"Kaleko hizkuntza ezagutzeko parada da Zilegi Astea"

Alba Cabrera Jauregi 2024ko mai. 10a, 09:13

Zilegi Astea antolatu du Urnietako AEK-k, maiatzaren 13tik 16ra bitarte. Doakoa da, baina beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea. Aloña Braceras Izagirre AEK-ko irakaleari elkarrizketa.

Urte osoan Zilegi Eskola martxan egon ondoren, hemen da Zilegi Astea.

Hernanirekin alderatuta, Urnieta, herri gisa, txikiagoa da, hortaz, eskaintza ere murritzagoa izan dugu gurean. Baina, lehengo ikasturtean, parte-hartzeari begira gorakada nabarmena izan genuen, eta, aurten, kopurua mantentzea lortu dugu. Gai-emaileak urnietarrak izan daitezen ahalegintzen gara. Batzuetan, zentzu horretan, hanka motz gelditu ohi gara, saretzea falta zaigu, elkarren berri izateko.

Zilegi Eskola, agian, Urnietan, ez, baina, eskualdean, ibilbide luzeko proiektua da. Laborategi txikia da euskaltegia, eta, Zilegi Eskolaren eta Astearen bitartez, kalera ateratzen ditugu ikasleak, herritarrekin elkartu daitezen, eta ikus dezaten euskaraz makina bat gauza egin daitekeela. Horrela, gainera, hizkuntza-ohiturak aldatzeko aukera da batentzat baino gehiagorentzat. Euskaltegian irakasleak berak euskaraz jarduteko espazioak sortzen ditu. Zilegi batean, askoz naturalagoa da dena. Hori horrela, ahalegintzen gara askotariko mailatara begirako tailerrak antolatzen, teorikoak zein praktikoak.

Oso balorazio positiboa egin zen joan den urteko Zilegi Astean, bai parte-hartzaileen aldetik, bai gai-emaileen aldetik. Astebete hartzen du, baina, atzetik, lan mordoxka dauka. Bada, horri eustea da aurtengo asmoa. Egunerokoan zeharkatzen gaituzten gauzetan euskarak tokia duela erakusten du Zilegi Asteak. Izan ere, hizkuntza ez da gramatika, soilik, hizkuntza komunikaziorako tresna da. Horretara salto egin behar dute ikasleek.

Interesen araberako gaiak landu nahi dituzue Zilegi Astean, euskaraz eta modu parte-hartzailean.

Zilegi Astea egun berberetan antolatzen dugu Astigarragan, Hernanin zein Urnietan. Berez, hiru eskaintzak daude irekita eskualdeko herritar guztientzat, izan ikasle ala ez. Euskaltegitik ateratzen eta Urnietako hainbat txokotara iristen ahalegintzen gara: Plazido Muxika plaza, kiroldegia, Sarobe. Goizari dagokionez, sukaldaritza-tailerra izango dugu, lehenik, asteartean. Aldiz, ostegunean, artisau-kandelak egiteko tailerra antolatu dugu.  Astelehen eguerdian euskal dantza-ikastaroa eskaini dugu eta, asteazkenean, 14:30-16:30 bitartean, toki bat egin diegu bidaiari euskaldunen esperientzien kronikei. Amaitzeko, arratsaldeko txandari erreparatuta, astelehenean astrologiari buruz jardungo gara; asteartean, pentsamendu bisualari eutsiko diogu; asteazkenean, Santa Barbara aldera joko dugu, eskaladan aritzeko, eta, azkenik, ostegunean, txalaparta-ikastaroa izango dugu gurean. Gai-emaileen artean, gehienak urnietarrak izatea ahalegindu gara, nahiz eta guztietan ez lortu. 

Euskara-maila guztiei bideratutako saioak al dira?

Euskaraz izango dira tailer guztiak, goitik behera. Nire ikasleak, esaterako, maila baxuena dutenak dira, eta pratikoagoak diren ikastaroetara animatu ditut, nahiz eta guztia ez ulertu, euskarri bisuala izan dezaten, behintzat: sukaldaritza, kandelak, txalaparta, eskalada... Azken horretan, nork bere kaskoa eman beharko du eta, ahal duenak, oinetakoak.

Euskaltegiko ikasleak ere izan dira maiz gai-emaile Zilegi Eskola egitasmoaren bueltan.

Lehenik eta behin, gure ikasleen motibazioa ezagutzen ahalegintzen gara. Ondoren, beraiek gai-emaile lanetan jartzea bultzatzen ditugu, beren interesa, euskaraz, gainerakoekin partekatu dezaten. Autoen mekanikaren oinarrizko saioa, adibidez, ikasle batek eman zigun. Berarentzat erronka handia izan zen, euskalduntze-prozesuan dagoelako, baina oso ondo egin zuen. Motibagarria izan zen betidanik gaztelaniaz egin duen zerbaitetan euskaraz jardutea.

Herrian, zertan laguntzen du Zilegi Asteak euskal hiztunen komunitatea egonkortzen?

Euskaldunon artean elkar ezagutzeko aukera ematen du Zilegi Asteak. Beharbada, euskalduntze-prozesuan dauden herritarrei euskaraz mintzatzeko espazioak irekitzen zaizkie horrela. Lehen esan bezala, herritarren arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko helburua ere badu Zilegi Asteak.  Pentsatzen dena baino jende gehiagok daki euskaraz herri honetan.

"Hartu eta eman", dio lelo nagusiak. Zer ematen dio herritarrei zuen proposamenak? Eta, kontrara, zer jasotzen du AEK-k herritarrengandik?

Euskaraz, edozein gairen bueltan aritzeko plaza da Zilegi Astea. Euskaltegiarentzat oso motibagarria da ikustea ikasleak beste esparru batzuetan euskaraz aritzen. Oso interesgarria da guretzat. Bestalde, beste euskal hiztun batzuekin komunikatzeko edo egoteko aukera da. Batzuentzat euskaltegia da euskaraz jarduteko herrian duten espazio bakarra, eta irakaslea da beraien erreferentzia bakarra. Kaleko hizkuntza ezagutzeko parada da Zilegi Astea.

Zer egin behar du bertan parte hartu nahi duenak?

Doakoa da, baina, beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Hiru aukera daude. Euskaltegira bertaratzea, telefonora (662 338 747) hots egitea edo helbide elektronikora (zilgieskola@aek.eus) idaztea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!