Urriza eta Azpiroz, binakako txapeldun berriak

Aiurri 2023ko abe. 31a, 09:23

Oso partida orekatua izan zen, eta Ansa-Martirenak ere txapela janzteko aukera izan zuten. Baina azken detaileetan, tantoak Urrizaren alde izan ziren. Bikoteka lortzen duen zortzigarren txapela da urnietarrarentzat.

Urriza-Azpiroz 2-0 Ansa II-Martirena
2-0 (13-15, 14-15)

Urriza eta Azpiroz Orona Fundazioko Binakako Txapelketako txapeldun berriak dira, finalean Ansa II.a eta Martirenari 2-0 irabazita. Patida parekatua, zirraragarria izan zen. Berdintasun handikoa, bi setak azkenerarte ez ziren erabaki. Lehenengoan 13-15 irabazi zuten urdinek, 13-11 galtzen joan ondoren. Eta bigarrenean 14-13koa irauli zuten urdinek.

Zortzigarren txapela da Javier Urrizarentzat. Inork ez du inoiz binakako hainbeste txapel irabazi. Zazpi atzelari ezberdinekin jokatu dituen hamar finaletatik zortzi irabazi ditu. Bigarren txapela da Xabier Azpirozentzat.  Ansa II-Martirenak bigarren finala galdu zuten.

Erresistentzia handiagoa, defentsa hobexeagoa eta finxeago ibili ziren. Xehetasun gutxi dira, baina nahikoa txapela irabazteko.

1550 lagun Galarretan

Galarretak egun historikoa bizi izan zuen. 1550 lagunek bete zuten pilotalekua, eta jaialdia minutu batzuk geroago hasi zen, ilara luzeak sortu zirelako. 200 pertsona inguru kanpoan geratu ziren, sartu ezinik. Enpresak barkamena eskatu du: "Barkamena eskatzen dugu eta sentitzen dugu 200 pertsona baino gehiago frontoira sartu ezinik geratu izana. Bihotz-bihotzez sentitzen dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!