Orain dela 120 urte, 1904. urtean, ireki zituen lehenengoz sagardotegiko ateak Altunak. Harrezkero, sagarrari estuki lotuta bizi izan da familia, erreferente bilakatzeraino. Orotara, lau belaunaldik hartu dute, mende pasatxoan, Altunaren gidaritza. Xabier Altuna dabil orain kudeaketa-lanetan. Urtarrilaren 24an hasiko dute txox-denboraldia.
Aurten, txotx-irekiera izango da Urnietan, Altuna sagardotegian.
Aurten, lehen aldiz, Urnietan ere txotx-irekiera egingo dugu, herriko Udalak bultzatuta eta Sagardogile Elkartearen laguntzarekin. Lau sagardogileak elkartu ginen, alegia, Oianume, Elutxeta, Eula eta Altuna. Ados ginen proposamenarekin. Lau urtez egiteko asmoa dago, aldiro-aldiro, sagardotegi ezberdin batean. Altuna sagardotegia hasiko da. Datorren asteazkenean, urtarrilaren 24an izango da irekiera-ekitaldia. Hitzordu xumea izango da, Urnietan ere sagardoa badela eta, historikoki, betidanik egon dela erakusteko. Gonbidatu bereziak egongo dira, Nerea Arruti eta Imanol Ansa.
Prentsaurrekoa izango da, 10:30ean. Bertan izango dira Jorge Segurado Urnietako alkatea eta Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogile elkarteko koordinatzailea. Jarraian, Aukeran Dantza Konpainiak erakustaldia egingo du eta Txanbolin Txistulari Bandak jarriko dio doinua ekitaldiari. Upelera gerturatu eta lehen zurruta dastatzeko aukera izango dute gonbidatuek, hamaiketakoarekin batera.
Urtarrilaren 24an zabalduko ditu bere ateak Altunak. Zeintzuk dira, denboraldia hasi aurretik, azken orduan izan ohi dituzuen zereginak?
Azken pintaketa-lanetan gabiltza egunotan, baita garbiketan ere, txukun-txukun uzteko. Aurten, aldaketa txikiak egin dizkiogu sagardotegiari, esate baterako, parrilla berritu dugu. Apur bat handixeagoa da orain. Etxe ondoan, aparkalekua handitu dugu, nahiz eta jende asko trenean etorri, nahi duenak eroso izan dezan bertan autoa uztea.
Honezkero, erreserbak egin nahian, deika eta deika al dauzkazue sagardozaleak?
Gabonen aurretik jaso ohi ditugu lehenengo deiak. Batez ere martxo aldean izaten ditugu erreserba gehien, larunbat eguerdirako. Gabonek iraun bitartean nabarmenki jaisten dira deiak eta, behin urtea hasita, berriro hots eta hots hasten da telefonoa.
Azken urteetako joerari erreparatuta, asteburuek jarraitzen al dute izaten arrakasta gehien?
Joerak berdin jarraitzen du. Larunbat eguerdirako deitzen du, gehienbat, jendeak. Aste barruko erreserbak jaitsi egin dira azken urteetan, baita gauekoak ere.
Bezeroaren asmoaren araberakoa da hori. Lasai eta patxadaz gozatzeko, hobe da aste barruan etortzea. Parranda-giroa nahi baldin baduzu, hobe asteburua.
Kopuruari dagokionez, ekoizpen oparoa izan al duzue denboraldi honetako uztan?
Gutxi gorabehera, beti kopuru berdintsua ekoiztu ohi dugu. Etxeko sagarrari dagokionez, Urtebi Txiki, Urtebi Haundi, Goikoetxea eta Moko erabiltzen ditugu, batez ere. Hortik aurrera, beste mordoxka batekin ere egiten dugu lan. Sagar-kopuruari dagokionez, urte ona izan da, nahiz eta aurreikuspenetara ez iritsi, zuhaitzean bertan dezente usteldu baita. Dena dela, joan den denboraldia baino hobea izan da.
Nola definituko zenuke, aurten, zuen kupeletatik dastatuko den sagardoa?
Aurtengoak, orokorrean, joan den urtekoak baino alkohol gutxiago dauka, eta gorputza ere txikiagoa du, baina zapore ederra du. Prest dago, jada, sagardozaleentzat!
Ekoizten duzuen sagardotik zenbat doa kupeletara eta zenbat botiletara?
Proportzionalki, askoz sagardo-kopuru handiagoa bideratzen dugu botiletara. Gehienbat, jatetxeetara, tabernetara, denda txikietara eta elkarte gastronomikoetara bideratzen dugu, Urnietan bertan, baita inguruko herrietan ere: Nafarroa iparraldea, Tolosaldea, Goierri, Andoain, Donostia... Bezero partikularrak ere baditugu. Online bidez erosteko aukera ere bada. Gaur gaurkoz, Sagardogileen elkartetik eskuratu daiteke, nahiz eta, aurki, gure web orrialde propioa kaleratuko dugun.
Sagardotegiko jardunaz gain, Urnietako beste hainbat hitzordutara iristen da Altuna sagardotegia.
Gertutasunez eta gertukoekin egiten dugu lan Altuna sagardotegian. Hori horrela izateko, zuk aipatu bezala, herriko eragileekin aritzen naiz elkarlanean. Nire aldetik, ahalik eta laguntza handiena bermatzen saiatzen naiz. Adibidez, txotx mugikorra daukagu, otordu herrikoietarako eta sari gisa ere bildatzen ditugu, tarteka, Altuna sagardo-botilak.
1904. urtetik martxan, 120 urteko ibilbidea du Altunak. Egun, zurea da sagardotegiaren gidaritza. Kosta egiten da, oraindik, belaunaldi gazteak sagardotegiaren kudeaketan ikustea.
Hori da zehazki gure familiak etxe honetan daraman denbora. Olaberriako birramona neskame-lanetan aritu zen hemen ondoko baserri batean, eta, Eskoriatzako birraitona, berriz, trenbideko eraikuntza-lanetan zebilen. Urnietan ezagutu zuten elkar eta 1904. urtean mugitu ziren gerora gure etxe bilakatu den horretara. Garai hartan, abereez zein baratzaz arduratzeaz gain, sagardoa egiten zuten, baina oso kopuru txikian. Aiton-amonek joerari eutsi zioten, ondoren, baita gurasoek ere. Denborarekin, profesionalizatzen nahiz espezializatzen joan da gure familia. Gaur egun, sagarodarekin, soilik, egiten dut nik lan.
Egon, badira batzuk, baina zaila izaten ari da lekuko-aldaketa ematea. Orain bost bat urte hasi zen ematen belaunaldi aldaketa, eta beste horrenbestean jarraituko du. Urrutira joan gabe, badira batzuk, baina ez ditut asko ezagutzen. Adineko jende asko dago segidarik gabe.
Hitzordu bereziarekin, irekierarekin, alegia, ekin diozue txotx-denboraldiari. Noiz arte izango dute aukera herritarrek zuen sagardotegira gerturatzeko?
Apirilaren 28an itxiko ditugu ateak, igandearekin. Sagardotegi-denboraldiaren kronologia tradizionala mantentzen dugu, oraindik.
Interesa duenak, nola egin erreserba?
Gehienak telefonoz jasotzen ditugu, 943 55 49 17 zenbakira deituta. Baina, online bidezko erreserbek ere indarra hartu dute, Sagardogileen elkartearen webgunean. Animatu dadila jendea, laster baino lehen irekiko baitutu ateak Altuna sagardotegiak!