Urre koloreko fruitua

Andoni Urbistondo 2024ko mai. 3a, 07:50

Bi urte atzera ekin zion Ainhoa Larreak ahuakate landaketari, zalantza putzu batean, baina zuhaitzak hasi dira fruitua ematen, eta esperantza badu, urte pare batean merkatua lortzeko; ahuakate landaketa ahoz aho dabil nekazaritza sektorean.

Azkonobieta baserriko soroak aberats sumatzen dira apirileko goiz freskoa epeltzen duen eguzki izpi gozoen bila. Soroen arduradunak erakusten duen irribarrea bezala. Pozik baita Ainhoa Larrea landatu dituen zuhaitzak bisitatzen, fruiturik eman ote duten, edo besterik gabe, osasuntsu ote dauden jakiteko. Bi urte atzera ahuakateak landatzea erabaki zuen Larreak. Erabaki arriskutsua, edo ziurgabetasun handikoa. Gaur da eguna argi printzak ikusten hasi dena. Zuhaitzak fruitua ematen hasi dira, baina oraindik beste urte pare bat beharko ditu, ezusteko edo atzera pausorik gabe, ahuakate landaketak merkaturatu eta sosak eman diezazkion.

2022 urtera egingo dugu atzera. Ahuakate landaketa noiz, nola hasi zen gogoratzeko. Larrea: “Landaketa emankorra izan zitekeela beste ahuakate landaketa batzuk ikusi nituenean jabetu nintzen. Bizkaian egon nintzen, Asturiasen, Kantabrian, Irunen… gure antzeko klima duten landaketak, guztiak. Oso itxura polita ikusi nien, eta ausartu nintzen baserrian gauza bera egitera. Uda ondo pasa zuten, eta lehen negua beldur batean pasa nuen, ahuakateak tamainaz txikitu egin zirelako. Pentsatu nuen, buf, akabo, hauek ez dute aurrera egingo”.

Baina egin zuten. Iazko udaberrian hazi egin ziren ostera, eta bilakaera hori ikusita bigarren landaketa bat egitera animatu zen Larrea: “Lehenengoan 150 zuhaitz landatu nituen, eta bigarrenean 550. Bigarren landatze hori iazko ekainean. 700 zuhaitz denera”. Hirugarren sail koxkor bat ere jarri zuen, iazko azaro bukaeran. “Azken sail horretako dozena erdi edo akabatu zaizkit bukatu berri den neguan, hotzarekin, baina beste 55 zuhaitzek iraungo dute”. Proportzioa ontzat ematen du Ainhoak: “Landaketa erdiak aurrera egin ez duen ustiaketak ezagutzen ditut”, bota du.

Ahuakate landaketa berria da Euskal Herrian. Ez dauka aurrekari handirik, eta hortik landaketa arriskutsuaren sona. Larreak eman dizkigu arrasto batzuk: “Ez du lan fisiko handirik eskatzen duen landaketa. Bi urtean behin bakarrik ureztatu dut soroa, baina hemen nahikoa euri botatzen du. Behar dutena baino hirukoitza botatzen du Urnietan. Berez gehiegi, baina gehiegi botata ere ez dira kaltetzen”. Hotzak errespetu gehiago ematen zion Azkonobieta baserrikoari: “Banekien ahuakate mota batzuk -2 edo -3ko tenperaturak jasateko gai zirela,  baina Malagako landaketetako datuak aintzat hartuz. Baserri ondoan estazio meteorologikoa daukagu, eta gurean azken bi urtetan tenperatura ez da -2.7 gradutik jaitsi. Lesakan -5 ere aguantatu izan duela badakigu, ahuakate mota batzuk gogorragoak direnaren seinale”. Larrearentzat une edo ordu batzuetako tenperatura hotzak baino, zeroz azpiko tenperaturak ordu askotan, edo egun batzuetan luzatzea da arriskutsua, eta hori Euskal Herriko Kantauri isurialdean ez da sarri gertatzen.

Eguraldiaz harago, beste faktore bat nabarmentzen du baserritarrak, ahuakatearen bilakaera onean: “Lurraren prestaketa. Zortekoa naiz, anaiak prestatzen didalako makinarekin, bestela gastu handitan sartuko ginatekeelako. Lurra ondo prestatzen baduzu, ondoren landarea hobeto egoten da”.

Ahuakatearen ezaugarriak

Zuhaizti bakoitzak zenbat fruitu eman ditzakeen galdetu diogu LarrearI: “Hori jakiteko 10 urteko prozesua bukatu arte itxaron beharko dugu, baina datu bat emate aldera; loraldiko zuhaitz bakoitzak 500 eta 800 bat ale eman ditzakeela esango nuke. Zuhurtzia osoz, oraindik ez baitugu ahuakateren hazkuntza prozesuaren informazio guztia”.

Ahuakatea balio handia hartzen ari da herritarren begietara, eta gehiago hartuko omen du, etorkizunean. Larrea: “Jendeak gero eta gusturago jaten du ahuakatea, gero eta gehiago. Oso kopuru txikia jaten dugu gurean Alemania eta Frantziarekin alderatuta. Ohitura faltagatik, ziur aski, baina hori aldatzen ari da urtetik urtera. Kontsumoa igotzen ari da, eta Europan kontsumitzen duten ia dena Andaluzia eta Valentzia aldetik inportatzen dutenez, guk hemen Amerikako produktua kontsumitzen dugu: Txile, Peru, Kolonbia, Mexikotik zerbait… Jaten duguna ez da on-ona, eta bertako ekoizpenak hornituko du demanda etorkizunean”.

Hausnarketari segida eman dio Ainhoak: “Bertakoa izateak balio izugarria emango dio ahuakateari. Orain kontsumitzen dugunaren jatorria begiratu eta hainbat herrialdeetatik dator. Sarri desgaraian bildutako fruitua da, eta ez dakigu ze prozesu kimiko pasa dituen. Nirea, gainera, ekoizpen ekologikoa da, eta kontrol neurriak oso zorrotzak dira. Bertako produktua atzerrikoa baino hobeagoa izaten da ia beti, garestiagoa izanda ere”.

Garestia aipatu du. Zenbatean ordaintzen da, bada, ahuakatea? Honatx erantzun mamitsua: “Ahuakate kiloa bospasei eurotan dago egun supermerkatu handietan. Banaka erosten baduzu, ale bakoitzak bi euro balio du, gutxienez. 2.30 ere bai, agian. Horrek esan nahi du herriko fruta dendan kiloa bederatzi bat euroan dagoela”. Prezio benetan handia, ahuakate landaketak mozkina, eta onak eman ditzakeela pentsatzera daramatenak, baina adi: “Ahuakate landaketak ez du behartsu bat aberats egiten gauetik goizera”, bota du Ainhoak. “Jendeak nahi du gaur hazia jarri eta bihar fruitua jaso, saldu eta irabaziak zenbatu. Baina hori gaur-gaurkoz ez da posible”.

Ahuakatearen sukarra!

Ahuakatea soroetako produktu izarra bilakatu da azken aldian. Nekazal lurretan aritzen den, edo aritu nahi duen orok ahuakateak begiz jota dituela dio Ainhoak, eta formazio ikastaroetako datuak dakartza solasaldira, hori frogatzeko: “Fruitel Gipuzkoako Fruta Ekoizleen eskutik solasaldi bat antolatu zen Fraisoro Nekazal eskolan. IÒaki Ormaza CSIC Zientzia Ikerketen Batzorde Gorena erakundeko ikertzailea izan zen hizlaria. Fraisoron klase teorikoa hartu genuen, eta biharamunean praktikoa Irungo eta nire landaketetan. Harrituta geratu nintzen izena eman zuen jende piloarekin. 45 lagun, eta jende ezaguna tartean”.

Batzuengan kuriositatea sumatu zuen Ainhoak, “baino beste askorengan etorkizunean ahuakateak lantzen hasteko grina handia. Berehalakoa, ia-ia, ahuakateak urrea balira bezala, aberastasuna musu truk emango balute bezala. Eta zuhurtziaz jokatu behar da, ahuakate landaketa oso esperimentala delako. Ni bidea egiten ari naiz, baina ez daukat arrakasta ziurtaturik. Hainbat ahuakate mota, zain ezberdinak lantzen ari naiz, ikasten, ondoen aurrera zeinek egiten duen aztertzeko, hori landatzeko”. Larreak Hass motako ahuakateak dastatu ditu, dagoeneko, eta onak daudela dio. Lamb Hass mota ere landatu du, “bi mota komertzialenak. Reed mota ere bai, nire asmoa urte osoan ahuakateak biltzea baita”.

Nola lan egin ikasteko eredu bakarra dute gertu bertako nekazariek: Kantabriako nekazal eskolak Villapresenten daukan lursaila. Hara joatekoa da, laster. Jendeak dagoeneko Ainhoari berari galdetzen dio zein ahuakate mota landatu behar duen, edabe magikoaren jabe balitz bezala. “Esaten diet: ‘neronek baneki…’. Duela bi urte arrisku handia hartu nuen, zehatz zein ahuakate mota landatu ez nekiela, eta denak landatu nituen. Ikusi dut ze motak erantzuten duten ondo, eta horrekin ekin behar. Baina lau edo bost urte itxaron beharko dut ziurtasunen bat izateko”.

Lan fisiko handirik gabe, landatu aurreko prestakuntza handia eskatzen du ahuakateak. Larrea: “Motak aukeratu behar dituzu, eta sarean ikertu, hara eta hona ibili landaketa ezberdinetan… Aitzurrarekin ez naiz ordu asko ibili, baina interneten…”. Larreak ez du sosik jaso oraino, baina ohituta omen dago. “Sagarrak landatu nituenean ere zazpi urte eman nituen zain diru pixka bat jaso arte. Orain bi bakarrik daramatzat, azkar pasa dira”.

Data bat dauka buruan: “2025ean inguruko jendeari oparitu eta saltzen hasteko moduan egon ninteke. Ezagutzera emateko aukera izango dut hortik aurrera, eta 2026an eskala handiagoan saltzen hasi. Zuhaitz bakoitzak kilotan, urte kaskar batean 20 bat kilo eman ditzake, eta urte onean 50-60 bat kilo. Produkzioa handia da, eta laugarren urtean has zaitezke egindako inbertsioari buelta ematen. Baina ahuakate landaketan bi gehi bi ez dira lau izaten beti”.

Bolo-bolo dabilen eztabaida, bukatzeko: ahuakatea Euskal Herriko fruitua ote da? Eztabaida handia da. Zitrikoak ere ez omen dira, baina gurean gertatzen ari den klima aldaketarekin izango direla diote zenbaitek. Ainhoak asko daki gai honetaz, honatx bere iritzia: “Euskadi Irratian entzun nuen gure paisaiako frutak izango direla laster zitrikoak. Izango dira ez, gurean daude aspaldi, baina ez gara jabetu: limoiak, mandarinak, pomeloak, yuzu-ak… Nork ez du ezagutzen fruitu horiekin beteta dagoen zitriko zuhaitzen bat? Etxe atarian dut bat. Urnietako Magale ikastetxean ere hainbat zitriko zuhaitz daude. Edota Kutxako bulegoaren atzealdean, ahuakate zuhaitz handia. Zelai-alden bestea, are handiagoa, aparkalekuaren atzean. Baina inori ez zaigu ahuakate sail bat jartzea bururatzen. Zergatik? Betikoagatik. Ez delako hemengoa!!! Batzuk kotxeei begiratzen diete, nik zuhaitzei eta landareei”. Eta batez ere ahuakateei. Ainhoak eta gero eta jende gehiagok.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!