Nerea Arruti eta Imanol Ansa kirolariak izan dira gonbidatu nagusiak, eta “Gure Adarraren sagardoa!” lelopean dastatu dute lehen sagardo-zurruta. Bertan izan dira, era berean, gainerako herriko sagardogileak, baita erakundeetako zenbait ordezkari ere, besteak beste: Jorge Segurado Urnietako alkatea, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua eta Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzailea. Danbolin Txistulari Bandako Antton Jauregik eta Juxto Egañak ipini diote melodia hitzorduari, eta aurreskua dantzatu dute Aukeran Dantza Konpainiako Maier Muruamendiaraz eta Unai Iraola dantzariek.
Sagardozaletasuna, baita Urnietan ere
Esker onez hasi du bere hitzartzea Xabier Altunak, herriko sagardogile guztien izenean. Eta ekoizpenaren gaineko datuak ipini ditu mahai gainean “sagardoa Urnietan ere badela” azpimarratzeko: 2023. urtean, herrian, 300.000 litro sagardo ekoitzi dira eta horietatik 200.000 litro Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenarekin. Horretarako, Urnietako zein inguruko herrietako sagastietako 300.000 kilogramo sagar erabili dira.
“Naturako turismoarekin eta bertako produktuen sustapenarekin duen konpromisoa indartu” nahi du Urnietako Udalak. Hala, Seguradok azaldu duenez, herriko ondare kultural eta gastronomikoa sustatzeko asmoz antolatuko da aurrerantzean ere Urnietako sagardogileen txotx-denboraldia.
"Etxeko ateak irekitzeagatik" eskertza adierazi diote Altunari Ansa eta Arruti kirolariek, baita Urnietako Udalari ere: "Oso polita da aitormena jasotzea, herrian bertan". Urnietan sagardoaren kultura estimatu behar delakoan dira bi gonbidatuak: "Etor dadila jendea eta ikus dezala sagardoa kantitatez ez ezik, kalitatez ere nabarmentzen dela Urnietan".
Urnietan, 11 sagargile daudela gogorarazi du Arruti diputatuak eta "Gipuzkoan, sagardogintzak duen garrantzia" nabarmendu du ekitaldian: aurten, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren barruan 4 milioi litro ekoitzi dira; horietatik 3,8 milioi Gipuzkoan. Hari horri tiraka, sagardotegiez gozatzeko makina bat modu daudela gogorarazi du Olatz Mitxelenak: "Otorduez gain, aukera dago sagardotegietan ere dastatze gidatuak egiteko".