelditu ez daitezen.

Iosu Lopez: Korrika egitea gustuko dugun zenbait bildu gara, eta aitzakia horrekin, San Silbestrea berreskuratzea erabaki dugu.

Lasterketak duen kutsu herrikoiari ere eutsi nahi diozue, era berean.

I.L.: Ezaugarri hori ardatz hartuta antolatu dugu aurtengo edizioa. Ibilbidea aldatu dugu, baita kilometrajea ere. Edozein bizilagunek egin dezakeen distantzia da, ez da lau kilometrora iristen.

L.S.: Ibilbide motza, azkarra eta ahalik eta lauena izaten ahalegindu gara, herriak duen izaera aldapatsua kontuan hartuta, ahalik eta jende gehiena animatu dadin.

P.S.: Idiazabal kalea luzea eta laua da. Bada, guztia gurutzatu beharko da. Era berean, horrek ikusgarritasuna emango dio lasterketa herrikoiari, jende gehiago ibili ohi delako bertan.

Bi kategoria egongo omen dira, txikiena eta helduena.

L.S.: Haurren kategoria ere berreskuratu nahi izan dugu. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da hori, helduena baino zertxobait lehenago. Adinaren araberako taldeak egingo dira.

I.L.: Hori da, haurren kategorian, hiru azpimultzo egongo dira: 5-6 urtekoak 7-8 artekoak eta 9-10 bitartekoak. Adin horretatik aurrera, lasterketa luzean parte hartzeko aukera izango dute.

Parte hartu nahi duenak, nola egin beharko du dortsala eskuratzeko?

L.S.: Lasterketaren aurretik izango da izen-ematea, 15:30ean. Hiru euroko balioa izango du parte-hartzeak eta solidarioa izango da lasterketa.

I.L.: Dortsalaz gain, kateorratzak ere gure kontu! Bestalde, horrelako ekimenak gauzatzeko boluntarioen lana ezinbestekoa da. Beraz, interesa duenak jarri harremanetan 634410381 mezu bat bidalita.

P.S.: Eta, adi, mozorroa derrigorrezkoa izango da parte hartzeko!

Ayestaranek, Londonen laguntzarekin, egindako oroigarria eskuratuko dute helduen kategoriako lehen sailkatuek. Baina, era berean, askotariko produktuen zozketa ere izango da, lasterketako parte-hartzaileentzat.

I.L.: Tokiko merkatarien eskutik banatuko ditugu zozketa bidez opariak. Honako hauek hartuko dute parte: Hotel K10, Leandro Belaunzaran harategia, Altuna sagardotegia, Zaldundegi jatetxea, Fagoaga harategia, Iparralde taberna, Rosco urdaiazpikoak, Guria taberna, Muazpi harategia, Frontoi taberna, Oianume jatetxea, Gaztelo gozotegia, Labetxo okindegia, Egur taberna eta London akademia. Nork bere eskaintza egin du, lasterketari begira.

Dena dela, guztia ez da sari-banaketarekin amaituko ezta? Ospakizun giroari jarraipena emango omen diozue…

L.S.: Frontoi tabernan hasiko dugu iluntzeko poteoa, herriari itzulia eman aurretik. Dortsala erakusten dutenek deskontua izango dute. 

I.L.: Halere, eskaintza berezia ere izango dute, ziurrenik, ikusleek zein boluntario-lanetan egon direnek. Aipatu ere, batetik, azken urteetako Gabonetako dinamika aldatu nahi izan dugula aurten. Eta, bestetik, eskertza modura, urte osoan Poxta Zaharrekin keinu berezirik izan duten taberna horietatik itzulia eman nahi dugu, Frontoi tabernatik hasita.

Parte hartu nahi duenarentzat gomendiorik bai?

P.S.: Lasterketa motzagoa izango da, beste urteekin alderatuta. Hortaz, egin beharreko ahaleginagatik zalantzan dabilen horri esango nioke ez duela arazorik izango hasteko eta bukatzeko, ez dagoela presarik.

L.S.: Mozorrotuta joateak ere lagundu egingo die lotsatiei, korrika egin bitartean, inor ezagut ez ditzan.

P.S.: Aitzakia ederra da herrian giroa pizteko eta urtea ondo bukatzeko.

L.S.: Aurrera begira, datorren urtean antzeko kirol-dinamikak sustatzen ahaleginduko gara Poxta Zaharretik.   

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!