Euskal Herriko errepideetan barrena dabil, jada, KORRIKA. Nola bizi duzue hori antolakuntzaren barruan zaudetenek?
Beti da hunkigarria. Oso gustuko dugu momentu hori. Gure eskualdetik, martxoaren 19an igaroko da, lehenengoz, eta, ordura arte, nahiz eta korrikarik ez egin, gertutik jarraitu ohi dugu, lekukoa nondik dabilen ikusteko. Gainera, aplikazioari esker, unean-unean, nork hartzen duen ikus daiteke. Prest egongo gara, KORRIKA iristen denerako.
Aste honetan hasi da lasterketaldia. AEK-k, ordea, aspaldi ekin zion beroketa-lanei…
Ikasturte hasieratik nabari da urduritasuna KORRIKA igaro ohi den urtean. Badakigu zer datorren. Beraz, irailaren bueltan, jada, martxan jartzen gara. KORRIKA urtea ez denetan ere makina bat zeregin dago egiteko, besteak beste, ibilbidea lotzen hasi behar da, aurreko txandan egondako oztopoei zein zailtasunei erreparatuta. Egia da lanak ez duela egunotan duen bolumena. Urtarriletik martxora arte, atzera kontaketa, maratoia izaten dugu: aurreko edizioan parte hartu zutenei galdetu, batzordeak martxan jarri, KORRIKAren bueltan tokiko egitaraua sortu... Buruhauste handia izaten da kilometroak zehazteko unea, zati bakoitza nori esleitu erabakitzea, alegia.
Dena dela, gorde al duzue indarrik korrika egiteko?
Gogorra da lana, baina gustura egiten dugu.
Birritan igaroko da Urnietatik lekukoa; ez toki beretik, ordea. Zein ibilbide egingo du bi kasuetan?
Asteartean, Hernanitik etorriko da. Nahiko ibilbide motza egingo du herrian. Mandazubiko biribilgunetik sartu eta Langarda alboko bidea egingo du. Urnietako herrigunea zapaldu bezain pronto, eskuinera joko du, Zabaleta aldetik, bertatik, Urnieta Bidea hartzeko, Lasarte-Oriarantz.
Martxoaren 23an, berriz, ohiko bide luzeagoa egingo du. Andoaindik etorriko da, oraingoan, eta, hernaniarrek emango diote jarraipena. Alabaina, geldialdia egingo du Urnietan. Ergoien industrialdetik sartuko da, eta Salestarretatik jaitsiko da. Jarraian, AEK euskaltegitik gora, udaletxera iritsiko da. Itzulia egin eta Aranzubi kaletik iritsiko da lasterketa Idiazabalera. Hala, herri guztia gurutzatuko du, Hernanira iritsi aurretik.
Lasterketa erraldoiaz bi aldiz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Txanponaren beste aldean, buruhauste bikoitza ekarri al dizue?
Argi dago lan handiagoa dela, zereginak bi egunetan izango ditugulako. Nolanahi ere, herriak ondo erantzun dio KORRIKAri. Jende askok hartu du parte kilometroa erosten eta ekarpena egiten. Pozgarria da, eta lana arintzen du horrek.
Eraglie andanak erakutsi du herrian KORRIKAren aldeko konpromisoa. Zein eskutatik igaroko da hizkuntzaren aldeko aldarrikapena?
Normalean, eta, aurten ere horrela izan da, Urnietako Udalak beti hartzen du kilometroa. Eskolek ere bai, bai Magale-Salestarrak-ek, bai Egape Ikastolak. Askotariko herri eragileak ere izango ditugu, aurreko edizioetan bezala, tartean: Egape Dantza Taldea, Zanpatuz, Poxta Zahar, Urnietako Kirol Elkartea, Egape Ikastolako Guraso Elkartea... Era berean, bi alderdi politikok ere hartuko dute lekukoa, EH Bilduk eta EAJ-PNVk. Aurten, Aiurrik kilometroa erosi du Urnietan. Eskualdeko enpresen parte-hartzea izan da berritasunik handiena: Moldeberri, Iner eta Lehengoak enpresek hartu dute kilometroa. Pozgarria da, lehen esan bezala, herriak ondo erantzun duelako.
Ongi-etorri beroa emango diote datozen egunetan urnietarrek KORRIKAri, ekintzez betetako egitarauarekin.
Martxoaren lehenean, Aiurrirekin elkarlanean, kantu-afaria izan genuen Altuna sagardotegian, Kantazaunekoekin batera. Martxoaren 15ean, "Ez gara jaitsiko" ikuskizuna izango da Saroben, Porrotx eta konpainiarekin. Ikuskizun bikoitza izango da. Martxoaren 23an, egun osoko festa izango dugu: goizean, musika eta dantza izango dira nagusi Egape Dantza Taldearen, Kantazaunen eta Lourdes Iriondo udal musika eskolako ikasleen eskutik. Ondoren, tokiko produktuen dastaketa antolatu du Poxta Zaharrek. Behin indarrak batuta, bazkalostean igaroko da, bigarrenez, KORRIKA Urnietatik.
Nola bizitzen da KORRIKA urtea euskaltegiko ikasgelan?
Sarri, guk ezer esan aurretik aipatzen digute guri, "aurten pasako da KORRIKA!". Zirrara berezia nabari da euskaltegian KORRIKAren etorrerarekin. Apaindu egiten ditugu ikasgelak, banderolekin zein petoekin, baita apaingarriekin ere.
Martxoaren 24an amaituko da KORRIKA Baionan, eta zuek hara joateko autobusa antolatu duzue. Zer egin beharko du interesa duenak?
Autobusa antolatu dugu. Urnietatik abiatuko da goizeko 08:00etan. Ondoren, Hernanitik eta Astigarragatik igaroko da, Baionara salto egiteko. Itzulera, arratsaldeko 19:00etan izango da. Joan-etorriak 13 euro balio ditu eta euskaltegian eman behar da izena. Azken eguna martxoak 21 izango da. Martxoaren 24ko festara animatzen ditugu urnietarrak!
Gomendiorik bai euskararen alde korri egingo duten zoro zoragarrientzat?
Arnasa luzeko lasterketa da KORRIKA. Hasi berri dago lasterketa, bete-betean gaude horretan. Beraz, batu indarrak 19rako eta 23rako. Furgonetakoek diotenari gogor erantzun! Aupa!