Etxean bezala... Amazonian!

Andoni Urbistondo 2024ko urt. 24a, 07:36

David Segurado Iriondo etxean bueltan da egun hauetan, Claudia emaztea eta Mathilde alaba txikia lagun; mende laurdena joan da, dagoeneko, jaioterria atzean utzi eta Perun bizitza egiten hasi zela.

Amazonia eskualdean eta Lima Peruko hiriburuan ezagutzen ez duten hotzarekin egin dute topo David Segurado Iriondo urnietarrak, eta bere familiak, Claudia Torres-Sovero emaztea eta Mathilde, Tite alaba txikia, lau urtekoa. Alaba jaio zenetik bisitak ugaritzen saiatu dira David eta Claudia, txikiak Urnietan bizi diren aiton-amonak, izeba-osabak eta beste lehengusuekin aste batzuk pasatzeko. Urnietara iritsita gurasoek hartu zuten lehen lana Tite-rentzat neguko arropa erostera joatea izan zen, ez baitauka jantzi egokirik hiruzpalau graduko tenperatura jasateko. David aita, aldiz, pozik egon da hotzaren sentsazioarekin arnastuta, lana egiten duen Amazonia oihanean bero hezea baita agintari.

Euskal Herriko gazte asko bezala, eskalada eta mendiari esker ezagutu zuen mundua David Seguradok. 2000 urtean Amerikako gailur garaiena, Aconcagua igotzeko abenturan murgildu zen mendira joaten zen koadrilarekin. Urnietan zeukan egunerokoak ase ez, eta hilabete batzuk lehenago abiatu zen Hego Amerikara. Mendiko espedizioa bukatu zuen, baina ez zuen bueltako hegazkinik hartu. Hara eta hona ibili zen hilabete batzuk, etxean aurreztutako 3.000 dolarrekin, eta halako batean Cuscon, Peruko Andeetako hiriburuan finkatu zen.

Turismoa eta Amazonia lotzen hasi zen, logistika kontuetan aurrena. Enpresa batek oihan itxian aterpe bat eraikitzeko agindua eman zion, eta han egon zen, lau hilabete luzez, arroz zaku batekin, bakar-bakarrik: “Bakarrik, gizakiei buruz ari naiz. Animalia asko zeuden oihanean, pizti zenbait ere bai”. Jaguar batekin hartu-eman berezia izan zuen Seguradok egun pare batez. Nornahi beldurtzeko moduko pasadizoa umoretsu kontatzen du David-ek, jaguarraren urruma irudikatzen duen bitartean.

Lau hilabete gogor haietan asko ikasi zuen urnietarrak: irauten, naturaren oztopoei aurre egiten, bere burua antolatzen… “Ez zen erraza izan, erabat inkomunikatuta bainengoen. Irrati bat zuten herri txiki batera iristeko ordu piloa ibili behar nintzen, eta beldurra ematen zuen ibai emaritsu bat zeharkatuz”.

Peruko Amazoniak 780.000 kilometro koadro ditu. Euskal Herria, gure aberriaren tamaina 35 bat aldiz. Harekin maitemindu zen betirako David, eta bertan topatu zuen, urte batzuk geroago, bere bizitzako giza maitasuna: Claudia Torres-Sovero. Tropikoko biologoa, ikasketez, baina ekosoziologoa, jardunez, bere ahotan. Hegazti behatzaile aparta delako, baina baita Amazoniako jendartearen ahalduntze ekimenen sustatzaile nekaezin ere. Bikoteak hirugarren beso bat du bere egunerokoan, lanean jarduteko: droneak.

Mundu berri bat

Dronek mundu berria ireki zuten David eta Claudiarentzat. Ezezaguna, aurrena. Haien erabilpenaz informazio gutxi zegoenean, formazio ikastarorik gabe. Hainbesterako, David bera izan zela Peru osoan droneak gidatzeko baimena lortu zuen lehenetako pertsona. Ondoren ikasleak trebatzen jardun zuen, eta droneak Amazonian segurtasunez erabili ahal izateko software bat ere garatu zuen enpresa estatubatuar batekin elkarlanean.

Titulua poltsikoan, lanean hasi zen, hainbat bezerorekin: meatzaritza enpresak, Peruko Gobernua bera Amazoniako herritarrak ahalduntzen droneen erabileran, Amazoniako oihana ilegalki erretzen zuten gaizkileen kontrako jazarpena… Horiek guztiak lan profesionalak izan dira, baina pertsonalak ere asko garatu ditu bikoteak. David-ek eta Claudiak Gobernuaren lur sail baten kontzesioa dute laino basoan, San Ramon hiritik gertu (Chanchamayo eskualdea, Limatik zortzi bat ordura errepidez). 40 hektarea ditu, eta bertako landaredia eta fauna ikuskatu eta zaintzen dute. Tximu iletsuaren irudiak grabatu zituzten munduko lehenak izan ziren, droneei esker, hiru urte atzera, eta horien ikerkuntza osatzen ari dira Ingalaterrako Mancehester hiriko unibertsitatearekin elkarlanean egun.

Claudia irakasle lanean aritzen da, Amazoniako herritarrak ahalduntzen, “haiek hezten: Amazoniako oihanaren kontserbazioa etorkizunari begira funtsezkoa dela erakusten saiatzen gara”. Izan ere, ezaguna da Amazoniako oihanean egiten den zuhaitz mozketa masiboa. Horren aurka egiten dute tinko Claudiak eta David-ek, eta bertako biztanleei oihana kontserbatzeak dakartzan onurei buruz mintzatu: “jendea behartsu samarra da, eta zuhaitz mozketak berehalako etekina suposatzen du askorentzat. Gu beste bizimolde batzuk erakusten saiatzen gara, mozketa masiboa saihestuz”. Bitxikeria moduan, Claudiak bertakoak ikasteko pedagogia bitarteko garrantzitsuena bideoak direla dio: “Liburuekin saiatu ginen, baina azkar jabetu ginen ez zirela oso liburu zaleak. Bideoekin, aldiz, sekulako erraztasuna zeukaten, eta horiek dira gure heziketaren bizkarrezurra”.

Hilabetea bukatu arte etxean

Hirukoteak hilabete osoa pasako du Urnietan, Daviden gurasoekin: “Mathildek lau urte ditu, eta azkena etorri ginenean haur txikia zen oso. Orain Marian eta Amador amona aitonekin denbora asko pasatzen du, eta gustura ikusten zaio”. Hainbesterako, Tite-k amoÒi eta aitona esaten diela Marian amonari, eta Amador aitonari. David berari deitzeko ere aita hitza erabiltzen du txikiak. Urnietan egingo duten hilabetean ez daukate asmo berezirik, Daviden esanetan: “Etxekoekin egotera etortzen gara, eta egiten duen eguraldia eta hotzarekin, etxe bueltan ibiltzen gara asko”.

Miarritzera egin zuten osteratxoa, eta Donostiako Aquarium-a bisitatzen ere izan ziren, itsas faunako zaleak direlako oso. Adarramendi ere zuritu zuen pasa den astean, eta Tite txikia Urnietako mendi kuttunera eraman zuten. Gozatu ederra hartu omen zuen, besteak beste Liman eta Amazonia oihanean ez duelako elurrik egiten. Tite-k Urnietan zapaldu zuen elurra lehen aldiz bere bizitza laburrean. Bestelakoan etxetik ibili dira, Marian amonak prestatutako gutiziak dastatzen: babarrunak, txerrikiak (Perun zaila omen da kalitate onekoak lortzea), lagunek emandako gaztak… Daviden koadrilarekin ere afaritxo batzuk eginak dira David eta Claudia.

Datorren astean egingo dute buelta Peru aldera, Madrilen, Espainiako hiriburuan egun batzuetako geltokia egin ostean (Claudiak bertako Autonoma Unibertsitatean egin zuen maisutza). Ez dira epe luzeko planak egin zaleak, baina momentuz etorkizun gertua Perun, Lima eta Amazonia oihana artean ikusten dute Davidek eta Claudiak. Hainbat proiektu dituzte abian, eta haien garapenak lan dezente ekarriko dio bikoteari hurrengo urteetan.

Tiburoi-balearen jarraipena egiten ari dira Peru iparraldeko kostaldean, Itsaso Barean. Nazioarte mailako ekimena da, Ekuador eta Kolonbian ere aritu nahiko luketelako. Claudiari dagokionez, ikerketa abiatu du beste hainbat irakaslerekin Amazoniako komunitate batekin, kultura-nortasuna eta ekoturismoa generoaren ikuspuntutik aztertzeko. Peruko Madre de Dios eskualdeko Ese¥Eja del Infierno komunitatea aztertzen ari dira, hain zuzen ere. Ekimen hauetan elkarlan hitzarmena dute hainbat unibertsitaterekin, Ingalaterrako Manchester hirikoarekin, eta Amerikako Estatu Batuetako Wake Forest unibertsitate ezagunarekin (Ipar Karolina estatuan kokatzen da). Elkarlan hori da bikotearen finantzazio iturri nagusia, baina euren ekimenak Euskal Herriko edo Europako erakunde edo unibertsitateen begietara iristea ere nahiko lukete, finantzazio iturri berriak lortze aldera.

Erreportaje honi esker zer edo zer lortzen badute, ezin hobe! Eta bestela ere bai. Bi hamarkada luze Amazoniaren bihotzean ibili denak ez baitu ezer gehiagoren beharrik bizitza betea izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!