Zapotxin pailazoa izango da Saroben, Poxta Zahar elkartearen eskutik

Aiurri 2024ko api. 12a, 09:21
Iturria: Hernaniko Kronika

Zapotxin pailazoa izango da Saroben, apirilaren 20an, "Esan, galtzerdi maitea!" ikuskizunarekin. Arratsaldeko 17:00etan izango da Poxta Zahar elkarteak antolatutako emanaldia. 3-10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago.  Salgai daude, jada, sarrerak, Matxo eta Frontoi tabernetan.

Sinopsia

Istorio kontalari bikaina zen gure aitona. Bere galtzerdi dendan jasotzen zituen istorio guztiak; handi zein txikiak, argi zein ilunak, koloretsuak zein zuri-beltzak. Asko ikusia zen galtzerdi-denda hura eta are gehiago ikusiak ziren bertako galtzerdiak”. Zapotxin aitonaren galtzerdi-dendara joango da bisitan, aitona, ordea, ez da inondik ageri. Hala ere, altxor txiki bat utzi du Zapotxinentzat.

Antzerkiak bidaia txiki-handi bat planteatzen du eta publikoa guztiz mugilduko da, uneoro bat-batekotasunak pisu handia baitu ikuskizunean. Bertso musikatu mordoa biltzen duen istorioa da. Galtzerdiek kontatuko dizkiote protagonistari beren jabeen abenturak eta Zapotxinek bere herria nola eta nork sortua izan den ulertuko du. Modu harrigarri batean, Elbira Zipitria ikastolen sortzailea, Lazkao Txiki, sare joslea eta beste zenbait lagun izango ditu bisitan Zapotxinek. Publikoak eta denok ozen errepikatuko dute: Esan, galtzerdi maitea!

Fitxa artistikoa

  • Zuzendaritza: Markel Oiarzabal
  • Ekoizpena: Gaitzerdi estudioa
  • Kamera-teknikaria: Iñigo Markez

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!