Urtero Xoxoka-Besabi tartean seinaleak jartzen dituzte udaltzainek, eta zainketa berezia egin. Urnietako Erratzu zubitik, edota geltokitik gora, Goibieta baserriaren parean seinale bat jartzen da errepidea moztua dela adieraziz. Ormaxarreta baserrian, aldiz, eta Xoxoka aldera, errepidea mozten da hesiekin: zentzu bakarreko norabidea baimentzen da Xoxokatik Urnietara, Ormaxarreta bitarte.
Errepide itxiera goizeko 8:00rako egingo da, eta Xoxokatik Besabira doan errepidea autoz betetzen denean, Maingonea ondoan, igoerako errepidea itxi egingo da. Hori gertatu ostean Xoxokara iristen diren autoei Urnietara bidean aparkatzeko aginduko zaie, Xoxokako Adarra jatetxeko paretaren kontra, hain zuzen ere, eta errepideko eskuin karrila libre utziz, nahi duenak Urnieta aldera jaisteko aukera izan dezan. Printzipioz, auto horien ilara Ormaxarreta pareraino iristen da, baina leku gehiagoren beharra gertatzen bada, udaltzainek beherago mugituko dituzte hesiak, aparkaleku gehiago atonduz. Inguru horretan bi udaltzain egongo dira 8:00an hasi eta autoen joan-etorria lasaitu bitarte, eta zalantzak duen orok haiei galdetzea nahiko, zer egin zehatz jakiteko. Irurain aldetik igotzea gomendatzen dute Udaltzainek, eta Xoxokan haiek emango duten informazioa jarraitzea, egoki aparkatzeko.
Eguraldi ona aurreikusten da, baina ibilbidea lokaztuta topatuko dute mendizaleek
Urteberri egunerako eguraldi ona iragarrita dago, lainoak akaso baina hotzik ez da izango. 8-10 C-ko tenperatuta espero da. Hori bai, ibilbidea lokaztuta egongo da abenduaren 31ko goizean prezipitazio nabarmenak espero direlako.
Urtarrilaren 1ean, ohi bezala, jendetza espero da Adarramendin.