[Sarrerak salgai martxoaren 1ean hasita]

Porrotx eta konpainia Urnietan izango dira, hilaren 15ean

Aiurri 2024ko ots. 29a, 11:39

Martxoaren 15ean, ostiralarekin, saio bikoitza egingo dute Sarobe Arte Eszenikoen Gunean. Sarrerak martxoaren 1ean jarriko dira salgai, 8 euroko prezioan, Urnietako BKN kafetegian, Andoaingo Ernaitzan eta Aiurrin.

"Ez gara jaitsiko" ikuskizun berrienarekin Urnietara itzuliko da Katxiporreta pailazoen konpainia. AEK euskaltegiak, Aiurri astekariak eta euskaltzaleen komunitateak antolatu du emanaldia, eta sarrerak ostiraletik aurrera salgai ipiniko dira Urnietako BKN kafetegian (Sarobe ondoan), Andoaingo Ernaitza liburudendan eta Aiurriko egoitzan.

Pandemia iritsi arte, Porrotxek eta konpainiak Urnietan saioa eskaintzen zuten urtero. Eta, beti, Aiurriren eskutik. Oraingoan, berriz, Sarobe antzokian ariko dira. Martxoaren 15ean izango da, ostiralarekin, eta bi saio egingo dituzte. Lehena, 17:00tan. Eta, bigarrena, 19:00tan.

Euskal Herriko konpainia ezagunena, beraz, iristear da. Zeri buruzkoa da ikuskizun berriena? Honatx aurrerapena: "Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira”.

Familian ikusteko aukera paregabea. Ingurumenarekiko arreta areagotzeko aproposa.

Argazki-bildumak Andoaingo Basteroko saioa jasotzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!