Babiloniako bidea eraikitzeko lanak azkartuko dituzte

Aiurri 2024ko api. 12a, 09:23

Urnietako Udalak  martxan jarri du Babiloniako bide berriaren proiektua, "udalerriko konektibitatea hobetzeko eta trafikoa arintzeko". 

Joan den martxoaren 21ean egindako Osoko Bilkuran hartu zen erabakia, alderdi guztien babesarekin (*oharra: paperezko euskarrian akatsa dago, EH Bildu ez baitzen abstenitu; aldeko bozka eman zuen). Hala, bidearen proiektua lehen fasean sartu da, Udalaren 1.317.005 euroko aurrekontuarekin: “Bidearen hasierako finantzaketa Udalak aurreratuko du”, adierazi du Urnietako Udalak, zabaldutako prentsa-oharrean, “eraikuntza berehalakoa izan dadin, eta, ondoren, Babiloniako hirigintza-garapenaren etorkizuneko sustatzaileek itzul dezaten”.

Proiektuaren gaineko erabaki horren aurrean, aldeko bozka eman zuen oposizioan dagoen EH Bilduk, nahiz eta ez dagoen ados Gobernu Taldeak prozedura gauzatzeko hartu duen jarrerarekin. Aiurri hedabideari adierazi bezala, “aurreikuspen zein borondate falta” egon dela uste du EH Bilduk: “Ondoren, gure babesa izan duten auzotarren protestekin mugitu egin behar izan dira”.

Lehen zereginak
Bide berria 300 metro ingurukoa izango da, GI-3722 errepideko 4,700 kilometro-puntuan dagoen elkargunetik GI-3832 errepideko etorkizuneko biribilguneraino, eta, guztira, zazpi metroko zabalera izango duen bi erreiko galtzada izango du. Proiektuaren lehen fasean honako lan hauek egingo dira: lurrak mugitzea, zoladura jartzea, egungo bideekin behin-behineko konexioak egitea, euste-lanak egitea, eta euri-urak drainatzeko eta saneatzeko sistemak instalatzea. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!