“Zaintza da gure lan-ildo nagusia”

Aiurri 2024ko mar. 8a, 09:39

Martxoaren 16an, egitaraua osatu dute, feminismoa eta antimilitarismoa oinarri Bagarakoek. Joxpi Lasa Iturrioz, Saioa del Palacio Agirre eta Maxus Etxeberria Santacruz taldeko kideak dira.

Urnietako Jabekuntza Eskolan du abiapuntua herriko Bagara talde feministak.

Jardunaldiak izaten dira Jabekuntza Eskolaren harira. Edurne Gallo da egungo berdintasun teknikaria udaletxean eta, bere helburua, nolabait, jardunaldien bidez talde bat sortzea zen. Momentu horretan ez zegoen talde feministarik. Gu jardunaldien partaide ginen eta beti azpimarratzen zigun ea, sortuko balitz, gutako norbait prest egongo ote litzatekeen horren parte izateko. Hala, hortik abiatu ginen. Oso ondo ulertu dugu elkar hasieratik. Lehen bizpahiru bileretan, Edurne etortzen zen gurera, bidelagun gisa eta martxa hartzen laguntzeko. Gehiagok ere eman zuten izena, baina, orain, normalean, bost kide bildu ohi gara jarraikortasunez. Dena dela, talde orokorrago bat ere badugu, "Bagara sarea". Bertan jende gehiago dago, eta, batzuetan, noizbehinka, baten bat agertzen da.

Orain hiru urte ekin zenioten biltzeari. Martxa hartzeko eta egonkortzeko tartea eduki al duzue, beraz?

Hiru urtetik hona, hamabost egunean behin biltzen egon gara, oporraldiak kenduta, eta maiztasun handiagorekin zenbait jarduera jakinerako, izan Greba Feminista Orokorra, izan Martxoak 8...

Talde-dinamikaren gaineko jardunaldi bat egin genuen. Oso aberasgarria izan zen guretzat, talde gisa zein norabide hartu pixka bat zehazteko. Alde batetik, barne-formakuntzari garrantzia eman nahi genion, feminismoari begira, geure burua elikatzeko. Beste alde batetik, kanpora begira, Urnietako emakumeei zuzendutako ekintzak egin nahi genituen. Geure arteko rolak arakatu genituen, eta guztiek ematen diogu zerbait Bagarari. Horrela, talde-izaera gorpuztu genuen.

Bost kide biltzen zarete jarraikortasunez. Baina garrantzitsua al da Bagarak sarea edukitzea?

Jakina. Aurten gu moldatu gara, baina, esate baterako, lehengo urteko martxoan, sareko kide batek kartela egiten lagundu zigun, proiektorearekin. Ahalegina egiten dugu, gainera, beraiei gauza garrantzitsuak zabaltzen, zertan gauden jakin dezaten. Bileretara beti izango dira ongi-etorriak.

Urteko egun seinalatuetan kalera atera ohi duzue aldarrikapen feminista.

Kosta egiten zaigu kokatzea eta jendearengana iristea. Urteko agendako data esanguratsuak hartu eta horietan zerbait egiten ahalegindu gara. Adibidez, Greba Feminista Orokorraren harira, bilera irekia deitu genuen, egun horretan, Urnietan zer egin zehazteko. Lehen pausoa izan zen hori. Izan ere, beste kasuetan ez genuen geure burua horretan ikusten, gu geu gutxi izanik. Grebaren harira, atera ginen kalera, eta, maila batean, jendeak erantzun zuen, bai bileran, bai egunean bertan. Orain, Martxoak 8 aurrean izanik, dinamika hori mantentzen ahalegindu gara. Baina jendeak ez du erantzun. Badakigu "feminismo" hitzak oraindik jendea beldurtzen duela. Horrenbestez, ostiral honetan, gure pankartarekin irtengo gara plazara.

Martxoaren 16an egun osoko egitaraua antolatu duzue, “Desobedientzia zibila eta feminismoa”. Zerbait aurreratzerik bai?

Dohainik da eta kartelean agertzen da nola egin izen-ematea. Egun osoko jardunaldia da, bi zatitan banatuta, goizean eta bazkal ostean. Madriletik etorritako asanblada antimilitaristak dinamizatuko du, eta desobedientzia zibila izango dugu aztergai, feminismotik begiratuta. Bien arteko loturari erreparatuko diogu, guztira, zortzi ordu hartzen dituen saio batean.

Zuen hiru urteko bidean, inportantea izan al da herriko gainerako eragileekin harremana estutzea?

Noski. Baten bat aipatze aldera, Etxeberri plazan, liburuaren festa egin zen joan den urteko ekainean. Hala, gurekin ipini zen harremanetan Ainara de Miguel herrikidea eta irakurketa feministaren txokoan izan ginen, liburu bat irakurtzen. Horrez gain, “Erregularizazioa orain!" herri ekimenean parte hartu genuen, Estela Cuevas urnietarrarekin elkarlanean. Oso egun polita izan zen. Azken boladan, pixkanaka, herri eragileon harremana sendotzen ari da, elkarlana garrantzitsua baita.

Epe motzean zein luzean, nora begira dago Bagara talde feminista?

Zaintza da gure lan-ildo nagusia, eta, gainerako herrietan bezala, gurean ere horri erreparatu nahi diogu, askotariko begiradatatik, herritarrekin. Emakumeen Etxea bueltaka darabilgu, era berean, eta, jada, inguruko herrietako proiektuak ezagutu ditugu. Hernanin duten bezala, Urnietan ere Berdintasun Kontseilua osatu nahiko genuke. Horretan gabiltza eta Jabekuntza Eskolan parte hartzen jarraitzen dugu; hasteko, gure formakuntzarako baliagarria delako; gainera, urnietar gehiago ezagutzeko aukera ematen digu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!