Antzerki-eskaintza bikoitza, Saroben, datozen egunotan

Alba Cabrera Jauregi 2024ko urt. 13a, 09:13

Kultur eskaintza zabala prestatu du, 2024 urteari begira, Sarobek, bere sorreraren 30. urteurrenean. “Antzerkiz josita” dator urtarrila Sarobe arte eszenikoen gunea, urtarrilean. 

Urtea hasi bezain pronto ekin zion eskualdeko erreferentziazko kulturguneak bere jardunari. Hala, askotariko eskaintzak izango dira aurten ere bertan, adin eta gustu guztiei begira. Tomaxek eta Muxik, esaterako, Saroben hasi zuten beren pailazo-ibilbidearen azken urtea, “Azken festa” emanaldi bereziarekin. Bide beretik, egoitza artistiko-teknikoa egin du berriki Txalo antzerki konpainiak Saroben, joan den asteazkenean aurrestreinatutako "Almazenean" antzezlana jendaurrean taularatzeko.

“Postdatarik gabeko gutunak”, hilaren 14an

Datozen asteetan, bi proposamen dakartza Urnietako guneak, kulturzaleei begira: lehenik, geldialdia egingo du Xake Produkzioak konpainiak herrian urtarrilaren 14an, orain gutxi labetik ateratako “Postdatarik gabeko gutunak” obra taularatzeko. Getari Etxegarairen gidaritzapean, “bakarrizketa lagundu bat” aurkeztuko dute Kepa Errasti eta Nerea Ariznabarreta aktoreek. Igande honetan iritsiko da obra herrira, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerek 7 euroko kostura izango dute eta, jada, eskuragarri daude Saroben, baita kulturgunearen webgunean ere. Egunean bertan, irekita egongo da txarteldegia, azken orduan dabiltzan horientzat. Edukiaz honako hau aurreratu daiteke: Mikelek bost urte eman ditu preso, eta ordubete geratzen zaio bizimodu berri bat hasteko. Ordubete hau inoiz parez pare ezagutu ez duen igorle misteriotsu bati eskainiko dio. Izan ere, azken hilabeteetan gutun misteriotsu batzuk jaso ditu bere burua identifikatu ez duen norbaiten partetik.

“Laika”, hilaren 21ean

Euskal Herritik harago ere jo du aurten arte eszenikoen gunearen begiradak, urtarrilaren 21ean, Xirriquitela Teatre Kataluniako antzerki-konpainia izango baita Urnietan, arratsaldeko 17:30etik aurrera “Laika” obrarekin. 1957. urtera atzera salto egiteko gonbita luzatzen du ikuskizunak, Laika txakur ezagunarekin Sputnik 2 espaziontzian sartu eta Lurraren bueltako orbitan ibiltzeko. Lau urtetik gorakoei zuzendutako emanaldia da, eta 3 euroko kostua izango du. Kulturgunera gerturatuta edo webgunean sartuta eskuratu daitezke sarrerak, baita egunean bertan ere, txarteldegian.

Antzezlanaren sinopsia honako hauxe da: 1957 urtea. Mosku. Gerra Hotza eta espazioko lasterketa. Laika txakurtxoak nola edo hala bizirauten du hiri izoztuan. Ez daki bere zoriak espazioraino eramango duela Sputnik 2.aren barruan; eta gizateriaren historiara pasako dela Lurraren inguruan orbitan ibilitako lehen izaki bizidun legez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!