Urnietarrak aurreko asteburuan murgildu ziren Sagardoaren Lurraldea txapelketan, aldarte guztiz ezberdinarekin. Ansa-Zubiri (Bereziartua sagardotegia) bikoteak 2-1 garaitu zuen Segurola-Larrañaga (Petritegi sagardotegia). Oriamendiren kronikaren arabera, Ansa jokoan sartu zenean partida erabat aldatu zen: “Nagusi izan zen bigarren set-ean, era guztietako tantoak eginez. Hirugarren eta azken joko erabakigarrian Ansak berean jarraitu zuen. Azken bi set-etan 17 tanto egin zituen Ansak”.
Iragan asteburuko jaialdiko azken partidan emozio gutxiago izan zen. Urriza-Martirena (Aburuza sagardotegia) bi set-etan garaile izan ziren, Barrenetxea eta Loitegiren aurka (Oialume zar sagardotegia). Lehen zatian, aldea nabarmena izan zen, eta akatsen ondorioz konfiantza galdu zuten azken biek. Azkenera, “Urrizak agindu zuen, eta ez berak eta ez Martirenak ez zuten akatsik egin. Urriza izan zen partidako erremontistarik onena”.
Ostegun honetan Galarretan joakatuko da jardunaldi berria. Oraingoan, lehia urnietarren artekoa izango da: Ansa II-Zubiri (Bereziartua), Loitegi-Barrenetxearen aurka (Oialume zar).
