Urnietako Udalak behin betiko onartu du "Babilonia" eremuko Plan Partzialaren aldaketa

Aiurri 2024ko urt. 22a, 12:09

"Babilonia" izenez ezagutzen den 32-HEAren Plan Partzialaren aldaketa behin betiko onartu zuen Urnietako Udalak abenduko ohiko osoko bilkuran: besteak beste, 340 etxebizitza, Egape Ikastolako DBHko zentro berria edo adinekoen egoitza berria eraikiko dira inguru horretan. Eremua jabetza pribatukoa den arren, Urnietako Udalak garapen hori sustatzeko eta laguntzeko konpromisoa hartu du: "Lehenengo obrak, ikastetxe berriaren eraikuntza eta patio inklusiboa, aurten hasiko dira."

Aurreikusitako 340 etxebizitzetatik, % 55 babes ofizialekoak izango dira, % 20 tasatuak eta gainerako % 25a etxebizitza libreak. Era berean, Urnietako Udalak aderazi bezala,  "lursail bat utzi zaio Eusko Jaurlaritzari Egape Ikastolako DBHko ikastetxea eraikitzeko".  

Bestalde, "zaintza-eredu berriari jarraituz" adinekoentzako egoitza bat egongo da, 120 plazarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatuko du. Dagoeneko onartu da lurzoruaren lagapena, eta lankidetza-protokolo bat sinatu du Urnietako Udalak. 

Zabaletako trafikoa

Zabaleta inguruko trafikoak eragindako albo-kalteei irtenbidea jarriko diela adierazi du Urnietako Udalak. Hirigunearen mugetatik kanpo bide alternatibo bat eraikiko dutela jakinarazi du. Lotune berri bat jarriko da Langardako bidegurutzetik, biribilgune baten bidez, garatutako eremuarekin eta Lasarte-Oriarako bidearekin lotzeko: "Abenduko osoko bilkuran bertan, konpromisoa hartu zen aurten bidea ahalik eta azkarren egiteko, legezko izapideek ahalbidetzen duten neurrian. Udala lehentasunez ari da lantzen jarduketa hori". 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!