[MARTXOAK 15 / SAROBE]

"Zatozte Urnietako Sarobera irri, kantu eta dantza egitera"

Aiurri 2024ko mar. 7a, 08:32

AEKrekin eta Urnietako euskaltzaleekin elkarlanean, pailazoen saioa antolatu du Aiurrik. "Ez gara jaitsiko" ikuskizun berriena Saroben eskainiko dute, datorren martxoaren 15ean. Bi saio izango dira, hurrenez hurren, arratsaldeko 17:00tan eta 19:00tan. 8 euroko prezioan salgai daude Urnietako BKN kafetegian, Ernaitza liburudendan eta Aiurriko bulegoetan.

Astebete barru iritsiko dira Porrotx eta Marimotots haurren pailazo maiteenak Urnietara. Pandemiak eten zuen joera polita, izan ere, urtero hurbiltzen ziren Egapeko jolastoki estalira.

Bueltan dira, beraz, Urnietara. AEK euskaltegiak, Aiurri astekariak eta Urnietako euskaltzaleek antolatuta, Korrika Kulturalaren ekitaldia izango da. Ikuskizun berriena taularatuko dute, gainera.

Martxoaren 15ean, saio bikoitza, Saroben

Ostiralarekin, bi saio eskainiko dituzte. Lehena, 17:00tan. Eta, bigarrena, 19:00tan. Sarreraren prezioa 8 eurokoa da eta honezkero salgai daude Sarobe ondoko BKN kafetegian, Andoaingo Zumea kaleko Ernaitza liburudendan eta Aiurriko bulegoetan.

Familian ikusteko aukera paregabea da. Oraingoan, gainera, ingurumenarekiko arreta berezia jarri nahi dute pailazoek: "Marimotots zuhaitz baten adaburura igo da, han goitik lurra hobeto ikusteko. Pirritxek eta Porrotxek atzetik jarraituko diote. Eta zuhaitzez zuhaitz eta adarrez adar, espero gabeko lekuetara helduko dira”.

Korrika Kulturala, Urnietan

Korrika Urnietara iristear da eta herriko euskalgintzak giroa berotzeko ekitaldi-sorta antolatu du. Lehena aurreko ostiralean egin zen, Altuna sagardotegian. Bigarrena martxoaren 15ean izango da, pailazoen emanaldi bikoitzarekin. Gogoan izan, aurten, Korrika hilaren 19an eta 23an igaroko dela Urnietatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!