Argi berdea eman dio Urnietako Udalak Babiloniako bide berriaren proiektuari

Aiurri 2024ko martxoaren 26a

Urnietako Udalak  martxan jarri du Babiloniako bide berriaren proiektua, "udalerriko konektibitatea hobetzeko eta trafikoa arintzeko". Martxoaren 21ean egindako osoko bilkuran, kreditu-aldaketa bat onartu du, 2023ko likidazioa egin ondoren. Aldaketa horretan, bidearen proiektua lehen fasean sartu da, 1.317.005 euroko aurrekontuarekin. Urnietako Udalak adierazi duenez, "Zabaleta auzoa zeharkatzen duen Urnieta-Lasarte Oria errepidearen zatia ordezteko beharrari erantzuteko sortu da, eta egungo azpiegitura modernizatzeaz gain, auzoaren trafiko handia saihestu nahi du".

Bide berria 300 metro ingurukoa izango da, GI-3722 errepideko 4,700 kilometro-puntuan dagoen elkargunetik GI-3832 errepideko etorkizuneko biribilguneraino, eta guztira 7,00 metroko zabalera izango duen bi erreiko galtzada izango du. Proiektuaren lehen fasean honako lan hauek egingo dira: lurrak mugitzea, zoladura jartzea, egungo bideekin behin-behineko konexioak egitea, euste-lanak egitea, eta euri-urak drainatzeko eta saneatzeko sistemak instalatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!