KORRIKA

Bi aldiz igaroko da KORRIKA Urnietatik

Alba Cabrera Jauregi 2024ko urt. 11a, 12:26

Beroketa-lanetan hasi beharrean zaude, irakurle, martxoaren 14tik 24ra KORRIKA igaroko baita Euskal Herriko zazpi probintzietan barrena, baita Urnietan ere, eta zein modutan, gainera! Bi aldiz igaroko da euskararen aldeko lasterketa erraldoia herritik.

 Bai, bai, ongi irakurri duzu: lehen aldiz, martxoaren 19an, asteartearekin, jasoko dute urnietarrek lekukoa. Hernanitik etorriko da, Oztaran aldetik, 21:38tan, zehatz mehatz, eta, herriko kaleetan barrena ibili ondoren, Lasarte-Oriaranzko bidea hartuko du “Harro Herri” lemapean, Kostegi parean.

Handik egun batzuetara sartuko da berriro eskualdean lasterketa, hain justu ere, martxoaren 23an. Kasu honetan, andoaindarrak izango dira protagonista, lehenik: Adunatik iritsiko zaie euskararen aldeko aldarrikapena, arratsaldeko 15:57tan. Ohiturak agindu bezala, ongi-etorri beroa emango diote herriko euskaltzaleek lasterketari, ospakizun-giroan murgilduta. Behin gorputza berotuta, urnietarren txanda izango da, bigarrengoz. 16:42ean zeharkatuko dituzte herriko kaleak hizkuntzaren aldeko korrikalariek: San Juan, Aranzubi, Idiazabal... Hernanitik igarota, Donostiaranzko bidea hartuko du lekukoak, biharamunean, hamaika eguneko erronkari Baionan amaiera emateko asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!