"Egundoko ilusioarekin ekingo diogu, ostegunetik bertatik"

Xabier Lasa 2024ko mar. 6a, 21:00

Ostegun iluntzean zabalduko dute Urnietako Denda Berri taberna. Maialen Arias eta Cristian Gonzalez urnietarrak dira arduradunak. 

Maialen Arias eta Cristian Gonzalez urnietarrek hartu dute Denda Berri tabernaren ardura. Eskarmentu handia pilatu dute ostalaritzan, eta egundoko ilusioarekin heldu diote erronkari. Ostegunean irekiera ekitaldia egingo dute 19:30etik aurrera.

Gogo biziz ikusten zaizue, osteguna noiz iritsiko zain...

Cristian Gonzalez: Halaxe da, aurre prestaketa-lanetan pare bat aste igaro ditugu, eta taberna irekitzeko eginbeharreko gehienak eginda, pittin bat urduri bai, baina, batik bat, ilusioz gainezka gaude.

Maialen Arias: Irekieraren hitzordua ahoz ahoz zabaltzen ari gara inguruan, eta ikuskizun handi samarra sumatu dugu jendearen aldetik. Festa giroan nahi genuke ireki, eta horretarako, 80ko eta 90eko musikarekin helduko da Katxorro DJa, eta pintxoak dastatzeko doan jarriko dira.

Ostalaritzatik zatozte biak ere.

C.G.: Urnietako jatetxe eta tabernetan urtetan lan egindakoak gara, negozioa barrutik ezagutu dugu. Jakina, besteentzat aritu izan gara lanean. Gaur arte. Geure buruaren nagusi izatera igaroko gara, beraz. Aldaketa hori, oraindik, ere motibagarriagoa egiten zaigu erronka.

M.A.: Urnietar askorentzat ez gara arrotzak. Badakite jendaurrean nola mugitzen garen, eta nik uste horrek konfiantza transmititzen diegula. Aldi berean, guk ere jakiteak zer nolako bezero mota izango dugun, bada horrek ere asko erraztu dezake tabernaren funtzionamendua.

Denda Berri herriko elkarteen egoitzan, beheko solairuan kokatzen da taberna.

M.A.: Bai, eraikinaren goiko partean, Denda Berri Jubilatu eta Pentsiodunen egoitza kokatzen da, AEK-k ere hor dauka euskaltegia, antzematen da zenbait elkarte poliki-poliki ari direla leku berrira egokitzen, beren dinamikarekin... Pozgarria da eraikina hartzen ari den bizitza; ziur gaude aberasgarria izango dela Urnietako kultura eta gizarte dinamikan. Eta espero dugu tabernak bere ekarpena egitea, urnietarrei ireki zaien errealitate berri horretan; gure aletxoa jartzen ahaleginduko gara. 

Zer topatuko dute Denda Berri tabernan, bezeroek?

C.G.: Lehenengo eta behin, profesionaltasunik handienarekin egingo dugu lan. Taberna abian jarri ahala, hainbat detaile zehazten joango gara, baina, oraingoz, baiezta dezakeguna da astelehenetik ostegunera gosariak, pintxo beroak, plater konbinatuak, ogitartekoak... eskura egongo direla. Asteburuetan, oraindik ere baloratzen ari gara zer jarri zer ez, baina jada menu jakin bat badaukagu burutan: errazio desberdinak hasteko, saiheskia ala txipiroiak bigarrengo platererako, eta ohiko postreak, amaitzeko. 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!