"Jolasti joango naiz txapelketara, baina neure burua estutzeko gogoz"

Alba Cabrera Jauregi 2024ko api. 26a, 17:51

Gipuzkoako Txapelketaren aurreko sailkapen fasea hasi berri da. Ostiralean, oholtza gainera igoko da Andoni Mujika Izagirra Anatx urnietarra. Gogotsu bezain anbizioz ekingo dio jardunari.

Udaberrian sartuta, martxan da, bost urteren ostean, Gipuzkoako Txapelketaren aurre sailkapen fasea. 20 saio izango dira guztira eta, bertatik, puntuazio handiena lortzen duten 34 bertsolariek izango dute aukera berriro ere udazkenean oholtza gainera igotzeko. Tartean da urnietarra. Eztarri sendoz erantzun ditu galderak, nahi izan duen doinu eta neurrian.

Ostiral honetan ekingo diozu, bost urteren ondoren, berriro ere Gipuzkoako Txapelketaren sailkapen faseari. Nola bizi dituzu oholtzara igo aurreko azken egunak?

Gogotsu. Nahiko luze jotzen du txapelketaren fase honek, jende askok hartzen dugulako parte. Lehenengotarikoa naiz ni abesten, eta, eguna gerturatu bezala, gogoak biderkatzen zaizkit. Pentsatzen dut urduritasunak etorri, etorriko direla, baina, momentuz, ez.

Zer nahiago, sailkapenaren hasieran abestu edo amaiera aldean?

Eskolartekoetan-eta ibili izan naiz, gaztetxotan. Normalean, azken saioetan parte hartzea egokitu zait. Hori ere ez nuen gustuko. Beraz, nahiago dut lehenengotarikoa izan. Bat entzun, ni kokatu eta, jarraian, abesteko. Ondoren, lasaiago joaten naiz lagunak entzutera.

Non jarri indarrak bezperako egunetan?

Betikoa egin ohi dut. Normalki, astean behin biltzen gara; asteazkenetan egiten dugu hitzordua. Batzuetan, ostegunetan ere bai. Orduan, aste honetan, lagunekin bildu naiz, elkarri gaiak jarri, entzun eta jardun. Ez dut azken astean bestelako miraririk egiteko esperantzarik. Hortaz, joan eta jardun.

Batez ere, garai batean, esaten zen txapelketaren bezperako egunean ez zela abestu behar, edo buruari ez zitzaiola eragin behar, atseden hartzeko asmoz. Bada, ni ez naiz horren aldekoa. Ohituta nago asteazkenetan zein ostegunetan hara joaten; horregatik, astero egiten dudan jardunari eutsi nahi diot.

“Elkarri entzun eta, lagunen aurrean, jardun”, esan didazu. Epaile-lanetan ere aritzen al zarete?

Ez, noski, puntuekin, baina elkarri gomendioak ematen dizkiogu, "nik horrela egingo nuke” edo “beste era honetara eutsiko nioke gaiari". Teknikoki ere "ekarpenak egiten ditugu klaseetan, baina gutxiago. Gehiago izaten dira gaia bideratzeko moduari dagokionez: "Ederra bota duzu, baina niri ideia hau etorri zait burura" edo "oso ona zen, baina, ideia hori amaierarako utziz gero, indar handiagoa hartzen du arrazoiak".

Gustuko dut, gainerakoei gaia jartzean, nik zer esango nukeen pentsatzea. Zerbait polita bururatzen bazait, partekatu egiten dut besteekin. Beharrezkoa dela iruditzen zait, eta asko eskertzen dut.   

Ostiral honetan, Gabirian ariko zara. Ezagutzen al zenuen lehenik oholtza hori?

Lehen aldia dut Gabirian. Inguruan izan naiz, Osiñalde Sariketan. Kanporaketan abestu izan dut, Ordizian edo Zaldibian, adibidez, baina finalean ez dut abesteko aukerarik izan. Sona handia du herriak, eta oso gustura nago, diotenez, abesteko ederra delako.

2019ko txapelketan ere partekatu zenuen oholtza ostiralean alboan izango dituzun zenbait kiderekin. Maider Arregirekin, esaterako.

Bai, Oñatin abestu nuen Maiderrekin, txapelketan. Oso gustura nago taldearekin. Ez ditut guztiak ezagutzen, ez naiz denak entzundakoa, baina, gutxi gorabehera, kokatzen ditut. Oso oso gustura nago. Zuk esandakoa ondokoak bere bertsoan aintzat hartzea dut gogoko. Hor gozatzen dut nik. Gaur egun, ez dute hori guztiek egiten, baina hori ikusten dut ostiraleko taldean.

Herri txikietatik abiatuko da txapelketa. Zer nahiago, tamaina txikiko hitzorduak ala jendez lepo dagoen plaza batera igotzea oholtzara?

Saio jendetsuak ikusgarriak dira, baina oso gogoko ditut plaza txikiak. Joan den txapelketako aurre sailkapen-fasea Errezilen egin nuen. Bete egin zen. Jendearen harrera nabari duzu, jendearen goxotasuna. Gabirian, antzekoa biziko dudala uste dut.

Atzera begira jarrita, final zortzirenetaraino iritsi zinen 2019ko txapelketan. Gustura gelditu al zinen egindako lanarekin?

Gustura gelditu nintzen egindako txapelketarekin. Udaberriko sailkapenean nahiko larri pasa nintzen. Baina, udazkenean, saio oso txukuna egin nuen. Gogo handiz nintzen, eta urduritasun txikiarekin.

Irakaspenik atera al zenuen?

Nahiko jolastia naiz. Bertsotan egiteko plazer hutsez noa txapelketara. Txapelketak lehia dakar, noski, eta burua pixka bat estutzera eramaten zaitu horrek. 2019an, bertso-eskolan baino gehiago exijitu nion, bai, baina, akaso, ez behar beste. Oraingoan, jolasti joango naiz, plazerez, baina gogoa dut neure burua estutzeko. Ea zer ateratzen den.

Askotan, bertso perfektuaren bila joaten gara, eta gaia "aulkia" baldin bada, aulki horren atzean dagoen horren bila hasten gara. Eta, azkenean, gaizki ateratzen da. Neure burua estutu nahi dut aurre sailkapen fasean, baina aulkia aulkia da eta mahaia mahaia. Aulkiaren atzean zer dagoen, bilatuko dut, akaso, txapelketara pasatzen banaiz. Momentu honetan, gauza xumeetatik zerbait polita ateratzen ahaleginduko naiz.

Aurten, aurreikuspenik bai?

Momentukoari begiratzea dut gustuko. Aurrera begira jarriz gero, aldiz, oso txapelketa polita datorrela uste dut. Bost urte igaro diren honetan, jende berri dezente dator, eta helduenen artean, bada utzi duenik ere. Txapelketa erakargarria daukagu aurretik. Gogoz nabil, batez ere plazan aritzen den jendea txapelketaren testuinguruan entzuteko. Ez da, txapelketara ohituta gauden bertsokera bat, soilik, entzungo, aurreko fase honetan, behintzat. Horrek aberastu egiten du bertsolaritza

Sailkapen faseko gainerako bertso-saioetara joateko ohitura al duzu?

Bai eta, batez ere, ingurukoenak. Entrenatzen dudan jendearen saioak entzutera joaten naiz, ondoren, hurrengo batean eseri eta "hau horrela egin zenuen, eta hau horrela", errepasoa egiteko. Zalea naiz, bai. Aurreko fase honetan, saioa tokatzen den herriko bertso eragileei luntx moduko bat antolatzeko eskatu zaie. Giro polita sortuko da bertan, bai entzuleekin, bai bertsolariekin, zerbait jan-edanez.

Denbora-tarte luzea daramazu  Hernaniko bertso-eskolan ikasle gisa, baita, tarteka, irakasle jardunean ere . Bertako zenbatek hartuko duzue parte oraingo sailkapen honetan?

Eli Pagolak, Ekain Tolaretxipik, Andoni Rekondok, Iker Ormabazabalek eta nik neuk hartuko dugu parte aurre sailkapen-fasean. Gerora, beste batzuk ere sartuko dira, Asier Azpiroz, EÒaut Martikorena, Agin Laburu... Gustuko dut gero elkartzea, eta elkarrekin komentatzea.

Etxea ere eskola ona izan duzu zuk. Aitona Pedrok Xoxokan arrasto ederra utzi omen zuen. Aita ere oholtza gainera igotakoa da.

Hernanin, Txirritarekin jardundakoa ere ba omen zen aitona. Nolanahi ere, etxean ez dugu sekula bertsotan egin. Aitona zalea zen bertso zaharrak abesten. Mordoxka kantatzen zituen, bazkaltzen edo afaltzen, mahaiaren bueltan. Inork gutxik ezagutzen ez dituenak zituen buruan. Aitak gutxiago, ez du ohiturarik. Kasuren batean, ezer prestatu gabe amaitu izan dugu elkarrekin bertsotan, baina bizpahiru aldiz. Gehiago izan da etxetik kanpo egindako zerbait, eta nahiago dut horrela izaten jarraitzea.

2024. urtea berezia omen Gipuzkoako Bertsozale elkartearentzat, mende erdia betetzen delako lehen bertso eskola sortu zenetik. Zenbateko garrantzia dute, zure ustez, bertso-eskolek bertso-ekosisteman?

Erabatekoa. Pisu handia dute eta izango dute. Beste indar batekin datoz, bai bertsolaria, bai bertsozalea. Bertso-eskolak bi aldeei bultzada ematen die, ikusgarritasuna. Sei-zazpi urte eman ditut Hernanin bertso-eskolako irakasle. Aurten, Iker Ormazabal dabil buru-belarri eta hiru ikasletik hamahiru izatera igaro da. Beharrezkoak dira bertso-eskolak.

Eskola izateaz ez ezik, belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko erremintak ere badira, ezta?

Batez ere gazteak bildu ohi gara, baina bai, oso polita da. Asier Azpiroz irakasle eduki nuen, esaterako. Orain, bere alboan abesten egon ahal izatea, ederra da. Ekain Tolaretxipiren irakasle izan naiz urtetan, eta, orain, txapelketara elkarrekin goaz.

Gipuzkoan, plaza asko galdu zituen bertsolaritzak 2020an, pandemia medio. Egun, martxa hartzen ari da berriro ere. Nola bizi duzu zuk egoera, oholtza gainetik begiratuta?

Ez zait asko egokitu oholtza gainetik begiratzea. Izan ere, ez ditut saio asko egiten. Orain, zenbait herritan, gazte saioak ari dira sortzen. Jaialdiak antolatzean, betiko zortzi onenak dabiltza. Gu, ordea, ez. Oreretako bertso eskolak, hilabetean behin, uste dut, saio bat egiten duela, plaza gutxi ditugun bertsolariokin. Iruran ere hasi direla esango nuke. Gazteek bertsotan egin nahi dugu jendaurrean. Horrek ere diskurtso berriak ekarriko ditu, ziur. Akaso, punta-puntakoa ez den bertsolarirenbat edo beste tokatuko da, beharbada, baina, tartean ere ale ederrak utzi ditzazke.

Hori ere bada bertsolaritza, alegia, trabatzen den bertsolaria ere bada bertsolari...

Txapelketaren beroketa gisa hitzordua egin genuen Harituzekoek eta guk. Lauzpabost aldiz trabatu nintzen, seguru, bertan. Zergatik ez ba baimendu zeure buruari horrelako saio batean trabatzen? Horrela ere ikasten da, hurrengoetarako.

2019az geroztik egingo den lehena izango da. Bertsogintzari indarra emango al dio txapelketak?

Bultzada handia ematen dio. Lehiaketa hasi aurretik nabari da jendearen jakin-mina, gogoa. Alabaina, txapelketa igarota ere bertan dirau bertso-goseak. Bete egingo dira aretoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!