“Txikitan egin nahi nuena egiten dut; zoriontsu naiz”

Andoni Urbistondo 2024ko mar. 17a, 19:24

Txirrindularitza talde profesional bateko barrunbeak azaldu dizkigu Irati Otxoteko Lidl-Trek taldeko laguntzaileak; alde onak, txarrak eta anekdotak.

Irati Otxotekok sei edo zazpi hilabete pasatzen ditu etxetik urrun. Lidl-Trek taldeko autobus gidari eta masajista da, eta munduko txoko asko ezagutu ditu bere lanari esker. Bizikletari lotuta txikitatik, txikitan gertutik ezagutu nahi zuen mundua ezagutzea lortu du bere eguneroko jardunari esker.

Nor zaitugu, Irati?

Urnietan bizi den lesakarra (29 urte). Lesakar petoa naiz, baina maitasunak ekarri ninduen Urnietara. Daukaten lanarekin Lesakan edo Urnietan bizi, berdin da, baina sentimenduz lesakarra naiz. Kirol Heziketa ikasketak egin nituen eta egun Lidl-Trek txirrindulari taldeko laguntzailea naiz 2020az geroztik. Batzuetan autobus gidari, besteetan masajista. Sei urte daramatzat jardun berean.

Nolatan aukeratu zenuen ogibide hori?

Ikasketak bukatuta Euskadi Fundazioan hasi nintzen, eskola kirolean, haurrekin lanean. Ez ninduen bete, eta nire kabuz kirol prestakuntzak egiten hasi nintzen  jendearentzat. Ikasketetan jendea ezagutzen duzu, kontaktuak lortu. Ni ere bizikletan ibilia naiz, eta masaje ikastaroak egin nituen. Oharkabean lasterketaren batean masajeak ematen hasi nahi ote nuen eskaini zidaten. Ikasi nuen, jendea ezagutu eta bidea ireki: Movistar taldea aurrena, eta gero egungoa: Lidl-Trek.

Bide erraza dirudi.

Hala esaten dit Jon bikoteak (Jon Iturria, Zure Bike bizikleta dendako jabea). Esaten diot, nik ere zerbait ona egingo nuela. Arriskuak hartu nituen, ez pentsa. Lan finko bat alde batera utzi eta buru-belarri murgiltzea erabaki nuen. Urtebete egon nintzen sos gutxi irabazita, baina sartzea funtsezkoa da. Behin sartzen zarenean, bidea egiten da. Gaztea nintzen eta garbi neukan arriskatu egingo nintzela. Beti gustatu izan zait lasterketetara joan eta autobusen jira-bueltan ibiltzea: masajistak, ziklistak, mekanikoak, ur potoak… Idoloak hain gertu ikustea maite nuen, eta ondoren gertutik ezagutu ahal izan ditut.

Hogeita hamar urte bete aurretik talde handi bateko laguntzailea zara, eta dagoeneko lau urte daramatzazu bertan. Zer esaten dizu horrek?

Bide garbia izan dudala. Bada jendea talde txikietan urte piloa egiten duena, lan hobeagoa lortu aurretik. Txirrindulari baten antzeko prozesua bizitzen dugu laguntzaileok. Txirrindulariek izan dezakete sekulako talentua, baina une jakin batean zorte apur bat behar dute; momentu egokian bertan egon. Gure kasuan berdin. Ni egon behar nuen tokian egon nintzen; jende egokia ezagutu nuen ezagutu behar nuenean.

Lidl-Trek oso talde indartsua da, World Tour kategoriako bost onenetako bat. Aurten, gainera, Lidl supermerkatu kateak dirua jarri du.

Hala da, talde indartsua da, baina aurten talde bat gehiago gara: gizonak, emakumeak eta gazteak. Talde bat gehiago, eta jende gehiago lanerako. Bitarteko gehiago ditugu, baina UAE eta Visma-rekin alde handia dago oraindik.

Non aritzen zara lanean?

%95 emakumeen taldearekin eta %5 gizonekin. Aldatzea gustatzen zait. Emakumeen taldea txikia da, eta badu handicap bat: beti pertsona berdinekin egiten duzula lan. 24 ordu, hilabete bat pertsona berberekin, iraun egin behar. Batzuetan gehiegi da. Mutilekin bi edo hiru proba jartzen dizkidatenean gustura aritzen naiz: jende berria, anbiente freskoa, lan egiteko modu ezberdina… Mutilak emakumeok baino zuzenagoak dira, gainera. Esan nahi dut: autobusera iritsi eta esan beharrekoak di-da esaten dituzte, zuzenak dira. Emakumeok, aldiz, gorde egiten ditugu gure sentipenak, eta geroago bota. Botatzen direnean okerragoa izaten da. Hori bai, emakumeak eskertuagoak dira. Mesede bat egiteko eskatzen badizu, eta lepo zabiltzala ikusi, berak egiten du. Mutilak, orokorrean, alperragoak dira. Mesedea egin behar diozu nahitaez, izartuagoak daude. Baita gazteak ere.

Onartua duzue txirrindulariaren mesedean aritu behar duzuela egun osoa.

Gure lana da. Txirrindulariei esaten diet garbi: eskatu ahal diezagukezue ilargia, eta errespetuz egiten baduzue ez dut arazorik. Baita gauerdian eskatzen badidazu ere. Mads Pedersen da Lidl Trek taldeko izar nagusietakoa. Ba eskatzen dizun guztia errespetu handiz eskatzen dizu. Beste batzuk ez, eta horiek sortzen dute giro txarra. Emakumeen artean ez da halako harropuzkeria zantzurik sumatzen, profesionaltasuna eta diru kopuru handiak iritsi berriak direlako. 18-20 urteko belaunaldi iritsi berria errespetu askorik erakusten ez duen horietakoa izanen da agian 10 urte barru.

Nola ikusten duzu oilartze hori?

Gaizki. Txarra da. Profesionalizatzea ona da, baina ezin dugu ahaztu talde batean denok garela inportanteak. Batzuk besteak baino gehiago, noski, baina denak gara pertsonak.

Zu ondo baloratua sentitzen zara taldean?

Bai, orokorrean bai. Uneren batean batere ez, baina perspektibaz begiratu behar da zure jarduna. Talde handi batean nago, eta dena daukat eskura, baina beti falta da zerbait. Falta den horrekin arduratzen gara sobera, baina egindako lan ona ere eskertzen dute sarri. Beste talde batzuetara begiratzen duzu, eta nola dauden ikusi: bi masajista zazpi ziklistentzat, eta jabetzen zara ondo zaudela.

Zaleek Lidl Trek taldeko gizonezkoen izarrak ezagutzen dituzte, baina ez dakit askok emakumeen taldeko txirrindulariren bat ezagutuko ote luketen…

Jauzia handia da oraindik. Gero eta ezagunagoak gara. Lizzie Deignan da gure izarra, eta ezaguna da. Elisa Longo Borghini edo Elisa Balsamo ere ezagunak dira. Uste duguna baino jende gehiagok ezagutzen ditu. Ez dut imajinatzen erabateko parekatzea gizon eta emakumeen artean oraingoz. Gustatuko litzaidake, eta pauso onak eman dira, baina horma handia da, gainditzeko zaila..

Martxoan gaude, baina dagoeneko hilabete pasa eman duzu etxetik kanpo.

Bai, gehiago. Abenduan hasi ginen, denboraldi atariko kontzentrazioan Calpen (Alacant). Ondoren egun batzuk egin nituen etxean, eta urtarrila hasieran, 3an edo 4an Down Under proba egin nuen, Australian. Bueltatu, egun batzuk etxean, eta UAE Tour (Emirerri Arabiarren Batasuna) eta Valentzia. Atzera berriro bost egun etxean, Belgikara gauzak prestatzera, Strade Bianche, Oro trofeoa, eta berriz ere buelta etxera. 10 egun egingo ditut Euskal Herrian, eta gero Binda Sari Nagusia eta altuerako kontzentrazioa Sierra Nevadan (Granada, Espainia).

Etxera iristeko bidea ahaztuko zaizu erritmo horretan…

Beno, badakigu zer dagoen. Are gehiago, daukaten lan egutegiari begiratuta: hiru itzuli handiak (Vuelta, Giroa eta Tourra), eta Euskal Herriko Itzulia. Aurten, behintzat, Iparreko klasikoak kendu dizkidate, Ardenak bakarrik egingo ditut.

Zer sentitzen da Giroa eta Tourra hain gertutik ezagututa? Gozatzeko aukerarik geratzen al zaizue?

Lana da, baina pribilegiatua naiz, txikitako begiekin ikusten nuena ezagutzeko aukera daukadalako. Zenbatetan probak ikustera joan, zirku barruan egon nahi… eta orain barruan nago. Itzuli handi horietan presioa handia da, ez da hainbeste gozatzen, baina tentsiorik gabeko probetan gozatzen da. Iaz, adibidez, mutilekin egon nintzen Txinako proba batean, presiorik gabe, eta han gozatu nuen. Edo Australian, bertako tenis torneoko emakumeen finalerdi bat ikusteko aukera izan nuen. Teniseko zirkua kanpotik ikusi genuen, eta gero, gure zirkuan, zaleak guregana etortzen dira gauza eske. Egiten dudana gustatzen zait, pribilegiatua naiz.

Konta iezadazu zure egunerokoa.

Masajista edo autobus gidari jardunean?

Biak.

Autobus gidari moduan, esnatu, eta gosariko gauzak prestatzen ditut sukaldaririk ez bada. Ondoren autobusa prestatu, ziklistak irteerara eraman, azken xehetasunak lotu, izan irratia, dortsala… Irteten direnean autobusa hartu eta helmugara joaten naiz. Han merienda prestatu, dutxatu ostean ziklistak jaso eta hotelera eraman. Ondoren garbigailua jartzen dugu, autobusa garbitu… Goizeko 7tan hasi eta gaueko 9tan bukatu. Eta hurrengo egunean berdina.

Nekagarria?

Oso. Batez ere autobusak arazo asko sortzen dituelako: orain ate bat, gero komuneko zerbait… espezialista bati deitu behar diozu, edo mainatsu bat izan, eta ni ez naiz oso iaioa. Halere nahiago dut gidari jarduna, masajista lana baino.

Zergatik?

Giro ona sortzen delako ziklistekin, harreman ona, konplizitatea. Asko hitz egiten duzu beraiekin, eta konplizitatea sortzen da. Musika jartzea dut gustuko, eta txirrindulariek gustura egoten dira. Masajista lanean hornidura poltsak prestatu ostean autoak garbitu eta prestatu eta masajeak ematera mugatzen zara. Akaso autobusarekin bukatzen duzun ordu berean bukatzen duzu, baina erosoagoa da. Azken txirrindulariarekin bukatzen duzunean bukatu egiten da. Autobusarekin lana ez da inoiz bukatzen.

Masajista jardunaren xehetasunak falta zaizkigu.

Helmugan ziklisten zain egoten naiz, eta masajea eman. Masajista jardunak badu, dena den, gauza txar bat: erosketak egin behar direla. Ez dut batere atsegin.

Masajistak psikologo ere ba omen zarete.

Bai, masajea ematen duzun unean. Txirrindulariari entzun zalea naiz, eta aholkua eskatzen badit, ematen saiatuko naiz. Baina batez ere entzutea, lasaitzea, barruak askatzeko aukera ematea da gakoa. Ohatilan negarrez hasten den jende asko dago.

Ondo bizi al da ekonomikoki Lidl-Trek taldeko laguntzaile bat?

Bai, ezin kexatu. Eta parekotasuna erabatekoa da soldata mailan gizon eta emakumeen artean.

Nolakoak izaten dira garaipena lortzen diren egunak?

Askotan ezin ditugu ospatu, lasterketa bukatu eta berehala beste karrera hasten den tokira joan behar dugulako. Poza momentukoa da. Itzuli batean akaso errazagoa da, baina hurrengo etapa azkar etortzen da.

Ingelesez moldatzen zara.

Ezinbestean. Eta etxera bueltatzen naizenean kostatzen zait buelta ematea, ez pentsa. Ingelesezko hitzak erabiltzen ditut oharkabean bikotearekin edo koadrilarekin.

Bizikletan ibiltzeko astirik geratzen zaizu?

Gutxi. Zokoratuta dut. Atzerrian nagoenean korrika egiten saiatzen naiz.

Lidl-Trek taldeko masajista, bikoteak ere bizikleta denda… Bizikleta gaindosirik ez?

Gehiegi da, bai. Koadrilarekin saiatzen naiz arnasa hartzen, pote bat edo afariren bat antolatzen dugunean Lesakako jendearekin. Familiarekin ere egoten saiatzen naiz, edo beste kirol batzuk egin: gimnasioa, korrika, eskalada… Eskerrak eman nahi nizkieke koadrilakoei, euren laguntzagatik. Haiekin nagoenean bizikleta solasaldi guztietatik kanpo uzten saiatzen naiz.

Bikotekidearen dendara ez zara asko hurbiltzen, ezta?

Ez, bost minutu asko jota.

Amets bat?

Orain bezala jarraitzea luze. Gustura nago, zoriontsua naiz. Ez dut gauza gehiago behar: bidaiatzen dut, leku eta jende berria ezagutu, lana gustukoa, eta ordaindu egiten didate! Gero etxean nabaritzen dut ez dudala izaten bidaiatzeko gogorik, edo etxetik kanpo bazkaldu baino otordua etxean egitea nahiago dudala. Izokinak bezalakoa naiz, kontrakarrean ibiltzen naiz.

Azkena, publiko egin dezakezun anekdotaren bat.

Abizena tx-rekin idazten dut, eta galdetzen didate ea nongoa naizen. Euskal Herrikoa naizela esaten diet, paradisuan bizi naizela, eta euskaldunak indartsuak garela. Badakite guk masajeak fuerte ematen ditugula. Taldean aunitz gara, eta sona hori jarri digute. Zakar samarrak ote garen ere badiote… Izan da bakarren bat kargu hartu didana itsusi samar, dutxa azkar bukatzeko eskatu niolako… Hornidura puntuetan abesti bat abesten diet txirrindulariei. Horietako batean ‘Ain’t no mountain high enough’ abestia hautatu nuen, etapa gain batean bukatzen zelako. Ur potoak ematen eta kantari ari nintzen, bozgorailu batekin. Lizzy Deignan eta Elisa Longo ihesaldian pasa ziren, serio, eta ez nuen abestu, badaezpada. Ellen Van Dijk atzeratuta pasa zen, eta ni kantuan hasi nintzen: Ellen-ek ‘fuck you Irati’ esan zidan (joan zaitez haizea hartzera) ozen eta haserre, eta aho bete hortz geratu ginen laguntzaile guztiak. Gero barkamena eskatu zidan autobusean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!