Duela sei urte egin zuen jauzi lehen aldiz, Atlantikoko ozeanoaz bestalde, Lorena Busto Romero urnietarrak, Mexiko Hirian lur hartzeko. Xalapan (Veracruz) bizi da orain, askotariko musika-melodiek bat egiten duten hirian.
Azken urteetan, joan-etorrian aritu zara Urnietatik Mexikora eta bueltan. Zein harreman daukazu herrialde horrekin?
Orain sei urte, 2018an, Psikologiako unibertsitate graduaren hirugarren maila gauzatzera joan nintzen, Mexiko Hiriko Universidad Nacional Autonoma de Mexico (UNAM) delakora. Gurasoen etxetik kanpo bizi nintzen lehen aldia izan zen eta, egia esan, neure burua hobeto ezagutzeko aukera eman zidan esperientzia horrek. Bestalde, bertako ohituren berri izan nuen, herrialdearekin maitemintzeraino. Pertsona asko ezagutu nituen, horien artean, pare bat urtez, nire bikotekide izan zena. Hori dela eta, bigarren aldiz, Mexikora itzultzea erabaki nuen, unibertsitate-ikasketen azken txanpa, praktikak, bertan egiteko asmoz; umeekin zein nerabeekin egin nuen lan.
Koronabirusaren pandemia Saltillon pasa nuen, Coahuilako estatuan, Mexiko iparraldean. Urtebete bertan egon ondoren, Urnietara itzuli nintzen, arrazoi pertsonalak medio, baita gertukoekin eta lagunekin egoteko ere. Dena dela, Euskal Herrira bueltatu naizen aldiro, Mexikon bizi nahi dudala sentitzen dut. Nire etorkizuna bertan irudikatzen dut. Urnietan sentitzen ez dudan askatasuna daukadala uste dut, eta horregatik ibili naiz joan-etorrian azken urteotan.
Gaur egun, ez zara ez Mexiko Hirian, ez Saltillon (Coahuila) bizi, Xalapan (Veracruz) baizik.
Lehenago ez nuen inolako harremanik gaur egun etxe dudan hiri horrekin. Behin unibertsitate gradua bukatuta, eta, Mexikora itzultzeko asmoarekin, beste ikasketa batzuei ekitea erabaki nuen: Hizkuntzaren Antropologia. Interneteko bilaketan, Veracruz estatuko unibertsitatea agertu zitzaidan. Hala, Xalapa zuen kokaleku lizentziaturak. Hori horrela, sarbide-azterketa egin, hegazkineko bidaia-txartelak erosi eta hantxe abiatu nintzen. Bertan bizi naiz, gaur egun.
Zein motatako hiriarekin egin zenuen topo?
Itsasotik, Mexikoko Golkotik bi ordutara kokatzen da Xalapa, herrialdearen erdialdean, gutxi gorabehera. Iritsi bezain pronto jabetu nintzen ez zela Mexiko Hiria bezain handia. Mendialdean kokatzen da eta kale estu asko ditu. Harrituta gelditu nintzen klimarekin, Euskal Herriko ezaugarri antzekoak baititu. Bertan, sirimiriari, esaterako "chipi-chipi" deitzen zaio. Herrialdearen beste toki batzuetan baino zertxobait "itxiagoak" iruditu zitzaizkidan Xalapan herritarrak, eta hizkera ezberdina darabilte, doinuari dagokionez. Herrialdearen barruan askotariko doinuak dituzte, tokiaren arabera asko aldatzen baita hitz egiteko modua. Hiriak musikarekin harreman berezia duela jabetu nintzen denborarekin. Musikari asko dabil Xalapako kaleetan. Bertakoa da son jarocho generoa. Antzekotasunak ditu flamenkoarekin: honetan ere takoiz jotzen da jaranarekin lagunduta. Jantzi bereziak ditu.
Aspalditik duzun musikazaletasunera gerturatu zintuen hiriak duen kutsu artistikoak.
Txikitatik izan dut gogoko abestea, emozioak askatzeko nahiz adierazteko bide izan baitut musika. Etxean eta eremu intimoetan abestu izan dut beti, eta, Xalapara iritsi bezain pronto, are gehiago piztu zitzaidan kantatzeko gogoa: kalean abesten hastea erabaki nuen.
Kalean jendaurrean kantatzearekin amets egin izan duzu maiz eta Xalapak fantasia gauzatzeko aukera eman dizu.
Txikitatik izan dut amets hori, baina, esan bezala, pixka bat ezkutuan eduki dut urte luzez. Hizkuntzaren Antropologia lizentziatura hasi nuen, eta egunerokoari eusteko lana topatu behar nuela ikusi nuen. Horrela, kalean musikari asko zebilen, eta, horietako batean, bi gazterengana hurbildu nintzen, beraiekin kanta bat jotzeko proposamena luzatzeko: Luis Miguelen "La Bikina". Beraiek lagundu zidaten soinu-ekipoa erosten eta mundu horretan murgiltzen.
Horrela, kalera atera nintzen abestera, baina ez zen bateragarria unibertsitate-ikasketekin, azken horiek konpromiso dezente eskatzen zutelako. Bata edo bestea hautatu behar nuela sinetsita, musikari eustea erabaki nuen. Orain ia egunero ateratzen naiz kalera, abestera.
Lehen aldiz, beraz, bi gazterekin abestu zenuen kalean. Konplizitatea sortzen al da kalean musika egiten zabiltzatenon artean?
Bai, guztiok ezagutzen dugu elkar, gainera. Konplizitatea bai, baina baita lehiakortasuna ere, izan ere, gehienok lan gisa ulertzen dugu.
Gogoan al daukazu zu zeu bakarrik mikrofonoa eskuan kalera atera zinen lehen unea?
Oso urduri nengoen, eta ez neukan oso argi zer ari nintzen egiten. Segurtasun eza sentitzen nuen, kalean dabilen jendeak ni bertan egotea gaizki hartuko zuenaren beldurraz.
Egunetik egunera, asko aldatu al da zure egoteko modua jendaurrean abestean?
Kalean segurtasun handiagoarekin egoten lagundu dit praktikak. Bestalde, bultzada ematen dizute, modu berean, paretik igarotzen diren pertsonen erreakzioek. Behin, adibidez, entzule bat gerturatu zitzaidan, nire musikarekin, bere haurtzaroko bizipen batzuk gogora ekarri zituela esateko. Bestela, entzuteko hain atseginak ez diren komentarioak ere jaso izan ditut. Horiei dagokien tokia, dagokien neurria ematen ahalegintzen naiz.
Abesti ezagunak kantatzen dituzu, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.
Euskaraz, baten bat aipatze aldera, Olatz Salvadorren "Korapilatzen" edo Mikel Laboaren "Txoriak txori" abesten ditut. Gehienbat gaztelaniaz kantatzen dut, ama hizkuntza dudalako: Zahararen "Con las ganas", Mercedes Sosaren "Alfonsina y el mar", Natalia Lafourcaderen "Soledad y el mar". Ingelesez, besteak beste, 4 Non Blondes taldearen "What's Up?" (Youtuben ikusgai da bere bertsioa), The Cranberries-en "Zombie", Radioahead-en "Creep"... Estilo asko ukitzen ditut, baina pop-rockean, troban, folkean eta bluesean mugitzen naiz erosoen.
Bideoak ditut grabatuta eta ikusgai daude Instagramean (@lorrainebusto) eta Facebooken (Lorraine Busto).
Tarteka, kanta batzuetan, melodia zeureganatzen duzu eta jolastu egiten duzu jatorrizko abestiarekin.
Ahots bakoitza bakarra da. Horrela, oso gustuko dut inprobisatzea, baita horrek dakarren guztia ere.
Ezin dugu aipatu gabe utzi Tarima Latina.
Ekoiztetxea da Tarima Latina. Xalapako artista emergenteei laguntzeko asmoz sortu zen orain zortzi hilabete, gutxi gorabehera. Bertan, ikus-entzunezkoak ekoizten dira eta bere kanaletan zabaltzen du edukia: Youtube, Tik-tok, Instagram eta Facebook.
Zure bidean aurrera egin asmoz, orain gutxi, gainera, klaseetan izan zara, ahotsaren teknifikazioari eta proiekzioari begira.
Berez, ez ditut horrenbeste klase jaso. Etorkizunean, formakuntza sendoagoa izatea da nire helburua. Abesteko teknika ezagutzen lagundu zidaten klase horiek, kantatzen ari garenean nondik egiten dugun kontuan hartu behar dugulako, arnasketari erreparatu behar diogulako. Bestela, tentsio handia pilatu daiteke gorputzeko zenbait ataletan, lepoan, adibidez. Aurrera begira lesioak sortu daitezke, zainketarik ematen ez bada.
Garrantzitsua da zure burua osotasunean zaintzea: ondo egin lo, alkohola eta horrelako substantziak ez hartu, ur asko edan, elikadura osasuntsua mantendu... Modu integralean egin behar da zainketa.
Hilabete inguru izan zinen Euskal Herrian, urte amaieran, bisitan. Eta kalean abestera animatu zinen, Donostian. Xalaparekin alderatuta, zertan izan zen desberdina esperientzia?
Hasiera batean, beldur pixkat bat ematen zidan, hemengoa naizelako eta esperientzia bakarra kanpoan izan dudalako. Lagungarria zitzaidan, Mexikon, guztiz ezezaguna izatea. Egunek aurrera egin ahala, ordea, aurre egin nion urduritasun horri eta, bai, ezagunen bat edo beste ikusi nuen Donostian abesten nenbilela.Baimenei begira, zorrotzak dira eta beharrezkoa da baimena edukitzea, kalean kantatu ahal izateko. Bi denboraldi daude, altua (udako oporraldia, Gabonak...) eta baxua. Lehenengo kasuan, zure ordutegi zehatza eskatzen dizute, agenda bat osatze aldera, kalera aterako diren gainerako artistekin denbora eta espazioa kudeatzeko. Mexikoren kasuan, ez dira horren zorrotzak. Kontxa pasealekuan izan naiz, baita Boulevarrean ere.
Zein erantzun jaso duzu jendearen partetik?
Oso positiboa izan da erantzuna. Komentario politak jaso ditut abestu bitartean. Emakume batek, esaterako, bestelako errepertorioa nuela aipatu zidan. Izan ere, doinu berriak ekarri dizkit Mexikoko musika-esperientziak. Hala, jendearen jakin-mina piztu dute Euskal Herrian Xalapan ikasitako melodiek.
Mexikon zara gaur egun. Pixkanaka orain arteko bidean sakontzeko asmoa al duzu?
Formakuntzarekin jarraituko dut, seriotasun handiagoz, akademia batean. Bestalde, interpretazio-klaseak jasotzea ere gustatuko litzaidake. Formakuntza jasotzeko toki aproposa da Xalapa, baina, aurrera begira, beste hiri batean ikusten dut neure burua, Mexikon bertan edo baita kanpo ere.
Noizbait entzungo al dugu, bertsioez gain, Lorenaren abestirik?
Izugarri gustatuko litzaidake. Oraindik ez naiz ausartu berezko zerbait sortzen, beldur pixka bat ematen dit eta. Era berean, konposizioari buruzko ezagutza handiagoa ere behar dut. Horrenbestez, esan bezala, formakuntza jaso ahala etorriko dira bide berriak.