Pasa den larunbatean egin zuten hitzordua, eta naturak egun hotz baina eguzkitsuarekin hartu zituen Ion gogoratzera bertaratu ziren guztiak Besabin.
Hogeita hamar bat laguneko multzoa Adarramendira igo zen aurrena, urnietarren mendi kuttuna, eta Ion Izagirrek hainbeste maite zuena. Aurreko egunetako negu eguraldi gordinak utzitako elur eta izotz hondar batzuk zapaldu ondoren, taldea Izagirreren heriotza gogoratzen duen txokora bertaratu zen, Aballari eta Arlegor haitzen artean. Iaz landatutako gorostia sendo dagoela ikusi zuten lagunek, tinko eutsi diola neguari, Nepalgo banderatxoek haizeari bezala.
Kolore urdinak zerua ordezkatzen du; zuriak ura, gorriak sua, berdeak airea eta horiak lurra. Txoko hartan presente zeuden elementuak, denak. Lagunek Ion kidearen erretratu dotore bat jarri zuten banderatxoen eta oroigarriaren artean, eta txoko hura maitasunez zipriztindu. Aballarri hormaren magalean, eta itsasoari begira geratuko da Ion betiko, Benito Lertxundiren kopla ezaguna lagun.