Amaia Agirre Gonzalezek utzi gintueneko lehen urteurrena

Aiurri 2024ko urt. 19a, 07:12

Urtea bete da Amaia Agirre alpinista urnietarraren eta haren espediziokide Iker Bilbao durangarraren desagerpenetik. Fitz Roy mendia eskalatu ostean izan zuten istripua, elur-jausi batek harrapatu ostean. Josu Linazak eman zuen abisua, haiekin batera zegoen onik ateratako espedizioko kideak. Urnietan eragin handia izan zuen gertaerak. Geroztik, aitortza ekitaldi bat baino gehiago izan da herrian.

Amaia Agirre Gonzalez urnietarra zen, jaiotzez. Egape Ikastolan lehen pausoak eginda, bizitzak Aragoiko mendi-lerroetatik gertu instalatzera eraman zuen, Zaragozako Unibertsitatean medikuntza ikasi ondoren. Harrezkero, beti egon zen emakumezkoen alpinismo-taldeari lotuta, Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak nabarmendu duenez: besteak beste, 2021ean, expedizioko mediku izan zen 6.257 metroko garaiera duen Chekigo (Nepal) mendia tontorreratzean, hura igotzeko, bide berria ireki ondoren. Osasungintzari buruz zuen jakintzaz baliatuta, gainera, uneoro kolaboratu zuen Federazioan baliabide medikoei, baita goi-mendiko aholkularitzari dagokionez ere: botika-kutxak egitean, expedizioko osasun-neurri prebentiboetan, altuera-gaitzarekin, izozteekin…

Iaz Aiurri astekarian landu bezala, eskarmentu luzeko mendizalea zen Amaia, eta makina bat bidezidor, horma eta gailur dastatu zituen bere ibilbidean: tartean, Grandes Jorasses mendiaren sabaiera ailegatu zen Gorucho Marx bidean barrena, dozena bat eskalada-bide poltsikoratu zituen Jordanian eta Saudi Arabian, “Eternal Flame” bidetik igo zuen Pakistango Nameless Tower, baita ia zerua eskuekin ukitu ere Karakorumeko tontor garaietan.

Doluminez, babesez eta indarrez betetako hitzak bidali zizkien Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Amaiaren eta Ikerren senideei nahiz lagunei: “Alpinistarik onenetakoa zen Amaia, taldearen funtsezko zutabea, eta, batez ere, mendia berak bezala maitatzea amesten duten emakume eta neska askorentzat erreferente”, azaldu du Alberto Ayora Federazioko presidenteak: “Bere oroitzapena gelditzen zaigu, bere konpromisoa, eta hainbeste maite zituen mendiak maitatzen, babesten, gozatzen eta zaintzen jarraituko dugu”.

Gertaera kolpe handia izan zen euskal gizartearentzat. Egun haietan jasotako dolumin-mezuen artean, honakoak gogoan hartzekoak:

Elkartasun mezu ugari zabaldu dira sareetan, egunotan.

  • Zanpatuz mendi elkartea: "Egun tristeak urnietarrontzat eta oro har mendizaleentzat. Amaia Agirre urnietarra eta Iker Bilbao durangarra elur-jausi batek harrapatu zituen atzoko egunez Patagoniako Fitz Roy mendia eskalatzen ari zirela. Besarkada estu bat senideei eta adiskideei".
  • Pou anaiak: "Diziplina guztietan nagusi zen, eta publiko zabalarentzat oharkabean pasatzen bazen ere, horretan gabiltzanok bagenekien alpinista handi baten aurrean geundela. Agur eta ohore Amaia eta Iker".
  • Urnietako Udala: "Urnietako Udalak bere atsekabea helarazten die Agirreren senide eta lagunei zorigaiztoko gertaera honen aurrean. Aldi berean, babesa eta maitasuna erakutsi nahi dizkie une zail hauetan, eta behar duten laguntza eskaintzen die".
  • Iñigo Urkullu lehendakaria: "Zoritxarreko istripu batek Patagonian lurperatu ditu Amaia Agirreren eta Iker Bilbaoren gorpuak. Bizitza galdu dute hainbeste maite zituzten mendiak igotzen ari zirela. Samina nagusitzen den une hauetan, euskal gizartearen izenean, baita neurean ere, doluminik zintzoenak agertu nahi dizkiet haien senitartekoei, lagunei eta mendizale guztiei. Goian beude!".

Etxekoen mezua, lehen urteurrenean

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!