KORRIKA

Ekintzez jositako egitaraua, KORRIKAren atarian

Aiurri 2024ko martxoaren 4a

Zein baino zein bereziagoa izango da, aurten KORRIKA urnietarrentzat. Izan ere, behin ez, birritan igaroko da lasterketa herritik. Lehen aldiz, hilaren 19an, astearte iluntzean, Hernanitik etorriko da, Oztaran aldetik, 21:38an, zehatz mehatz, segidan, Lasarte-Oriaranzko bidea hartzeko. Handik egun batzuetara sartuko da berriro eskualdean lasterketa, hain justu ere, martxoaren 23an. Andoaindarren eskutik iritsiko da lekukoa, larunbat arratsaldean, 16:42 aldera. Bada, hain justu, “Korrika Eguna” egitarau oparoa antolatu du Urnietako Korrika Batzordeak egun horretarako. 

Goizean, Egape Dantza Taldearen ikuskizuna izango da; musika-eskolako ikasleek musikaz girotuko dute Urnieta, eta Poxta Zaharreko kideek bertako produktuen dastaketa antolatuko dute. Hori guztia 11:30etik 14:00etara izango da San Juan plazan, eta, eguraldi txarra eginez gero, Egapeko estalpean.

Urnietako AEK-k jakinarazi duenez, oraindik aukera dago martxoaren 23ko ibilbidean kilometroa erosteko. Bestalde, autobusa antolatu da, martxoaren 24rako, Baionan izango den KORRIKA amaiera egunerako. Txartelak salgai izango dira euskategian, 13€an.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!