Urnietak bat egin du Kirol Txartela Mugiment proiektuarekin

Aiurri 2024ko mai. 9a, 13:34

Jarduera fisikoa egiteko kirol instalazioen eskaintza zabaltzea helburu duen proiektua da Kirol Txartela Mugiment; EAEn bizitza aktiboa sustatzea eta sedentarismoa gutxitzea du xede.

Egun, 200 udalerri inguruk parte hartzen dute programan. Horrela, aurrerantzean, Urnietako kiroldegiko bazkideek ekimen honetako gainerako kirol instalazioek eskaintzen dizkieten zerbitzuak doan erabiltzeko aukera izango dute.

Kirol Txartela Mugiment App-a

Funtzionamendua errazteko, Kirol Txartela Mugiment aplikazioa dago, programari atxikitako udalerri bakoitzak eskaintzen dituen instalazioei, ordutegiei eta kirol zerbitzuei buruzko informazio zehatza lortzeko. Erregistratu ondoren, NANa eta aplikazioaren txartel birtuala soilik aurkeztu beharko dira programan barneraturiko kiroldegietako zerbitzuetan sartzeko.

Urnietarrek beste udalerrietako instalazioak erabili ahal izango dituzten bezala, Urnietako kiroldegiak ere ateak irekiko dizkie proiektuari atxikitako gainerako kirol instalazioetako bazkideei. Zehazki, muskulazio, kardio eta padel pisten guneak erabili ahal izango dituzte, astelehenetik ostiralera, 13:00etatik 15:00etara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!