Euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu du AEK-k, administratiboki egoera irregularrean dauden herritarrentzat

Aiurri 2024ko ots. 19a, 14:47

Iturria: AEK.

KORRIKAri ekiteko hilabete baino gutxiago falta denean, hizkuntzaren aldeko lasterketa erraldoia abiatuko den hirira, Irungo, gerturatu zen, joan den ostiralean, AEK, "Paperezko bizitzak" adierazpenaren berri emateko, "Hizkuntzak mugarik gabe" ekitaldiaren barruan: euskara ikasteko eskubidea aldarrikatu du erakundeak administratiboki egoera irregularrean dauden herritarrentzat. Besteak beste Oiasso museoan antolatutako ekitaldian izan ziren AEKren Artezkaritza Kontseiluko Aize Otaño, Ane Elordi KORRIKA arduraduna eta Irungo Harrera Sareko kide Alaine Aranburu. 

Otañok hartu zuen, lehenik, hitza, herritar orori  berezko hizkuntza ezagutzeko eskubidea bermatu behar zaiolakoan. Hala, "botere publikoak" interpelatu zituen, haren hitzetan, beren esku baitago eskubide hori sustatzea, herritarrei ezagutza doan eskainiz. Halaber, azken urteetan, "eskubiderik gabe" dauden pertsonen kopuruak gorantz egin duela gogorarazi zuen. Aitzitik, egoera irregularrean dauden herritarrei ezinezkoa zaie euskara doan ikastea, Otañok mahaigaineratu zuenez: "Paperik ez izateak beren izatea bera ere ukatzen baitu. Horren aurrean, guk lau haizetara aldarrikatu nahi dugu inor ez dela ilegala, eskubide guztiak, eskubide berberak, denontzat direla”.

Hala, AEK-k dei egin zieen Euskal Herriko administrazio nagusiei, eskubideen bideratzaile zein bermatzaile diren neurrian, "eredu" izan daitezen. Mezua argia biltzen du adierazpenak: “Bada unea neurriak hartzeko, euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion".

“Paperik gabe, ez gara, ez gaude. Baina hori ez da printzipio baliagarria euskararen komunitate zabala osatzen dugun herritarrontzat ", nabarmendu zuen Artezkaritzako kideak adierazpenean, "inor kanpoan utzi gabe, har dezagun dimentsio orotan eragiteko konpromisoa; herriaz HARRO, herria batuta. HARRO HERRIA”.

Halaber, Ane Elordi KORRIKA arduradunak ekitaldi berean adierazi zuen euskararen komunitatea indartzeko “ezinbestekoa” dela heltzen direnak “besoak zabalik” hartzea: “Haiek ere euskararen herriaren parte dira, eta lehenagotik hemen gaudenon eginbeharra da haien bidea samurtzeko erremintak ematea”. Bide beretik, Aranburuk gogoan izan zuen euskarazko kultur eduki "asko" dagoela mugen eta arrazakeriaren bueltan: "Horietako batzuek Irungo Harrera Sarea zeharkatzen dute ere bai. Gaurko ekimen honek euskarri eta sortzaile horiei plazatxoa emateko oso aukera ona iruditu zaigu”.

Hori horrela, Amets Arzallusen bertsoez gain, African Vibes dantza bikotearen saioaz gozatzeko aukera izan zuten ekitaldira gerturatu zirenek. Era berean, "Lehen saiakera" film laburra ikustearekin batera, ikus-entzunezkoaren zuzendariaren solasaldiak biribildu zuen hitzordua: "Administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonek, dauden tokian daudela, bertako hizkuntzak ikasteko eskubidea izan behar dutela aldarrikatzea, eta haien egoerari ikusgarritasuna ematea."

"Paperezko bizitzak" ipuin-lehiaketa
Ekitaldian, "Parerezko bizitzak" ipun-lehiaketa aurkeztu zuten, herritar guztiek euskara doan ikasi ezin dutela salatzeko asmoz. Hori horrela, lehiaketan parte hartu nahi duen orok euskaraz osatu beharko du administratiboki egoera irregularrean dauden pertsonen egoeraren gaineko kontakizun laburra. Oinarri zehatzak AEKren eta KORRIKAren webguneetan kontsulta daitezke. Lanak jasotzeko azken eguna martxoaren 25a izango da, eta sari banaketa apirilean egingo da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!