Eguzki proiektuaren Zuzendaritza Batzordea hautatu nahi du Urnietako Energia Komunitateak

Aiurri 2024ko mar. 19a, 11:08

Abian da, Urnietako Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, Udal Frontoian eta Sarobe arte eszenikoen gunean eguzki-plakak jartzeko proiektua. Hala, Urnietako Energia Komunitatearen lehen bilera deitu dute, gaurko. 18:00ean izango da hitzordua, Lekaio Kultur Etxean, eta, bertan, zuzendaritza batzordea aukeratuko da. Izena emandako bazkide guztiak daude deituta.

Urnietako Udalak dioenez,  bi eraikinetako estalkiak "doan" utzi ditu. Horrela, proiektu horrek energia berriztagarria kontsumitzeko aukera eskaintzen die 213 etxeri nahiz negoziori: "Ingurumena errespetatzeaz gain, parte-hartzaileen faktura elektrikoetan % 25 aurreztea ere proposatzen du".

  • Urnietako Udal Pilotalekua: 540 m²-ko azalera erabilgarrian, 180 eguzki-plakarekin, 81 kWp-eko potentzia sortuko da. Ondorioz, 122 etxebizitza eta saltoki txiki energia berriztagarriz hornitu ahal izango dira.
  • Sarobe arte eszenikoen gunea: 405m²-ko azalera erabilgarrian, 135 eguzki-plakarekin, 60 kWp-eko potentzia sortuko da. Horrela, 91 etxe eta denda txiki energia berriztagarriz hornitu ahal izango dira. 

Interesa dutenei begira, harremanetarako bi bide ipini ditu Urnietako Udalak herritarren eskura: web orri ofiziala bisitatzera edo, zuzenean, 946 856 312 zenbakira deitzea. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!