Ansa Masters txapelduna da, bigarren urtez jarraian

Aiurri 2024ko ots. 25a, 09:11

Erremontean historia egiten ari da Ansa II urnietarra. atzokoan Kutxabank Master Txapelketaren finala irabazi baitzuen. Bigarrena du, jarraian. Urriza eta Bengoetxearekin batera, honezkero goi mailako erremontisten artean da.

Ligaxka osoan lehiatzen jakin du urnietarrak. Azpirozen aurka birritan aritu da Ansa, eta sailkapen-fasean eta finalean sufritzen jakin du. Gauzak horrela, txaopela berria eraman du etxera. Oriamendik horrela laburbildu du finalaren gakoetakoa: "Finala sakean eta errestoan erabaki zen batez ere. Hor Ansa hobeto aritu zen. Zortzi tanto egin zituen saketik Azpirozen  bi tantorengatik eta, gainera, falta bakarra egin zuen saketik Azpirozen bi tantorengatik".

Finala ikusgai

Oriamendi etengabeko hobekuntzan ari da eta dagoeneko Youtubeko seinalea eskaintzen ari da. Finala igarota, kamara bakarrera bada ere, partida ikusteko aukera dago bideoan. Bideoan klik eginez gero, finalaren hasieratik aurrera ikusiko du ikusleak.

Detaile txikietan erabakitzen dira finalak

Hauexek Ansaren adierazpenak, finala irabazi berritan: “Sakearekin min handia egin dut eta hor egon da gakoa. Konstantea izan naiz eta horrek ere laguntzen du. Azkenean nahikoa gozatu dut, nahiz eta ez naizen ondo hasi. Fisikoki eta mentalki eutsi egin diot tarte horri. Lehen finalak galtzen nituen eta orain irabazten ditut, nahiz eta nire jokoa ez den asko aldatu, baina detaile txikiek finalak erabakitzen dituzte eta hor hobetu dut. Bigarren Mastersa irabazteak lehenengoak adinako ilusioa edo ilusio handiagoa egin dit “.

Erremontari, hurrengo erronka

Berria txapelketa abiatuko da martxoan baina Ansaren hurrengo erronka handia Erremontari txapelketa izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!