Txaro Tomasenak urrezko domina lortu du Dohan, 78 urterekin 3 km-ko itsas-zeharkaldia eginda

Aiurri 2024ko mar. 4a, 11:30
Txaro Tomasena Dohan, igeriketa erronka amaituta.

Urnietarra pozik agertu da Dohan (Qatar) lortutako urrezko dominarekin: "Egin dut, eta sentsazio oso onarekin amaitu dut, eta, gainera, eguraldi zoragarria egin du. Nire entrenatzaile irrifartsu egotea espero dut, oso exijentea baita". 

Tomasenak hainbat lorpen egin ditu azken urtetan. Oraingoan, urrezko domina lortu du Dohan, 3 kilometroko itsas zeharkaldia eginda, 75-79 urte arteko mailan; ostiralean hasi zen Munduko Masters Aquatics 2024 txapelketan parte hartu zuen urnietarrak. Tracy Clarkson australiarra zuen aurkari, baina, azken momentuan, ez zuen parte hartu. 3 kilometroko zeharkaldia 1h:22:54-eko denboran egin zuen. 

Gibraltargo itsasartearen zeharkaldia

Horrez gain, beste hamarnaka garaikur eta domina lortu ditu Tomasenak azken urtetan. Azken, lorpen ikusgarria Gibraltargo itsasartearen zeharkaldia izan zen; izan ere, errekorra egin zuen, itsasartea igerian zeharkatu duen pertsona helduena izateagatik, 77 urterekin. 

Hori guztia nahikoa ez eta datorren urriaren 12an Bocaina Erronkari eutsiko dio. Zeharkaldi hori Lanzarote hegoaldean hasten da, Hondartza Zurian zehazki, eta Fuerteventura iparraldean amaitzen da (Corralejo).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!