Erremontea

“Txapelek errespetua ematen dizute; eta orojakileak urrundu”

Andoni Urbistondo 2024ko mar. 2a, 09:49

Imanol Ansak bigarrenez irabazi du buruz buruko Kutxabank Masters erremonte txapelketa, finalean Xabier Azpirotz menderatuta. Egunerokoa ez omen zaio sobera aldatuko uste du urnietarrak.

Buruz buruko bi txapelek ez diote eguneroko lana libratzeko saririk ekarri urnietarrari. Elkarrizketako galderak biharamun apur batekin erantzun ditu, igande arratsean. 

Buruz buruko bigarren txapelak zer aldatu du zugan, zerbait aldatu badu?

Ez du ezer aldatu. Lehen manomanista irabazi nuenean sekulakoa izango zela pentsatu nuen, baina azkar jabetzen zara aldaketa ez dela hainbestekoa. Tira, izar galaktikoren bat baldin bazara, soldata eta famarekin ate joka badituzu, agian, baina nire kasuan bizitza betikoa da. Onean ikasten duzu gauzei bere balioa ematen, erlatibizatzen; txapelduna zarenean ez zarela Jainkoa. Kontrako norabidean, galtzen duzunean ere mundua ez dela bukatzen jabetzen zara. Noski, irabazita poza eta motibazioa handiak dira hobetzen jarraitu eta garaipenak pilatzen saiatzeko, baina egunerokoa ez da sobera aldatzen.

Buruz buru jokatu dituzun azken hiru finalak irabazi dituzu. Zer esaten dizu horrek?

Objektiboa da jokatutako azken hiru finalak irabazi badituzu fuerte zaudela. Dena den, ez dut sentitu hori lortzeko gauza berezirik egin dudanik. Bakarra akaso. Badakidala zer egin behar dudan finalera sasoi puntu onean iristeko. Esan nahi dut: badakit ez dudala parrandarik egin behar epe jakin bat geratzen denean. Edo ze prestakuntza mota egin behar den, arlo fisikoa estutu egin behar dudala… Eskarmentuak esaten dizu ze arlo indartu eta zein ez. Azpirotz-ekiko bentaja hori izan dut arlo horietan, berarentzat lehenengo finala izan delako. Nik ja badakit finaleko astea nolakoa den; material aukeraketa eguna, prentsaren eskaerak erantzun beharra… Etorkizunera begira egokitzapenak egin beharko ditut, ziur, baina orain urtetan ni menderatu nauten erremontisten ezagutza lortzen ari naiz finalen atarian, eta horrek halako galoiak ematen dizkit.

Jendeak esango du: “Urriza eta Endika Barrenetxea gabe edozeinek”. Ze hausnarketa egiten duzu iritzi horren aurrean?

Elkarrizketa eskaintzen ari naiz Aiurri-ri, eta errespetuz mintzatu behar naiz galdera horri erantzuterakoan. Norbaitek taberna zuloan halakorik esango balit haizea hartzera bidaliko nuke, noski. Erreferentzia moduan izenak hartzen baditugu, finalak beti pertsona berberak irabaziko lituzke, jarduneko txapelduna beti izango delako faboritoa. Kirola gutxiago ezagutzen dutenek izan dezakete akats hori, baina goi mailako kirolariak garenok ezin dugu akats horretan jausi. Goi mailako kirolean finalera iristen direnak dira onenak. Urrizak niri hainbestetan irabazten zidanean onena bera zelako zen. Orain finala nik eta Azpirotzek jokatu badugu, une honetan onenak biok garelako da; Urriza eta Barrenetxea baino gehiago izan garelako da. Urriza finalean ez badago arrazoi batengatik izango da, ezta? Akaso dagoeneko ez dagoelako bi urte atzera zegoen bezain indartsu. Bestela finalean egongo zen. Ni ere lesionatu izan naiz, eta inork ez zuen esaten ‘Ansa ez da finalera iritsi lesionatuta zegoelako’. Orain ere ezin da esan Urriza ez dela finalera iritsi lesionatuta dagoelako. Zein aritu dira indartsuen Masters honetan? Ba ni neu eta Azpirotz. Ez dago besterik. Urte politak datoz erremontean, parekotasun handiko garaiak. Urriza itzaltzen joango dira pixkanaka, eta Juanenea azaldu da, Azpirotz…

'Killer' bat zara. Aurkariaren ahuluneren bat sumatzen duzunean txikitu egiten duzu.

Partida osoak egiten hasi naiz azken aldian. Buruz buru, batez ere. Binaka ez hainbeste. Buruz buru zu bakarrik zaude 54 metroko kantxan, duda edo konfiantza sor dezakete zure erabakiek. Bikoteka zu eta zure bikotea dago. Ondo elkar ulertu behar dira, batez ere aurrelaria bazara, oso konpletoa izan behar duzulako. Binakakoan buruz buru erakusten dudan determinazio bera eduki nahi nuke. Baina ez naiz killer bat sentitzen. Niretzat killer-ak Javi Urriza eta Jokin Altuna dira, eta haien mailara iristeko asko baino gehiago falta zait. Egia da Azpirotzen akatsak ondo baliatu nituela. Halako txakalaldi bat izan zuen, eta aurkaria bere onetik aterata ikusteak lagundu egiten zaitu buruko indarrean.

Gailurrera iristen ez zen, iritsiko ez zen promesa izan zarela irakurri eta entzun dugu han eta hemen urtetan. Soinu hori murriztuko al da hemendik aurrera?

Aitortu izan dut, badela jendea pentsatzen duena beste inork baino gehiago dakiena. Kasu honetan erremonteari buruz ni baino gehiago dakiena, hala ez denean. Gero aholkuak emateko moduak eta moduak daude. Esan nahi dut, batzuk etortzen dira ‘Imanol, eta hau horrela edo horrela egingo ba hukek ez al huan hobea izango?’. Alegia, laguntzeko borondate argiarekin. Beste batzuk badaude, ordea, eta ez gutxi, arrazoi osoaren jabe balira bezala etortzen direnak: ‘Hi, Imanol, hau horrela eta horrela egin behar duk’, orojakile trazarekin. Nazkatu samar bukatu dut jende horrekin, eta txapelak irabazi ahala errespetua irabazten joan naiz. Dagoeneko ez zait hainbeste aditu gerturatzen, beraz hobeto.

Goi mailako kirolaria eta pertsonai publikoa zaren neurrian, gainera, erakustera etorri zain horri entzun egin behar, kargu hartu gabe.

Pentsa, eman izan dizkidaten zenbait aholku guztiz kontrajarriak dira. Alegia, egin behar ez dena egiteko esan izan didate, eta horiek irentsi egin behar izan ditut. Ulertze aldera, nik ez diot esaten harakinari txekorra nola zatitu behar duen. Edo kamioi gidari bati trailerra nola aparkatu behar duen. Kirolariekin, edo pertsonai publikoekin jendeak zernahi esateko eskubidea daukala uste du, baina eskubide hori hartzen duenak jakin beharko luke kirolariak aholkua ematen dion pertsonak baino askoz gehiago dakiela erremonteaz. Lagungarria litzateke aholkuak eman zalea den pertsona horrek aholkuak iritzi moduan ematea, eta ez baieztapen edo ziurtasun erabatekoarekin.

Zer gertatu zitzaizun podiumera igotzerakoan?

Artaburu samarra izan nintzen, bai. Lehen koskara jauzi txiki batekin igo nahi izan nuen, eta jendeari, txantxetan esan diot bigarren koskari diodala hartua neurria, baina lehenengoari oraindik ez.

Tokitxoa egiten ari zara erremontearen olinpoan, pixkanaka. Zer pentsatzen du txapeldunak hor goien, ehunka lagun zuri begira eta txaloka?

Erremontean jolasean hasi zen Imanol Ansa gaztearekin gogoratu nintzen. Nola zeruratzen zituen garaiko erremontista onenak, txapeldunak, eta berarentzako ze inportantea zen finaletara iristea. Orain bigarren mailako kideak ikusten ditut: partida gutxi, lehen mailakoak ale batzuk baino ez… Borrokan segitzea aholkatuko nieke, dauden lauzpabostetatik bik utzi egingo dutelako, bat ez da iritsiko… Akaso pare batek bere tokia lortuko dute, eta ni neu egun jokatzen ari naizen partidak jokatzea lortuko dute. Ez akaso buruz buru, baina bai binaka, bikote onekin. Mezua garbia da: jarraitu lanean, bilatzen duenak ateak zabaltzea lortzen duelako. Dozena erdi urte atzera inork gutxik pentsatuko zuen ni neu, Juanenea, Ezkurra, Goikoetxea edo Azpirotz goren mailara iritsiko ginenik, baina iritsi gara. Bigarren mailakoei ere iritsiko zaie aukera, beraz segi dezatela borrokan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!