KORRIKA Kulturalaren baitan, aurreko ostiralean "Ez gara jaitsiko" ikuskizunaren bi saio eskaini zituzten pailazo ezagunek Saroben. Ia larehun ikusleren aurrean aritu ziren, bi saiotan.
Amazonia hizpide hartuta, ikuskizunaren bidez, Amalurra zaintzeko deia luzatu nahi dute pailazoek. Ikusleek irri, kantu eta dantza egiteko aukera izan zuten.
Emanaldiaren amaieran, Porrotxek eta Marimototsek pagoaren kimua oparitu zieten Urnietako euskaltzaleei. Koldo Tapiak eta Fermin Argiñarenak jaso zuten, herriko euskaltzaleen izenean. Koldo Tapiak berak, oholtzatik, zuhaitza non landatu galdetu zien ikusleei.
Emanaldi polita izan zen ikusleentzat. Pailazoak, euren aldetik, itzultzeko gogoz dira.