Herriko zaintza-ekositema "artikulatu" nahi du Urnieta udalak

Aiurri 2024ko api. 23a, 14:30

Herriko zaintza-ekosistemari erreparatu nahi dio Urnietako Udalak, Gizarte Zerbitzuek gorpuztuko duten “plan partekatu eta kolaboratibo” batekin. 

Partaidetza-prozesu gisa irudikatzen dute egitasmoa, “non beharren diagnostikoa egiteaz gain, datozen urteetarako ibilbide orri bat diseinatuko den”. Horren berri emateko, prentsaurrekoa egin zuten udaletxean atzo. Bertan izan ziren, Jorge Segurado alkatea, Consuelo Frutos Gizartekintza zinegotzia eta Itziar Olazabal Gizarte Zerbitzuetako arduradun teknikoa. Matia Institutuaren eta Zabalduz Kooperatibaren aholkularitza izango du ekimenak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako finantziazioari esker gauzatu ahal izan da, Zaintza HerriLAB esparruaren barruan. Horretaz gain, Europar Batasunaren finantzaketa ere badu.

Urnietako bizilagunei eta erakundeei zuzenduriko prozesua da, “era berean, zaintza-kateko kide diren eragile komunitarioek ere parte hartuko dute”. Hala, 16 urtetik gorako herritar guztiei galdetegi bat bidaliko zaie etxera, eta maiatzaren 26ra arte entregatu ahal izango da udalerriko hainbat puntutan ipiniko diren buzoi eta kutxetan: Bertan, Lekaio, Kiroldegia, Sarobe eta Elkarteen Etxea, besteak beste. Bestalde, aukera egongo da galdetegia online betetzeko, bai udalaren aplikazioan, bai webgunean. 

Urnietako Udalak azaldu duenez, tokikotasunetik, osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak eta zerbitzu komunitarioak integratzea du xede proiektuak, “zaintzak behar dituzten pertsonen eta zaintza horiek eskaintzen dituzten pertsonen eta profesionalen beharretatik abiatuta”. pertsonekin ez ezik, sistemekin ere lan egin nahi duela adierazi du Urnietako Udalak: “Zaintzak erdigunean jarriz eta zaintzaren kultura partekatua sortuz, non udalerriko jarduerak eta politikak sostengatuko diren”. 

Parte hartzeko ezarritako epea amaitu ostean, eta, jasotako ekarpenak aztertu ondoren, aurkezpen publiko bat egingo du Urnietako Udalak, “udalerrian zaintza-eredu berri bat garatzen hasteko bidean ateratako ondorioen berri emateko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!