1.066 sinadura Urnietan

Aiurri 2024ko urt. 25a, 07:42

Aiurri astekariaren aldeko sinadura-kanpainak herritar askoren atxikimendua jaso du.  Bi asteburura mugatzea eta aurrez aurre sinadurak biltzea zen xedea. Bada, lehen asteburuan 400dik gora lortu ziren eta bigarrenean beste 600 gehiago.

Akzioak erreakzioa eragin du. 2023ko abenduan, Aiurri astekariari bideratu beharreko dirulaguntza nabarmen jaitsiko zela jakinarazi zion Udal gobernu taldeak Aiurriko lantaldeari. Erantzuna bat-batean iritsi zen, eta ez soilik Aiurri-IÒistorraren eskutik. Urnietako gizarte eta kultur bizitzaren ordezkaritza zabalaren eskutik, baizik. Atxikimendu handia jaso du Aiurrik, geroztik. 2024ko aurrekontuak onartzen ziren plenoan ez zen lortu dirulaguntzaren jaitsiera saihestea, eta galde-erreguen atalean Jon Unanue IÒistorrako ordezkariak bere adierazpenean iragarri bezala, Udalera eskakizun berberarekin itzuliko zirela aurreratu zuen. Halaxe izango da. Ostegun honetan urteko lehen plenoa izango da eta bertara herriko dozena eta erdi taldek babestutako mozioa aztergai izango dute. Astekariari ezarritako 10.000 euroko murrizketa baztertzea eta laguntza eguneratzea eskatuko da. Era berean, antzeko egoeran dauden gainerako elkarteekin ere jokabide aldaketa izan dezaten eskatuko diote Udal gobernu taldeari. Ikusteke dago urtarrilaren 25eko plenoak zer ematen duen, baina Aiurriko aferan sustatzaileek duten babes zabala agerian geratuko da. Beste behin ere.

Milatik gora sinadura, bi asteburuko tarte eskasean

Sei mila biztanle bizi diren udalerrian milatik gora sinadura biltzea ez da oharkabean igarotzen utzi behar den gertaera. Ez, horixe. Are gehiago, sinadura bilketaren joerak jaso daitekeen kopurua handiagoa izan daitekeela iradokitzen badu. Goranzko joera izan du deialdiak, bigarren asteburuan askoz sinadura gehiago bildu delako. Lehen asteburuan, 400dik gora ziren jasotakoak. Bigarren asteburuan, 600 gehiago izan dira. Aiurriren aldeko olatua handitzen ari den seinalea da hori, beraz. Sinadurak biltzeko ekimena jardun betean amaitu da, ondorioz. Bi asteburuetan, kalean mahaia jarriz, lortu dira sinadura guztiak. Ez da online bidezko aukerarik eskaini, eta horrek jasotako sinadura-kopuruan eragin du. Handiagoa litzatekeelako, ziur, jasotako babesa.

Urnietako hemeretzi talde eta elkarteren babesa du Aiurrik

Hauexek dira babesa eman duten taldeak: Aballarri guraso elkartea, AEK, Aurrera Markelekin, Bagara feministak, Bertso eskola, Egape Dantza Taldea, Elkartasun Ekimena, Etxeberri auzo elkartea, IÒistorra Euskaltzaleak, Manttale, Onbizi, Poxta Zahar, Sorginak, SurperH, Txanbolin, UKE, Urnietako Mugimendu Sozialista, Xoxokako auzo elkartea eta Zanpatuz mendi taldea. Aiurri urnietarrena baita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!